Alternatiben Herrixka Donostian

2015/03/18
AlternatibaDonostiaKartelaTxiki.jpg
2013an Baionan abiatu zen Alternatiba ekimena Europan zabaltzen ari da, eta hamarnaka Alternatiba desberdin ospatuko dira abenduko COP-21 aurretik. Euskal Herrian ere ospatuko dugu Alternatiba eguna Urriaren 24an EHko Eskubide Sozialen Kartaren eskutik, Bilbon. Aktibitate hau guztia animatzeko Bizi! mugimenduak Alternatiba Itzulia antolatu du ekainaren 5etik irailaren 26ra, Baionatik Pariserat. Ekainaren 5ean Itzulia Donostiara helduko dela aprobetxatuz, alternatiben herrixka txiki bat antolatuko dugu ere Donostian.

Saretuz-en webgunetik hartua

ALTERNATIBEN HERRIXKA DONOSTIAN

EKAINAK 5 ETA 6

Antiguan

Zer da Alternatiben herrixka?

Alternatiben herrixka, klima aldaketari aurre egiteko egiazko aukera indibidual, kolektibo, lurralde eta sistema mailakoen herrixka bat da. Hiru dira helburu nagusiak:

  • Larrialdi klimatiko egoeraren mezua zabaltzea. Publiko zabalak eta hautetsiek modu laster eta erradikalean gure berotegi efektuko gasen gutxitzearen beharraz sentsibilizatzea, eta nazioarteko akordio anbiziotsu, eraginkor, beharrezko eta zuzenik ez izatearen ondorio larriei buruz dei egitea;
  • Mobilizazioa. Desafio klimatikoaren larritasun eta garrantziak sor ditzakeen ezintasun, suntsipen sentimendu efektuei eta eragin dezaketen desmobilizazioari aurre egitea, aterabideak badirela, gure eskumen eta eskubide direla eta enplegu, atsegin iturri eta jendarte zoriontsuago eta gizatiarrago baten ekarle direla erakutsiz;
  • Deialdia. Klimaren mekanismoen behin betiko desorekatze larria saihesteko ezinbestekoak diren trantsizio soziala, energetikoa eta ekologikoa lehenbailehen abiatzera deitzea.

Zergatik egin Alternatiba Herrixka Donostian?

5.000 kilometroko bizikleta martxa batekin, Bizi! mugimenduak bestelako mundua posible dela aldarrikatuko du uda honetan, ekainaren 5ean Baionatik irten eta irailaren 26ean Parisera heltzeko, tartean Eropako 6 estatu zeharkatuz. Baionatik atera eta lehengo geldi unea Donostia izango da ekainak 5ean. Bizikleta martxa honekin bat eginez, Alternatiben Herrixka Donostian eraikitzeko aukera aprobetxatu nahi izan dugu, bide batez urriak 24an Bilbon ospatuko den Euskal Herri mailako Alternatiba berotuz.

Donostiako Alternatiben Herrixkak  ondorengo helburuak ditu:

  • Kolektibo desberdinen arteko elkar ezagutza eta elkarlanaren bitartez, egunaren antolaketa aurrera eramatea eta etorkizunerako sinergiak sortzea.
  • Egunaren helburua: Gaur egun beste era batera bizitzeko ematen ari diren aukeren topagune bat sortu eta aukerak hauek gizarteratzea, beste eredu bat ezagutu, esperimentatu eta eraiki daitekeela zabalduz.

Ze itxura izango du?

Gaiak duen larritasun eta garrantzia alde batera utzi Gabe, ekimena jai giroan burutzea da gure nahia. Zehaztasunak erabakitzeke badaude ere, bere egitura orokorra bi zatitan banatuko da:

  • Ekainak 5: Ekainak 5ean  alternatiba bizikleta martxa iritsiko da Antiguara eta honi ongietorria egiteko hainbat ekintza antolatuko dira: festa giroa, mahai ingurua, txotxongiloa…
  • Ekainak 6: Alternatiba Herrixka festa egingo da Antiguan.  Matia kalea ardatz bezala hartuz, ekintza burutuko dira txoko eta plaza desberdinetan: hitzaldiak, artisau azoka, haurrentzako ekintzak, musika, eragile azoka, tailerrak, erakusketak…

 

Nork eta nola har dezake parte?

Hasieratik Donostiako herri eragileen arteko elkarlana eta parte-hartzea sustatuz, inplikazio maila desberdinean parte hartu nahi duen edozein norbanako edo eragileri guztiz irekita dagoen proiektua da.

2014ko azaroan hasita, Donostiako hurrengo herri eragileen artean antolatzen eta eraikitzen ari gara Alternatiben Herrixka Donostian eta orain arte ondorengo eragileek artu dugu parte maila desberdinetan: Aingura Kofradia, Antiguaotarrak kontsumo taldea, Argituz, Banda Bat, BasHerri, Cristina Enea, Ekoliderrak, Emaus, Saretuz, Goiener, Gutun soziala, Mugarik Gabe, Surfrider, Me cambio, Gabiltza, Auzoenea Jantoki Herrikoia, Txantxarreka Gaztetxea, Zero  Zabor, Bubatis .. .

Parte hartze maila eta hartzen diren konpromisoak talde edo norbanako bakoitzaren aukera, gogo eta denboraren arabeherakoak izango dira. Egunean bertan ekintzetan parte hartzetik antolaketan burubelarri sartzera eragile edo norbanako bezainbeste aukera bai daude: ekintzaren bat antolatu (tailerrak, ikuskizunak, hitzaldiak,…), baliabideren bat eskaini, dinamizazioa, hitzaldia eman, egunean boluntario…

ANIMATZEN AL ZARETE ALTERNATIBEN HERRIXKAREN PARTE IZATERA?

Inongo konpromisorik gabe jarri gurekin harremanetan:

Emaila: alternatibenherrixkadonostia@gmail.com

Parte hartzeko inkesta, klik egin eta parte hartu!!!

Informazio gehiagorako:

https://www.facebook.com/pages/Alternatiben-Herrixka-Donostia/

https://twitter.com/AlterHerriDonos