AHT: Pradales Ipar Euskal Herriko gehiengoaren kontra

2025/12/03
Argazkia: Irekia
Argazkia: Irekia
Nola uler daiteke, euskal erakunde batean lehendakari denak eta Euskal Herria bere osotasunean aitortzen duen proiektu politiko batek, Euskal Herriko lurralde batean, berriki lortu diren autogobernu tresnak erabiliz eta erabateko gehiengoz, hartu den erabaki baten aurka joateko Euskal Herritik kanpoko hautetsi eta arduradunekin aliantza egin nahi izatea, Frantziako gobernuari AHTaren proiektua inposatzea eskatzeraino?

 

Xabi Irastorza, Manu Robles-Arangiz Fundazioa

Ipar Euskal Herriko Hiri Elkargoko hautetsiek argi hitz egin zuten: 158 ordezkaritatik 144 AHTaren bide berriaren aurka dago, %80tik gora, alegia. Ez da arinkeriaz harturiko erabaki politikoa. Hamarkadetan landutako dokumentuetan, ingurumenaren, lurzoruaren, etxebizitzaren eta ekonomiaren gaineko txostenen azterketan eta lurraldeko herritarren eta jendarte antolatuaren kezkak eta beharren azterketan oinarrituriko erabakia da. Eta ondorioa bateratua izan da: AHTaren bide berria ez da beharrezkoa, ez da egokia, eta ez da onuragarria, eta bere bideragarritasun eta errentagarritasun ekonomikoak ere zalantza sakonak sortzen ditu.

Hautetsiek, ordea, ez dute trenaren aurka egin. Are gehiago, Bordele–Irun trenbidearen modernizazioa defendatzen dute, gaur egungo beharrei eraginkortasunez eta ingurumen-inpaktu txikiagoarekin erantzuten dielako. Aditu ugariren iritziek ere ikuespegi hau babestu dute.

Bizi! eta CADE elkarteek urteak daramatzate ohartarazten AHTaren egitasmoak ingurumenari kalte larriak ekarriko dizkiola: natura guneen suntsiketa, lur okupazio masiboa eta CO₂ emisio altuak. Azpiegitura erraldoiek dakartzaten ondorioak ez dira bigarren mailakoak, proiektuaren parte dira.

Horri gehitu behar zaio, hainbat hautetsik eta gizarte eragilek aitortu moduan, etxebizitzaren prezioaren igoera areagotzeko arriskua. Beste lurraldeetan bezala, abiadura handiko mugikortasun ereduak espekulazio urbanistikoa eta garapen desorekatu eta jasangaitza bizkortzen ditu, tokiko komunitateak ahulduz eta lurraldearen egitura aldatuz. Ipar Euskal Herrian dagoeneko larria den arazo soziala sakontzeko arriskua dago.

Beraz, ez dago justifikazio teknikorik, ekonomikorik edo sozialik Ipar Euskal Herrian AHTarentzat ibilbide berri bat egiteko. Azken 30 urteetan oposizio zabala egon da, eta 2021etik hautetsien %80k berretsi du.

Testuinguru honetan, eskandalarria iruditzen zait eta ikuspegi abertzale eta demokratiko batetik onartezina, EAJk eta Eusko Jaurlaritzak azken urteotan hartu duten jarrera. Iñigo Urkulluk lehenik eta Imanol Pradalesek orain, behin eta berriro eskatu dute AHTa eta Ipar Euskal Herriko lotura lehenbailehen egitea, lurraldeko hautetsien, eragile sozialen eta herritarren gehiengo zabalaren aurka.

Ez da iritzi desadostasun hutsa. Arazoa da Euskal Herriko lurralde bateko erakundeek, beste lurralde bateko eragile politiko, sozial eta ekologistek demokratikoki landu, hausnartu eta erabaki dutenaren aurkako presio instituzionala egiten ari direla. Horrela egin dute bai Urkulluk iraganean baita Pradalesek ere orain Akitania Berriko presidente Alain Roussetekin, Europako korridore atlantikoko koordinatzaile François Bauschekin eta garraiorako komisario Apostolos Tzitzikostasekin aliantza politikoak ehunduz Ipar Euskal Herriko erakunde eta herritarrek erabakitakoaren gainetik beraien nahia eta interesak inposatzeko.

Ikuspegi abertzale batetik bereziki larria da. Nola uler daiteke, euskal erakunde batean lehendakari denak eta Euskal Herria bere osotasunean aitortzen duen proiektu politiko batek, Euskal Herriko lurralde batean, berriki lortu diren autogobernu tresnak erabiliz eta erabateko gehiengoz, hartu den erabaki baten aurka joateko Euskal Herritik kanpoko hautetsi eta arduradunekin aliantza egin nahi izatea, Frantziako gobernuari AHTaren proiektua inposatzea eskatzeraino?

AHTaren inguruko eztabaidak garapen eredua, iraunkortasuna, instituzioen arteko errespetua eta demokraziaren beraren funtzionamendua jartzen ditu mahai gainean. Lurralde bateko herritarrek eta hautetsiek beren errealitatean eta beharrizanetan oinarrituta hartutako erabakia errespetatzea da oinarrizko arau demokratikoa. Kontrakoa egiteak instituzio arteko konfiantza ahultzen du eta lurralde arteko harremanak kaltetzen ditu. Ez da bidezkoa, ez politikoki, ez etikoki, eta eraikuntza nazionalaren ikuspegitik hanka sartze larria da Euskal Herriko lurralde eta instituzio bateko agintariek beste lurralde eta instituzio bateko hautetsi eta herritarren borondatea inposizioaren bidez neutralizatzeko ahaleginik egitea.

Euskal Herri osoak merezi du erabakimena eta bere erabakien errespetua. Lurralde batek nahi ez duen proiektu bat kanpotik inposatzea ez da elkarlana, ez integrazioa, eta ez du loturarik nazio eraikuntzarekin; alderantziz, haustura eta mesfidantza sortzen ditu.

Egungo eta etorkizuneko garraio eredua eztabaidatu behar da. Klima larrialdia, mugikortasun jasangarria eta lurralde kohesioaren erronkak benetako eztabaida sakonak eskatzen dituzte. Nik argi dut nire iritzia. Baina edozein delarik ere, onartezina da norberaren ikuspegi, nahi eta interesak aurrera ateratzeko inposizioa edota herritarren ahotsa isilarazten saiatzea, are gehiago, herritarren ordezkari eta agintarien eskutik.

Ipar Euskal Herriak bere iritzia argi adierazi du: ez du AHTaren bide berririk nahi. Alternatiba ere plazaratu du: egungo trenbidearen modernizazioa. Horregatik, EAEko lehendakari jauna, errespeta ezazu landu, hausnartu eta demokratikoki erabaki dutena eta errespeta itzazu Euskal Herriko instituzioak eta hauek erabakitzen dutena.

Auzia ez da AHT bakarrik; demokrazia nola ulertzen dugun dago jokoan. Eta hemen, Ipar Euskal Herriak lezio eredugarria eman du: herritarrak, gizarte eragileak, gizarte antolatua entzun ditu eta erabateko gehiengoz lurraldearen beharrak eta ingurumenaren defentsa lehenetsi ditu. Nahiko nuke beste instituzio batzuek ere gauza bera egingo baluke edo behintzat eragile sozialen, gizarte antolatuaren eta herritarren iritzia entzuteko prest agertuko balira, sikiera.