(Argitalpena) Grebarako hurbilketa psikosoziala

2024/02/20
fil.jpg
Xavier Minguez Alcaidek (EHUko psikologia saileko irakaslea) grebarako hurbilpen psikosozial bat aurkezten du dokumentu honetan, langile klasearentzat erabilgarri izan dadin, lan-gatazketan bizi diren kontu garrantzitsuak identifikatzeko tresna gisa.

(Dokumentu osoa irakurri edo deskargatu. Paperean eskuratzeko, fundazioa@ela.eus helbidera idatzi)

Gai sindikaletan lan psikosozialarekin jarraitzeko zenbait gogoeta

azala.pngLan munduko psikologia soziala sortu zenetik kapitalaren interesen esanetara dagoen tresna bilakatu da. Eremu akademiko honek ekarpen urria egin die sindikatuei, langile-klaseko espazio diren aldetik. Lan labur honetan zehar greba-ekintza kolektiboaren bidez parte hartze sindikalaren onura psikologiko potentziala nabarmentzen duen zenbait puntu aipatu dugu, ondoez psikologikoa eragin dezakeen hainbat elementu eta ondoez hori arindu dezaketen beste batzuk.

Hain zuzen, beharrezkoa da nabarmentzea greba traumatikoa dela, baina ez zentzu negatiboan, baizik eta pertsonen eta hauen eguneroko bizitzaren funtzionamendu normala hausten duen prozesua den heinean. Gainera, greba-prozesuak desobedientzia ekintza argi bat adierazten du, eta desobeditzeak inplikazio sozial eta psikologiko handiak ditu, berarekin baitakar talde arteko gatazka batean sartzea, ezarrita dagoenari aurre egitea, esperientzia kolektibotik sortzen diren jakintza berriak metatzea eta errealitatea ikusi eta sentitzeko erak aldatzea, edota identitate kolektibo indartsuak eraikitzea injustizia egoeren kontra jotzeko. Grebari esker sistemaren funtzionamendua nolakoa den argiago ikus daiteke, borroka esperientziak duen balioari buruzko sinesmen kolektiboak sortu, lan eremutik harago doazen giza-lotura eta -harremanak ezarri, hauek harreman pertsonal eta politikoak izateraino. Grebaren intentsitate emozionalak esanahia ematen die ikasten denari eta sortzen diren harremanei, eta norbere buruaren ikuskera berriak garatzeko aukera ematen du, kolektibo ahaldundu gisa.

Txanponaren beste aurpegia da gatazka eta polarizazio dinamikak dakarren intentsitate emozional horrek berak ondoez psikologikoa eragin dezakeela. Grebetan sufrimendu egoera ugari gertatzen dira, eta horiei aurre egiteko bitartekoak dituenak arduraz jokatu behar du haiei erantzutean. Psikologia sozialak lan sindikalari eta greba-ekintza kolektiboari ekarpena egin diezaioke, ohiko gai psikosozialetan lankidetza zintzo eta zuzena eskainiz. Esaterako, talde dinamika, erabakiak hartzeko prozesu kolektiboa eta lidergoa; errealitateari buruzko pertzepzio, sineste eta balioen lanketa kolektiborako informazioaren kudeaketa; oinarrizko beharrizan psikologikoak asetzeko estrategien garapena, eta hauek ekintza kolektiborako motibazioarekin lotu; mobilizazio eta politizazio mailan identitate kolektibo indartsuak sortzeko harreman-mekanismoak sortu.

Gainera, jakintza psikologikoa lagungarri izan behar da grebak dakarren ondoeza arintzeko, zuzeneko sostengu eta aholkua emanez, maila indibidual zein kolektiboan.

Euskal Herriko testuinguruan krisi ekonomiko eta politikoa da nagusi; desberdintasuna gero eta handiagoa da, eta gobernu-erregimen historikoak legitimazioa galdu du; lurralde honen ezaugarria lan-gatazkak dira: Europan biztanleko greba gehien egiten den lurraldea da, sindikatuek antolatzeko gaitasuna dute, eta jendarteak protestarako kultura nabarmena du. Aukera politikoek eta baliabideen mobilizazioak bereizten duten testuinguru honetan politizazio eta mobilizazio aldetik langile-identitate indartsuak eratzeko aukerak ugariagoak dira borroka ekonomikoan egiten diren ekintza kolektiboko esperientzia konkretuen bidez. Eremu emankorra da, protestatik eraikitzen diren subjektibotasun kontra-hegemonikoak bultzatzea helburu duen psikologiatik ekarpenak egiteko.

Psikologia Kritikoak dio psikologiaren eginkizuna edozein eremutan eztabaidagai publiko izan behar dela, ez psikologoen artekoa soilik. Horrenbestez, dokumentu labur honekin gonbitea luzatu nahi dugu honako galdera lantzeko elkarrizketarako: Zein eginkizun izan behar du psikologiak lanaren munduan eta langile-klasearen ikuspuntutik?