Aitortza eta aldarrikapena
Gorka Quebedo, ELAko komunikazio arloa (artikulu hau Landeian argitaratu da)
80 urte geroago, ELAk urte latz horietan horrenbeste sufritu zuten sindikatuko kideak omendu nahi ditu. Uztailaren 18an sindikatuko kide eta militante Joxeangel Ulazia Beristainen (Mutriku, 1957) No pudieron romper el cerco. Crímenes y represión franquista contra ELA liburua aurkeztu zen.
“Berandu dator liburua”, aitortzen du Ulaziak. “Liburua ELAko kide izate hutsagatik errepresioa sufritu zuten guzti horiekin geneukan zorra kitatzera dator, ahal dugun neurrian noski. Liburua aitortza eta aldarrikapen izatea nahiko nuke”.
Errepresioagatik Hego Euskal Herritik ihes egin behar izan zuten lagunen inguruan ere datuak oso adierazgarriak dira, 2.000 fitxatik gora jaso ditugu
Argi dago helburua lortu duela. Izugarrizko dokumentazio lana dago liburu honen atzean, urte askotako lana. Egileak aipatzen duen bezala, “errepresioak bide ezberdinak hartu zituen. Fusilatutako lagunak egon ziren, heriotza-zigorrera zigortu zituztenak, kartzelan egon zirenak, erbestera joan behar izan zirenak... Edo, besterik gabe, ELAko kide zirelako lantokietatik kaleratu zituztenak”.
Liburuak kasu horiek guztiak biltzeko asmoa du, banan-banan, izen eta abizenekin. “ELAri dagokionez datuak oso adierazgarriak dira. Izen abizenekin jaso ahal izan ditugu erailak, atxilotuak edo erbestera joan behar izan zuten lagunak. Zenbakien atzean pertsonak daude, izugarri sufritu duten lagunak. Matxinatuek fusilatu zuten sindikatuko afiliatuen kopurua guztiz dramatikoa da. Kasu guztiak jasotzen dira, banan-banan. 120 lagunez mintzo gara. Errepresioagatik Hego Euskal Herritik ihes egin behar izan zuten lagunen inguruan ere datuak oso adierazgarriak dira, 2.000 fitxatik gora jaso ditugu. ELAk muga igarotzen zuten afiliatuen fitxak eta datuak jasotzeko ahalegin handia egin zuen. Lan horrek helburu bat zuen: erbestean zeuden pertsona guzti horiek elkarrekin mantentzea eta euren artean ez urruntzea. Horren testuinguru zailean garrantzia handia ematen zitzaion sindikatuaren batasuna mantentzeari”.
ELAk 105 urte bete ditu. Uztailaren 24an bete zituen. Sorreratik hamaika oztopo gainditu behar izan ditu. Baina beti egin du aurrera, egoerarik makurrenetan ere, Euskal Herriko sindikaturik handiena bihurtzeraino. Eta hau soilik posible izan da proiektu honetan sinistu izan duten pertsona guzti horien ekarpenagatik. Zalantzarik gabe Joxeangel Ulazia Beristainen lan bikain hau pertsona horiek merezi duten omenaldia da. Biba zuek.