Azken guda dantza

2022/05/10
guggem irudia.jpg
Lehenengo dantza 2021eko ekainaren 11n izan zen. Guggenheim Museoko garbiketa zerbitzuko 18 langileen lehen greba eguna zen. Hiru ziren bere aldarrikapen nagusiak: lan-baldintzak hobetuko zituen hitzarmen bat lortzea, soldata-arrakala ezabatzea balio bereko lanak egiten dituzten kolektibo maskulinizatuekiko eta kontratu partzialekin amaitzea. Langile horiek nazkatuta egoteko arrazoi nahikoa zuten, eta indar hori guztia dantza ikur izango zuen greba batera bideratzea erabaki zuten.

Gorka Quevedo (Landeia aldizkariko 245. alean argitaratuta.)

Ekainaren 11tik aurrera ez zioten hutsik egin dantzarekin zuten hitzorduari. Asteartetik igandera (astelehenetan Guggenheim museoa itxita dago) 11: 00etan elkartzen ziren museoko zabalgunean, irekiera orduan. Erritual berbera egunero: lehenik eta behin, ilaran zeudenei beren egoeraren berri eman propaganda banatuz. Ondoren, mikrofonoa eskuan, prekarietatearen eta soldata-arrakalaren aurkako borroka kontatzen zuten. Azkenik, performance bat. Dantza eta koreografiak bertaratzen zirenen gozamenerako: museoa bisitatu nahi zuten turista, zabalgunera atsedenalditxo bat hartzera zihoazen unibertsitateko ikasle eta oinezkoen atseginerako.

Prekarietatearen aurkako garaipen berri bat

9 hilabetetik gorako dantzaldia eta mobilizazioa martxoaren 21ean amaitu ziren, ELAk Ferrovial Servicios enpresarekin (museoa garbitzeaz arduratzen den azpikontrata ) lortutako akordioari esker. Akordioak, planteatutako helburuak lortzeko aukera ematen du. Horixe nabarmendu du Maite Leizegik, Zerbitzuak Federazioko Bilboko arduradunak. «Lortutako akordioak aurreikusten duen soldata-igoerak, progresiboki eta 2024rako, % 20ko igoera ekarriko du – Horrek esan nahi du soldata gordinak urtean 23.500 eurotik gorakoak izango direla –, eta kontratazioaren partzialtasunarekin amaitzeko akordioekin. Hori oso garrantzitsua baita prekaritateari aurre egiteko. Lanaldi partziala duten langileek lanaldi osoak izango dituzte, eta akordioari esker diru-sarrerak %46 igoko zaizkie».

Baina helburu nagusi horietatik harago – Hitzarmen propioa, soldata-arrakalarekin eta kontratu partzialekin amaitzea –, Leizegik nabarmendu du beste puntu positibo asko lortu direla. «Lan-osasunarekin lotutako alderdiei dagokienez, behin baino gehiagotan salatu izan ditugu gehiegizko lan-karga eta -erritmoak. Errealitate horri aurre egiteko, denborak eta lan-kargak neurtzeko azterlan bat egitea erabaki dugu, zeregin horiek egiteko behar diren langileak zehazteko, museoak ezarritako kalitate-estandarrak eta eskakizunak betez. Era berean, txanda-kontratua eskuratzearekin lotutako ezaugarriak jasotzea lortu dugu, baita lizentzien, baimenen eta atsedenen hobekuntzak ere».

ELAn tematuta gaude prekarietatearen aurkako borrokarekin. Duela gutxi aurkeztutako prekarietatearen aurkako dinamika mobilizatzaileak hala islatzen du: gaur egun 541.600 pertsona baino gehiago daude egoera prekarioan lanean Hego Euskal Herrian, eta ELAren helburua da, borroka sindikalaren ondorioz, kopuru hori ahalik eta gehien jaistea. Guggenheimeko garbitzaileek lortutako garaipenak mugarri horretara hurbiltzen gaituzte. «Prekarietatearen aurkako kanpainak hainbat helburu ditu, hala nola 18.000 eurotik beherako soldatekin amaitzea, lan-kontratuen partzialtasuna (honek emakumeei eragiten die gehien), eta lan-osasunarekin zerikusia duten alderdiak, langileen osasuna babesteko». Guggenheimen lortutako akordioa helburu horien barruan kokatzen da», Leizegik azpimarratu duenez.

Oraindik bide luzea dago egiteko

Guggenheim Museoaren gisako garaipen sindikalek, soldata arrakala ezabatzeko ELA egiten ari den borroka sostengatzen dute. Hala ere, oraindik beste borroka fronte asko daude irekita. «Ekainean, H & Mn garaipen sindikala lortu genuenean, langile horiek Guggenheim Museoko lankideei elkartasuna adierazi zieten, eta ekintza sinboliko batean borrokaren lekukoa eman zieten. Horregatik, akordioaren egunean, Museoko langileek grebaren lekukoa pasatu zieten Bizkaiko epaitegietako garbitzaileei. Emakume langile horier ere, soldata-arrakalaren aurkako borrokan ari dira. Borrokak hainbat frontetan jarraitzen du, ematen ari garen bezalako urratsak ematen jarraitzea da garrantzitsua».

1988ko urriaren 1ean Kortatu talde mitikoak bere azken kontzertua eskaini zuen Iruñean. Zuzeneko horretan taldearen laugarren diskoa grabatu zen. Azken guda dantza zuen izenburu. Guggenheim Museoaren garbiketaz arduratzen diren langileek martxoaren 21ean eskaini zuten azken gerra-dantza. Izan ere, borroka honek gauza bat izan du: dantza.