"Alternatiba: alternatiben herrixka" Nikolas Goñi (Bizi!)
Nikolas Goñi, Bizi! mugimenduko kidea. (Artikuku hau 20. Ingurumen Buletinetik aterata dago)
“Azaldu nahi ditugu konponbide sozial bidezkoak, ziurrak, baliabide gutxi kontsumitzen dituztenak, ondorio kaltegarririk ez dituzten konponbideak, eta teknika sinple eta edonork menpera ditzakeenak. Eta honen ildotik bultzatu genuen “Alternatiba” iniziatiba, alternatiben herrixka. Honen edizio bat izan zen 2010ean eta edizio handiago bat pasa den urriaren 6an Baionan. Alternatiben herrixka honek hiru xede ditu, hiru gauza nahasten ditu. Alternatiba konkretuen feria da eta bertan ezagutarazten dira garraio modu alternatiboak, ekoetxegintza eta nola egin hau norbere etxeetan, eguneroko produktuak nola bakoitzak sortu,...
"Azaldu nahi ditugu konponbide sozial bidezkoak, ziurrak, baliabide gutxi kontsumitzen dituztenak, ondorio kaltegarririk ez dituzten konponbideak, eta teknika sinple eta edonork menpera ditzakeenak"
Alternatiba konkretu guztiak arlo guztietan (garraio, nekazaritza,...) bertan aurkeztuak dira. Aldi berean, unibertsitate herrikoi bat egiten da hirian bertan eta elkartzen dira klimatologo edo aditu ezberdinak zientzia modu ulergarrian azaltzen dutenak hirian bertan. Eta bada baita ere jai herrikoi bat, ez da bakarrik eszenario beltz eta beldurgarriak kontatzeko.(...). Konponbidea ez da tristea, ez da gogoz kontrako murrizketa. Ez da “Nahi nuke kontsumitu baina murriztuko dut” pentsatuz eta sufrituz eraikitzen, elkarlanean eta egiten dena gozatuz egiten da. Jakinarazi nahi da jadanik existitzen diren alternatiba guzti horiek gaurtik hasi daitezkeela kliman eragiten eta konponbide hauek mundu gozagarriago bat eraikitzen dutela justizia soziala hobetuz.
Hiru helburu ditugu. Azaldu nahi dugu klima aldaketaren erronkari aurre egiteko konponbideak behetik datozela, ez aditu eta gobernuetatik bakarrik, eta gutariko bakoitzaren esku daudela, elkarteen esku, udaletxeen esku,... Eskala txikian eta tokiko mailan konponbide asko daude. Baionakoa eginez gero, gure helburua zen Alternatiba biderkatzea, deialdi bat egin genuen beste 10, 100 edo 1000 Alternatiba antolatzeko eta horrek COP21 gailurrean eragin handiagoa izateko, eta erakusteko gizartea klimaren arazoaz jabetu dela eta gobernuen partetik erantzunkizun baten zain gaudela.(...)
"Ez da “Nahi nuke kontsumitu baina murriztuko dut” pentsatuz eta sufrituz eraikitzen, elkarlanean eta egiten dena gozatuz egiten da"
Lortu genuen 10.000 pertsona biltzea Baionan 2013ko urriaren 6an. (...). Baziren azoka, hainbat hitzaldi unibertsitatean, eta karpa handi bat. Karpa horretan bukatu zen ekitaldia eta deialdi berezi bat bota genuen beste 10, 100 edo 1.000 Alternatiben herrixka sortzeko Europan eta mundu mailan. Lehen erronka gainditua izan zen, lortu genuen 12.000 pertsona biltzea klima aldaketa murrizteko ekitaldi batean eta esan behar da 2009tik lehen aldia izan zela. Copenhageko gailurraren ondotik nola jende asko desanimatu zen eta motibazioa galdu zuen kliman eragina izateko, eta borroka hori bukatutzat eman zuten. Itxaropena galdu zuten militante eta elkarte asko, hori ikusiz, berriz animatu ziren eta gaur egun Europa mailan 40 Alternatiba antolatzen ari dira eta gehiago espero dira datozen hilabeteetan frantses estatu osoan, baita ere Suizan, Belgikan, Austrian, Errumanian, eta Tahitiraino ere, Pazifikoraino, heldu da.
"Klima aldaketari aurre egitea behetik dator, denon esku dago eta tokiko konponbideak sortzen dira"
COP21 gailurrari begira sorturiko plataforma batean jatorri ezberdineko 70 erakunde gaude, sindikatuak daude, gobernuz kanpoko erakundeak, etab. Jatorri ezberdineko erakundeak bilduak izan dira eta helburuak dira negoziaketetan eragitea, erakutsi gizarte zibila arazo horretaz jabetu dela eta erantzukizun bat espero duela. Aldi berean, iritzi publikoari dei egin eta ulertu arazi klimaren aldaketa arazoa dela eta arazoa konpontzeko dauden soluzio guztiak, eta mobilizazio hori beste tokiko borroka konkretuekin lotu. (...).
"Klimaren arazoa oso aukera ona da beste arazo batzuei oihartzun gehiago emateko, klimaren gaia izango ez balitz beste arazo horiek oihartzun gutxiago izango lukete"
Klimaren arazoa oso aukera ona da beste arazo batzuei oihartzun gehiago emateko, klimaren gaia izango ez balitz beste arazo horiek oihartzun gutxiago izango lukete. Adibidez lan denboraren murrizketa eta banaketa, honek zerikusia du ekoizten denarekin, ekoizteko erabiltzen diren baliabideekin, ekoizteko sortzen den kutsadurarekin eta hori dena murrizteak klima babesten laguntzen du, neurri soziala izateaz gain. Neurri soziala eta neurri ekologikoa uztartzen ditu, enplegu berdeek bezala. Ekonomiaren eraldatze edo birmoldatze ekologikoan, energia gutxiago erabiltzeko azpiegitura horiek eraikitzeko behar diren lanpostuak ere, aukera ona dira lanpostuak sortzeko eta energia gutxiago xahutzeko. (...).
"Baliabideen gehiegizko ustiapena ere lotuta dago aberastasun banaketa desorekatu batekin"
Baliabideen gehiegizko ustiapena ere lotuta dago aberastasun banaketa desorekatu batekin eta aberatsenek bultzatzen dute eredu berezi hau, eredu oso kontsumitzaile bat, eta eredu hori gizarte osoari inposatzen diote: diru gutxi duen jendea aberatsentzako produktuekin ekipatzea bultzatzen dute, hiri handien artean azkar mugitu nahi dutenez abiadura handiko trenak bultzatzen dituzte, gustuko dituzte naturan galdurik dauden etxe handiak eta energia asko kontsumitu eta ekosistemak kaltetzen dituen hirigintza bultzatzen dute. Klima aldaketa aberastasun banaketa eredu zehatz batetik datorrela ulertu behar da. (...).
"Burujabetza da beste gai bat Alternatiban garatzen ari garena"
Burujabetza da beste gai bat Alternatiban garatzen ari garena. Burujabetza aldarrikatzen duten alderdi batzuk ikusi ditugu Europako hauteskundeetan, alderdi horiek mundializazioari beldurra oso ongi erabiltzen dute baina eredu oso autoritario, muga zale eta xenofobo batean. Frantzian ikusi dugu Front National nola hedatu den, antzeko alderdiak daude baita ere Austrian, Holandan, Finlandian, Danimarkan, ... Badago horrelako alderdien igoera bat eta mundializazioari beldurra erabiltzen dute haien moduko burujabetza bat aldarrikatzeko. Baina benetako burujabetzak uztartzearekin bat egiten du, eta nazioarteko uztartzearekin ere. Klima aldaketari aurre egitea behetik dator, denon esku dago eta tokiko konponbideak sortzen dira erakutsiz arlo guztietan egiazko burujabetza, burujabetza materiala indartzen dela, bai elikaduran, bai energian, etxegintzan,... (...).
Konponbide horiek oso baliagarriak izango zaizkigu, nahiz eta COP21 gailurrak porrot egin. Porrot egiten badu mobilizazioak jarraitu beharko du aurkezten diren konponbideek erresilientzia garatzen dutelako. Erresilientzia, sistema batek krisi bat edo gertakari larri bat bizi ondotik berriz konpondu eta berpizteko gaitasuna da. (...). Gailur honek porrot egiten badu eta klima gehiago desorekatzen bada beharrezkoak izango zaizkigu konponbide erresilienteak klimaren gertakari meteorologiko estremoei aurre egiteko eta klima desorekatu horretan bizirauteko. Hau da mezu nagusiena, Alternatiben herrixkak nahiz eta egun batekoak izan alternatiba iraunkorrak sortzen eta garatzen dituzte.”
Hemen ikus dezakezue hitzaldiaren bideoa eta erabilitako diapositiba aurkezpena.