Euskalgintza sindikalgintzan txertatu
Hitzaurrea
Fernando Iraeta
Manu Robles-Arangiz Institutuko zuzendaria
"Euskalgintza sindikalgintzan txertatu" lemapean hainbat jardunaldi
antolatu genituen iaz. Eta horien artean, hitzaldi sorta bat
ere. Lortu nahi genuen helburua bikoitza zen: Gure ekitaldietan
euskararen erabilpena ziurtatzea eta euskera gaztelera bezain
baliozko dela gauzatzea, alde batetik, eta euskara eta euskalgintzaren
egoera aztertu eta etorkizunari begira hausnarketa egitea, bestetik.
Urteko gure egitasmorako hasieran ezarri genituen bi helburu
horiekin gure baitan euskararen normalizazio bidean aurrera egitea
zen gure asmoa; otsailaren 20an bi horiei hirugarren xede bat gehitu
zitzaien: Egunkaria ixtearekin eta horren ondorioekin kaltetuta
gertatu ziren guztiekiko elkartasuna adieraztea, eta euskalgintzan
diharduten herritar, erakunde eta elkarteen aldeko gure konpromisoa
argi uztea.
Bilbon, Martxelo Otamendiren eskutik "Euskarazko prentsaren
egoera eta geroa" aztertu genuen eta "Kulturaren zurrunbiloan"
murgildu ginen, Jon Sarasuarekin. Bernardo Atxagak hainbat
"Gogoeta hizkuntzari eta kulturari buruz" egin zituen Donostian,
eta "Euskararen aurkako gurutzada"ren berri eman zigun Joan
Mari Torrealdaik Gasteiz eta Iruñan.
Gure artean izan genituen hizlariek "kazetari bat, bertsolari-irakasle
bat, idazle bat eta soziologo bat" ibilbide luzea egin ostean
merezitako ospea dute norbere esparruan. Lauek ere euren hausnarketak
eskaini zizkiguten, eguneroko gure jarduna aberasteko
oso baliagarriak izan direnak.
Liburuxka honetan hizlari bakoitzak helarazi zizkigun ideiak
bildu ditugu. Eskertu nahi diegu, gainera, hitzaldietan esandakoa
testu idatzi bihurtzeko egin duten lana. Interesgarria irizten genion
hitzaldietan izan ginen ehundaka lagunetaz harago jende gehiagori
ezagutaraztea.