Tentsio geopolitikoak, ugaritasunaren amaiera eta pobretze-prozesu berria

2022/10/10
ea azala eus.png
Inflazioak gora egiten jarraitzen du, eta argi dago egiturazko arazoa bilakatu dela. Hala ere, soldatak, pentsioak edo gizarte-prestazioak ez dira KPIaren arabera eguneratzen ari, langile-klasearen pobretzeprozesu orokorra ekarriz. Egoeraren Azterketa hau egungo egoera sozioekonomikoan zentratuko da, aldagai ekonomiko nagusien bilakaera eta haien ondorioak aztertuz. Inflazioari aurre egiteko hartzen ari diren neurriak ere aztertzen dira. Puntako gaian, pentsioen erreformaren bigarren zatia. Gai horri buruz luze eta zabal hitz egingo da datozen hilabeteetan, eta etorkizuneko pentsioen murrizketa handia eragin dezake. Murrizketa horiei aurre egiteko, ELAk pentsio duinak bermatzeko alternatibak mahaigaineratzen ditu.

(Dokumentu osoa irakurri)

 

albiste barruan.png

 

Ondorioak

2019an, ekonomia aurreratuek dezelerazio zantzuak zituzten, eta atzeraldi posibleaz ere hitz egiten zen. Hala ere, pandemiak prozesu hori bizkortu zuen, eta aurrekaririk gabeko shock bat eragin zuen, gaur egun
oraindik ere jasaten ari garen ondorioekin: horniduren krisia, lehengaien garestitzea edo energiaren prezioaren igoera. Covid-19aren krisitik osatu gabe, beste batean gaude, eta horrek erakusten du egungo ereduaren agortzea.

Hazkunde ekonomikoak behera egin du, eta zenbait erakundek datorren urterako atzeraldia egon daitekeela adierazi dute. Inflazioa duela 30 urte baino gehiagotik ikusten ez ziren balioetan dago. Hala ere, soldatak, pentsioak edo prestazioak ez dira neurri berean eguneratzen ari. Horren ondorioz, pertsonen erosteko ahalmena nabarmen murrizten ari da. Errentaren araberako eragina gai zentrala da; errenta txikiek diru-sarrera gehienak premia handiko produktuetara bideratzen dituzte, hala nola etxebizitzara, elikadurara, elektrizitatera edo garraiora. Inflazioa handiagoa izan da produktu horietan, eta, beraz, pertsona ahulenak ari dira ondorioak gehien jasaten.

Inflazioari aurre egiteko errezeta neoliberalenak aplikatzea erabaki du EBZk. Interes-tasak behar adina igotzea erabaki du. Neurri horrek, alde batetik, familien (bereziki hipoteketan) eta enpresen zorrak handitzea eragingo du (inbertsioa zigortuko du) eta, bestetik, estatuen zor publikoa garestituko du, bereziki zor publiko handia dutenei kalte eginez. Hori da Espainiako estatuaren kasua. Horrek zerbitzu publikoen murrizketa ekar dezake datozen urteetan, 2008ko krisiaren ondoren gertatu zen bezala.

Hala ere, denak ez dira galtzen ari egoera honetan. IBEX-35 indizeko enpresek 2021ean inoizko irabaziak izan zituzten, eta 2022ko lehen seihilekoan 2019 osoan (pandemiaren aurretik) izan zituzten mozkin berberak izan dituzte. Soldatak KPIaren oso azpitik eguneratzen ari diren bitartean, dibidenduen banaketa % 98 igo da iaztik.

Ondorioa argia da: langile klasea pobretzeko prozesu baten aurrean gaude, enpresa handiak mozkin errekorrak lortzen ari diren bitartean. Ikusi dugun bezala,soldatak ez dira ari eguneratzen KPIren arabera eta hori eros ahalmenarn galera esanguratsua eragiten ari da. Aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeago batean buelta bat gehiago ematea da. Aurretik ikusi dugun bezala, soldatak ez dira KPIaren arabera eguneratzen ari, eta horrek erosteko ahalmena nabarmen galtzea dakar. Gauza bera gertatu da pentsioekin, % 3,5 handitu baitziren 2022rako, inflazioaren oso azpitik.