"Elikadura eskubidea ezin dugu jorratu elikadura burujabetzaz eta agroekologiaz berba egin barik"

2024/06/19
GQWWdlkWsAA8TRD.jpg
"Gure herrian elikadura sistemari erabat bizkarra eman diogu". "Agroindustriak gure planeta berotzen duen bitartean, gure baserritarrek hoztu egiten dute". "Inoiz baino janari gehiago ekoizten ari den momentuan, inoiz baino gose gehiago pairatzen duen jendea dago". "Gure platerera iristerako, elikagaiek, batez beste, 5.000 km egiten dituezte. Gure eguneko menua kilometrikoa da. Euskal Herrian jaten duguna % 95a kanpotik dator". Bizilur Lankidetzarako eta Herrien Garapenerako Erakundeko David Lopategik, ekainaren 14ean Gasteizen, ELA sindikatuaren Gizalan zerbitzu publikoetako ordezkariei eman zien hitzaldia, trantsizio ekosozial justurako sindikatuaren proposamena eta aldarrikapen taula lantzeko antolatu zen mintegian.

Trantsizio ekosoziala saihestezina da, etorriko zaigu, eta ez badugu guk egiten, beste batzuk egingo dute.

Lehenengo sektorean aspaldian trantsizio hori egin zen, baina kontrako zentzuan. Beraz, nik ez dakit lehenengo sektorean trantsizioko soziala egin beharko genukeen edo atzerako bidea.

1950. urtetik, Iraultza berdea deritzon hori martxan jarri zenetik, gure lehenengo sektorearen bilakaera industriala brutala izan da. Horrek ekarri du dozena milaka lanpostuen galera.

Baina zer gertatzen da? Gure herrian elikadura sistemari erabat bizkarra eman diogula. Berdin zaigu orokorrean. Gure gosea asetzen dugun heinean, berdin zaigu nondik datozen gauzak, zer den jaten duguna eta zein inpaktua daukan bai gure herrian zein beste herrietan.

Trantsizio ekosoziala ezin da gauzatu elikadura burujabetza barik, eta ezin da gauzatu elikadura sistema industrial globalizatua indarrean dagoen bitartean. Eta hori horrela da, beroketa globalaren heren bat sistema global agroindustrial honen ardura delako.

Agroindustriak gure planeta berotzen duen bitartean, gure baserritarrek hoztu egiten dute. Bii sistema horiek ezin dute elkar bizi, bata edo bestea. Kontua da ea nola berrantolatzen garen hau guztia aldatzeko momentu batean, non sistema honek dena menpean hartzen duen eta hainbat herrietan, inkluso, gobernuak baldintzatzeko gaitasuna duen. [...]

Inoiz baino janari gehiago ekoizten ari den momentuan, inoiz baino gose gehiago pairatzen duen jendea dago. Gaur egun ari gara ekoizten 10.000 milioi pertsonentzako janaria, eta gaur egun 1.000 milioi pertsonek ez dute nahikoa egunean bere gosea asetzeko. Hau disparate bat da. Guztiok dakigu zenbat janari botatzen dugun.

Horren arrazoia da, sistema honek ez dituela pertsonen beharrak eta pertsonen elikadura beharrak kontuan izaten. Eurentzako ekoizten dituzte elikagaiak edo produktu jangarriak, dirua irabazteko modu bat da, beste batzuek kotxeak edo hozkailuak edo torlojuak ekoizten dituzten bezala. Eta zentzu horretan funtzionatzen du elikadura sistemak.

Beraz, bizitza ez dago erdigunean, pertsonen beharra ez dago erdigunean. Erdigunean dagoena da mozkin ekonomikoak eta irabaziak, eta horren arabera antolatu dute sistema osoa. Horregatik daude elikagaiak edo produktuak munduari buelta ematen. Ez dut gogoratzen nork atera zuen ikerketa, baina gure platerera iristerako, elikagaiek, batez beste, 5.000 km egiten dituezte. Gure eguneko menua da menu kilometrikoa.

Euskal Herrian jaten duguna % 95a kanpotik dator. Ez pentsa hemen bazkaltzen dugunaren oinarria Euskal Herrian ekoitzitako produktuak direnik. Ahaztu hori. Oso menpekoak gara, eta nahiko agerian geratu zen hori pandemia garaian. [...]