[Argitalpena] Mixel Berhocoirigoin, mendi gain lerroan

2022/06/23
mixel albiste.png
Manu Robles-Arangiz Fundazioak, Iparraldean aritu den lehen hamabost urteetan, gutienez hamar formakuntza saio antolatu ditu, fundazioak bakarrik edo elkarlanean, Mixel Berhocoirigoinekin. Estratega paregabea eta lehen mailako ekintzailea, Mixel betidanik pedagogo handia izan da, formakuntzak eta transmisioak jendartearen eraldaketarako edozein proiektu kolektibotan izan behar luketen ezinbesteko lekuaz konbentzitua. Liburuxka honek omenaldia egiten dio noski, baina bereziki Mixelen engaiamenduaren zati hori luzaraztea ahalbidetuko duten tresnetarik bat izan nahi du.

(Dokumentu osoa irakurri edo deskargatu. Paperean eskuratzeko, fundazioa@ela.eus helbidera idatzi)

Manu Robles-Arangiz Fundazioak, Iparraldean aritu den lehen hamabost urteetan, gutienez hamar formakuntza saio antolatu ditu, fundazioak bakarrik edo elkarlanean, Mixel Berhocoirigoinekin. Estratega paregabea eta lehen mailako ekintzailea, Mixel betidanik pedagogo handia izan da, formakuntzak eta transmisioak jendartearen eraldaketarako edozein proiektu kolektibotan izan behar luketen ezinbesteko lekuaz konbentzitua. Liburuxka honek omenaldia egiten dio noski, baina bereziki Mixelen engaiamenduaren zati hori luzaraztea ahalbidetuko duten tresnetarik bat izan nahi du. Testu nagusia 2020ko urtarrilaren 22an Donibane Garazin eman zen Euskal Herriko Laborantza Ganbararen historiaren aurkezpenaren transkripzio osotik dator. Publikoa, Iparraldera aste bateko formakuntza politikoa segitzera etorri ziren Alternatiba eta ANV-COP21 mugimenduen frantses Estatu mailako animazio taldeko hogeita hamar bat arduradun gaztek osatzen zuten.
 
Ondoko orrialdeetan beste bi formakuntzaren pasarte zonbait eskaintzen dira, Mixel Berhocoirigoinen eta Mixelekin batean Ipar Euskal Herria sakonki eraldatzen parte hartu duten beste militanteen epe luzerako hurbilpen estrategikoa ezin hobeki erakusten dutenak. Hor atzematen dugu ikusmolde hori, erradikala eta ber maneran pragmatikoa, haiek animatu dituena eta beste militante-belaunaldiei transmititzen jakin dutena. Lehen pasarte multzoa, Bizik eta Manu Robles-Arangiz Fundazioak, Donibane Garazin elkarlanean 2017ko uztailean antolatu Biziko arduradunen formakuntza astetik atera da.

Bigarrena zaharragoa da: hautaturiko pasarteak Manu Robles-Arangiz Fundazioak Bidarrain 2006an antolatu Iparraldeko abertzaletasunaren historiako formakuntza asteburu batekoak dira.

Mixel Berhocoirigoinek ereindako haziek hozitzen segi dezatela luzaz eta Euskal Herri eta mundu errukitsuago, askeago, justuago, solidarioago eta iraunkorragoa eraikitzen laguntzen.