Antikapitalismoa eta krisi ekologikoa
Elikadura Burujabetza liburuxkatik hartua
Krisi ekologikoa ezin da banandu bera eragin duen sistema ekonomiko eta sozialetik. Horregatik, krisi ekologikoari aurre egiteko, klima salbatzeko, oraingo ekoizpen-, banaketa- eta kontsumo-eredu kapitalistaren bihotzeraino irits daitezkeen politikak behar ditugu, ukitu kosmetiko soilak egiteko politikak barik. Ildo horretan, krisi ekologikoak eta klima-aldaketak klima-justiziaren eta gizarte-justiziaren aldeko borrokan elkartu, kapitalismo berdearen eta berniz ekologikoaren gezurretatik ihes egin eta gizarte-politika liberaletara jo beharra dakarte.
Kapitalismo berdeak, klima-aldaketaren lasterketan parte hartu nahian, gizartearen eta ingurumenaren kontrako inpaktu handiagoak ekarriko dituzten hainbat irtenbide teknologiko eskaintzen ditu: energia nuklearra, atmosferako karbonoa atxiki eta biltegiratzea, bioerregaiak,... Horiek guztiak gezurrezko irtenbideak dira, oraingo egoerara ekarri gaituzten egiturazko zioak ezkutatu eta krisiaz negozioa egitea bilatzen dutenak.
Kapitalismoak ezin dio aurre egin berak sortutako krisi ekologiko orokorrari. Bere logikak, ahalik eta etekinik handiena bilatzean eta etengabe zabaltzeko beharrizanean datzanak, izadiaren orekaren aurka jotzen du. Kapitalaren eta politika kudeatzailearen berezkoak diren epe laburrerako mozkinek eta hauteskunde-taktikek talka egiten dute gizateria, bizia eta izadiaren oreka epe luzera babesteko aukeraren kontra.
Hortaz, antikapitalismoa eta justizia ekologiko zein klimatikoa elkarloturik azaltzen zaizkigu. Oraingo eredu ekonomikoa eraisteko edozein asmo estrategia okerrean ibiliko da, krisi ekologikoaren garrantzia aintzat hartzen ez badu. Eta kapitalismoaren kontrako joerarik ez duen ikuspegi ekologista oro, halaber, porrotera joango da ezinbestez: aurpegia garbitzeko politiken koartada bihurtuko da, arazoaren gainazalean geldituko da eta marketing berdearen mesederako tresna izatera ere heldu daiteke.
Sindikalismoaren eta ekologismoaren arteko itunak funtsezko estrategiaren atal dira orain. Sindikatuen erronka ikuspuntu ekologista euren eguneroko jardueran, euren ikuspegi orokorrean eta munduaz duten ikusmoldean sartzea da. Alderantziz ere, mugimendu ekologistak bere egin behar du gizarte-justiziaren eta gizarte- eta lan-eskubideen defentsa.
Ikuspegi ekologistarik gabe lanpostuen defentsan baino ez diharduen sindikalismoa ez da irtenbidea. Ez eta gizarte-ikuspegirik ez duen ekologismoa ere. Klima-aldaketaren aurka, adibidez, gizarte-oinarri sendoa eta gizarte- eta klima-justizia lortzeko aldi bereko helburua dituen mugimendu bat eratzeko aukera sindikatuen eta mugimendu ekologistaren arteko antolaera onaren menpe dago, neurri handian.
Sindikalismoaren eta ekologismoaren arteko elkarrizketak, hala ere, oraingo ekonomia- eta gizarte-ereduaren muin gogorrari aurka eginez ekologia- eta gizarte-krisia errotik amaitarazteko borondate irmoa izan behar du abiapuntu. Ez marketing berdeak, ez merkatuko ekologismoak ezin dituzte lorrindura ekologikoa eta klima-aldaketa gerarazi, eta kontzertazioak eta desmobilizazioak ere ezin dute gizarte-eskubide eta -lorpenen higadura geldiarazi, ugazaberien murrizketen eta erasoen aurrean. Sistema aldatzeko, mundua oinarritik eraldatzeko eta “bestelako mundu bat” defendatzeko helburuak guztion iparrean egon behar du, zalantza barik.