DEMAN: Lan erreforma garaitzeko xake partida erraldoia
Indarra ez da ezerezetik sortzen
Garaipen bat garai txarrenean? Ez da posible. “Ez dago ezer egiterik” esaten dutenentzako erantzuna izan daiteke Demaneko adibidea. Oso garai txarretan lortu dutelako garaipen ia borobil bat, multinazional baten aurka, barreiatuta dauden lankideak batzen, Madrilen dena negoziatzeko joerari aurre egiten, beste sindikatuen azpijokoak azaleratuz, beste lantegien beharginen elkartasuna erakartzen... Deman-eko gatazkak gaur egungo borroka sindikalaren osagarri guztiak biltzen ditu, historia eredugarria -eta erakusgai den aldetik erabilgarria oso- sortzeko. Haien ondotik etorriko direnentzako irakaspen baliotsua izanen da, enpresarekiko gatazka batean langileek erabilitako betiko tresnak erabat gaurkotu dituztelako, greba dinamiko bat aurrera eramanez, xake partida erraldoi bat balitz bezala, beti arerioren eraso berriei jokabide berriekin erantzunez, irabazi arte. Erregea erorarazi arte.
Gatazka hasi baino askoz lehenagotik, Deman-eko ia langile guztiak ELAko afiliatuak ziren, 4 bat izan ezik, eta horrek laguntzen du enpresari aurre egiteko indarra nondik datorren ulertzeko. Garai batean, beste enpresa baten pean zeudenean, langileak bozkatu zuten ea guztiak sindikatu bakarrera afiliatu behar zuten ala ez. Baiezkoak irabazi ondoren zein sindikatura afiliatu aukeratu zuten. Prozedura bitxia izan arren, esanahi deigarri bat dakar: guztiok batzen bagara gure ustez den sindikaturik indartsuenarekin (edo zintzoenarekin), askoz errazagoa izanen da gure baldintzei eustea. “Jendeak ezberdin pentsatzen badu ere, azkenik ELArekin bat etorri da, hobeto defendatu zituelakoan edo”, azaltzen du Jaione Zamoranok, Deman-eko langile nafarrak.
Bereizten dituzten gauzak erlatibizatu ondoren, Deman-eko langileria hasi zen bere bidea egiten, eta urteak pasa ahala, Zerbitzuetako hitzarmenak saihestu eta Gipuzkoako Metaleko sektorean sartu ziren. Ez zitzaien nahikoa iruditu, eta Metaleko hitzarmenaren baldintzak hobetzen zituen enpresa hitzarmena sinatu zuten. Horren adibidea da 35 orduko lan astea, besteak beste, baina ezin da pentsatu bide hori erraza izan zenik. Bide horretan, beste greba bati ekin zioten 2005ean, eta agian gatazka haren oihartzuna zabaldu egin zen Euskal Herriko mugetatik harago. “Duela urte batzuetatik hona, Estatu mailan gure enpresaren barruan badaukagu borrokalari sutsuen ospea, ez dakit merezi dugun ala ez, baina egia da hemendik kanpo ia inor ez dela mugitzen”, baieztatzen dute Gipuzkoako Deman-eko delegatuek. Hala ere, urteetako ibilbide zintzo hori froga erabakigarri bati aurre egitear zegoen, haiek jakin gabe...