2010eko Aberri eguna
Aberri Eguna 2010_ebazpena_eus.PDF
43.0 KB
ELAk lanean dihardu, horretan sinesten baitu, herriaren antolakuntza soziala eta identitate nazionala bera justizia sozialaren eta elkartasunaren inguruko baliotan taxutu daitezen. Hori da bere bokazioa eta askapen nazionaleko prozesuan egin dezakeen ekarpenik bereziena. Sindikatuak bokazio eta ekarpen hori berritu eta areagotu egin nahi ditu. Langile-klasea botere politiko eta ekonomikoen aldetik jasaten ari den erasoa ikusirik, eta espainiar sindikalismoak elkarrizketa sozialaren esparruan estatuaren helburu politiko eta sozialak txertatu nahi dituela jakinik –finantzatzearen truke, eta are besteen ordezkaritza usurpatuz–, ELAk uste du krisia eta beronen eraginei aurre egiteko borroka izan behar dela bere ekintza sindikal, sozial eta politikoaren lehen esparrua.
Borroka nazionalaren ikuspegi estrategikoa ahaztu gabe, emantzipazio beterako prozesuak lehenik aldarrikapen eta lehia politikoan urrats askoz ere apalagoak egin behar ditu. Espainiar estatuaren tradizio demokratiko eskasak eragiten dituen kalte ugariek –gure herriarekiko salbuespen egoera dakartenak– euskal indar demokratikoek orain bertatik hasita ekin beharreko beste hainbat borrokatarako deia egiten digute. Estatu-arrazoiari aurre egitea premiazkoa da.