Arrisku psikosozialak: XXI mendeko pandemia

2018/06/26
ArriskuPsikosozialak_portada.jpg
Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziaren arabera, lanean ari diren biztanleen erdiak lanarekin lotutako estresa jasaten du, eta galdutako lanaldien erdiak arrazoi horrekin du lotura. Buruko osasunarekin loturiko gaixotasun askorekin gertatu den moduan, gaixotasun horren arrazoiak gaixoaren beraren ahuleziari egotzi izan zaizkio, eta fokua, enpresen antolaketa kaskarrean jarri ordez, egoera hori pairatzen duen pertsonarengan jarri izan da. Ez gutxitan, gaixoa bera, lotsagatik, jasaten dituen sintomak ezkutatzen saiatzen da.

Pello IgeregiPello Igeregi, Laneko Osasuneko arduradun konfederala

Arrisku psikosozialak: XXI mendeko pandemia deskargatu

Arrisku psikosozialak enpresen antolaketa txarraren ondorioz sortutako kalte psikologikoak, fisikoak eta sozialak dira. Jazarpena, hala morala (mobbinga) nola sexuala, da arrisku horien adierazpen okerrena, gordinena eta gogorrena. Gure Laneko Osasun Arloan arrisku psikosozialei buruz planteatutako kontsulta gehienak jazarpen-egoerei loturikoak izan dira. Baina sindikatuak aldez aurretik esku hartu behar du, horrelako egoerarik sor ez dadin, eta inork kalte atzeraezinik jasan ez dezan. Izan ere, sarritan, prebentzio-neurrietan dauden gabezien ondorio izaten dira kasu hauek.

Gida hau zure eskuetan jarritako lan-tresna bat da, lantokiak eraldatzeko, zentro osasungarriak izan daitezen lortzeko

Jazarpena arrisku psikosozialen izebergaren muturra baino ez da; flotazio-lerroaren azpira begiratuz gero, aurkituko duguna prekarietatea da. Prekarietatearekin loturiko elementu asko antolaketa txarrarekin eta, jakina, arrisku psikosozialekin loturik daude: gehiegizko lan-kargak, behin-behinekotasunak berez sortzen duen ziurgabetasuna, zuzendaritza-modu okerrak, modu seguruan lan egiteko baliabiderik ez izatea…  ELAk prekarietateari aurre egiteko erabaki irmoa hartu du. Eta, erabaki horrekin koherentzia gordez, arrisku psikosozialen erronkari ere aurre egin beharko diogu. Areago, arrisku psikosozialen inguruan egindako lana oso erabilgarria izango zaigu prekarietatea mugatzeko zereginean.

Gida hau oso lagungarri izan daiteke prozesu horretan, laneko osasunari dagokionean ez ezik prekarietatearen aurkako borrokan ere lan-tresna eraginkorra izan daitekeelako. Gida honen asmoa da ohiko negoziazio kolektibora bideratutako osagarria izatea. Gure helburua prekarietatearen aurkako borrokan eraginkorrak izatea bada, ezin dugu ahaztu prekarietateren dimentsio psikosoziala. Gida hau zure eskuetan jarritako lan-tresna bat da, lantokiak eraldatzeko, zentro osasungarriak izan daitezen lortzeko.