Amaia Muñoa: autodeterminazio prozesua, eskubidea bera bezain garrantzitsua

2014/10/28
Amaia Muñoak, ELAko Idazkari Nagusiaren albokoak, azaroaren 1an, Baionan, larunbatarekin iraganen den "Burujabetza Estatu guzietan" hitzaldi-eztabaidan parte hartuko du. "Prozesu subiranista justizia sozialeko eta aberastasunaren banaketari buruzko osagaiekin lotzearen garrantzia" azpimarratzen du Enbata.info-ren galderei ekartzen dizkien erantzunetan.


Amaia_MuñoaZer da, edo nola formulatzen du ELAk, autodeterminazio prozesu bat?

Ziurrenik gai honi ikuspuntu askotatik heltzeko aukera dago. Baina euskal sindikatu garen aldetik guretzat prozesua eskubidea bera bezain garrantzitsua da, edo agian garrantzi handiagoa du. Egia da autodeterminazioa eskubide bat dela, baina eskubide hori ez dute aitortzen ez Espainiako, ez Frantziako antolamendu konstituzionalek. Are gehiago, estatu hauentzat ez da aukera politiko bat. Eta hau hala bada, funtsezkoa “prozesua” da, hots, eskubide hori izatez irabazteko jarraitu beharreko bidea.

Zein da bide hori?

Nire ustez, bide horrek hiru oinarri ditu: kontzientzia hartzea, mobilizazioaren dimentsioa eta eskubide hori zinez gauzatzeko aukera. Kontzientzia hartzeari buruz, Hego Euskal Herriak frankismotik hona autogobernu ibilbide bat egin du. Autogobernuak trantsizio politiko garaian abertzaleen arteko desadostasuna ekarri zuen: Batzuk Estatutuak eta Konstituzioak mugatutako markoa onartu egin zuten, eta besteek, aldiz, arbuiatu.

Alabaina, orain ikusten dugunez, autogobernuak hamarkadetako blokeo eta murrizteak jasan ditu. Batetik, Estatutuan eta Foruaren Hobekuntzan aurreikusitako eskumen guztiak ez dira jaso; bestetik, estatua berzentralizatzeko inboluzioan tematuta dabil, gure esku zeuden botereak ere kenduaz. Zer gertatzen zaigu egun? Orain arte gure gain zeuden gai konkretuei buruz ere ezin dugula erabaki, esaterako, hezkuntza eredua, aurrekontuak edota langileen prestakuntza eredua; hiru adibide besterik ez dira. Beraz, hortik uste sendo bat sortu eta hedatzen da: gai horiei buruz erabakirik hartu ezin badugu; eragiten digunaren jabe ez bagara, inboluzio horren ondorioz gure herriarenak egin du. Horregatik uste dut orain dela bi hamarkadatik hona erabakitzeko eskubidearen kontzientziak euskal jendartean gero eta aldeko gehiago duela, ibiltzeko bide luzea geratzen den arren.

Mobilizazioaren eta aukeren kontua ere aipatu duzu. Zertaz ari zara?

Gogoratu dut diktadura ondoko trantsizioan abertzaleen artean zer zatiketa gertatu zen. Hegoaldeko bi familia politikoek banatuta egin dute bidea azken berrogei urtean, gure herriari dagozkion gai partzialetan eta oinarrizko kontuetan ere bateratu gabe. Aldentze hori oraindik bizirik dago egun: ez dago oinarrizko akordio bat auzi nazionalari buruz, eta lehentasuna nazionalismoaren baitan hegemonia lortzeko lehia da.
Zer esan nahi dut horrekin? Ez dela mobilizazio bateraturik artikulatu gure eskubide nazionalen alde. Areagotu egin dira polarizazioa, espazioak bereganatzeko norgehiagoka eta unibertso abertzalea diziplinatzeko asmoa, eta ez dago beharrezko litzatekeen akordiorik aurrera egiteko, jendea mobilizatzeko, minimo batzuri buruz ados jartzeko.

Hain zuzen, Gure Esku Dago ekimenaren dinamikak oxigenoa eman digu. Hastapenetan badago ere, debate politikoaren erdian printzipio demokratiko bat kokatzen lagundu du, erabakitzeko eskubidea, eta gu honekin bat gatoz. Hau azkartzen bada eta inteligentzia politikoz aurrera eramaten bada litekeena da zerbait berria sortzeko abiapuntua izatea. Hala nahi dugu, bederen.

Zer diozu aukerez?

Bada, duela zenbait urte espero ez zitekeen bezalako egoera batean gaude. Barnean, alde batetik, gure autogobernua oso ahula delako kontzientzia handiagoa da; horrekin batera, ETAk borroka armatua bertan behera uzteko hartu duen erabaki historikoa. Espainiar estatuan, berriz, trantsizio politikoa frankismoarekin hautsi gabe egituratzeko baliatu ziren oinarriak gainbehera datoz: bipartidismoa krisi gogorrean sartuta dago; ustelkeria sistema instituzional guztian hedatuta dago, alderdi, sindikatu, armada dela ere… Krisi garaian hartutako shock politikak Espainiako herri guztiak zeharo pobretzen ari dira . Nazioarteko mailan, aldiz, Katalunia eta Eskozia hor ditugu.

Oso era sinplean azaltzearren, Katalunian bi gauza nabarmenduko nituzke: batetik, jendarte mobilizatuak alderdi batzuk inork espero ez zituen punturaino eraman ditu; bestetik, erabakitzeko eskubidea sozializatzeko urte luzetako lanari esker gaur nazionalista ez diren ehunda milaka pertsonak independentziaren alde egin dute.

Eskozian, askapen nazionaleko prozesua -oraingoz gelditu dena-, debatean eta erabakitzerakoan guztien gainetik eredu soziala gailendu da: babes soziala, osasun-sistema, pentsioak, irakaskuntza, etab. Ikuspuntu sindikaletik hau oso interesgarria da, gure posizioa indartzen baitu: klase xeheentzako eredu sozial justu eta erakargarriaren defentsa prozesu subiranista baterako indargune bat da. Gazte ingeles batek unibertsitate publikoan ikasturtea 10.000 euro ordaindu behar du; eskoziarrarentzat, aldiz, dohainik da. Jendea laboristengandik urrundu egin da, toryen politika neoliberal bera egiten baitute; horrek SNPri urte gutxitan aukera eman dio jendartean zuen babesa handitzeko. Gu ziur gaude identitate nazionala ez dagoela soilik hizkuntzarekin edo kulturarekin lotuta; identitate horretan ere jaso behar dira solidaritate eta justizia sozialeko balioak.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazioa bultzatzeko gai bagara; polarizatzea auzi sozialerako eta hauteskundeetarako uzten badugu; herritarrei egungo autogobernuaren ahulezia eta arazoak helaraztea lortzen badugu, eta prozesu subiranista justizia sozialeko eta aberastasunaren banaketari buruzko osagaiekin lotzen badugu, mugimendu azkar eta handi bat antolatu ahal izango dugu.