‘Euskal Errepublikarantz hiru begirada’ solasaldia, irailaren 24ean, ostegunean, Iruñan

2026/09/22
Euskal Errepublika Iruna.png
Liburuaren egile Unai Apaolaza, Amaia Alvarez eta Ainize Butronek "Euskal Errepublikarantz. Estrategia subiranista hauspotzeko gakoak" liburuan landutakoa partekatuko dute irailaren 24ean, ostegunean, Txalapartaren egoitzan, EAEko, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako ikuspegietatik aritzeko

Aurrez Donostian eta Baionan egin bezala, Euskal Errepublikarantz. Estrategia subiranista hauspotzeko gakoak liburuaren harira, Txalaparta argitaltxeak eta Manu Robles-Arangiz Fundazioak solasaldia antolatu dute irailaren 24ean, ostegunean, 18:30ean, Iruñeko Txalapartaren egoitzan (Kale Nagusia, 61-63). Bertan izango dira liburuko hiru egile: Unai Apaolaza Amenabar filoso eta irakaslea, Amaia Alvarez Berastegi UPNAko irakaslea eta Ainize Butron Arana ALDA mugimenduko zuzendaritzako kidea.

Izenburuak agerian uzten duenez, Ipar zein Hego Euskal Herriko ikuspegiak eta esperientziak partekatuko dituzte solasaldian. Izan ere, Unai Apaolazak Hego Euskal Herriko abertzaletasunaren mende erdiko ibilbidea aztertu du, eta bi estrategia abertzale bereizten ditu, biek ere porrot egin dutenak, dioenez; horregatik ondorioztatu du estrategia berri baten falta dagoela. Bestelako ikuspegia du Butronek: estrategia jakin baten emaitza dira Ipar Euskal Herriko abertzaleek lortutako aurrerapausoak, Batera plataformaren eta herri ekimenaren bitartez. Azkenik, Amaia Alvarezek aztertu ditu 2015ean Nafarroako Gobernuan izandako gobernu aldaketak zabaldutako bidea eta Parlamentuan Foru Hobekuntzarako balizko erreformarako batzordearen aukerak eta gabeziak. UPNAko irakasleak dio horietan aurrera egiteko ezinbestekoa dela gizartearen parte hartzea eta aldaketak estatus sozialaren mesedetan izatea, besteak beste. Bada, ikuspegi horiek uztartuko dituzte solasaldian.

Liburuaz: zazpi begirada burujabetzaz

Euskal Errepublikarako bidean, burujabetzan aurrera egiteko norabideak eta gakoak jasotzen ditu liburuak, hain zuzen ere alor sozialeko, akademiako eta sindikalgintzako zazpi egilerekin: aipatutakoez gain, Uzuri Aboitiz Hidalgo (EHUko ikerlaria eta antropologoa), Andrea de Vicente Arias (EHUko irakaslea, Lan Harremanen eta Gizarte Laguntzaren fakultatean), Iñaki Lasagabaster Herrarte (EHUko Administrazio-Zuzenbideko katedraduna) eta Roser Espelt Alba (ELAren Azterketa Bulegoko kidea). Norbere esparrutik, burujabetzei buruz hausnartzen dute egileek.

  • Zer: ‘Euskal Errepublikarantz hiru begirada’ solasaldia
  • Non: Iruñeko Txalapartaren egoitzan (Kale Nagusia 61-63)
  • Noiz: 2026ko irailaren 24ean, ostegunean