Ba al dakigu indarkeria sexista antzematen?

2013/11/12
Azaroak25-2013-kartelaA4Def.jpg
Beste azaroak 25 bat, puntu lilak kutxatik ateratzeko beste egun bat. Mundu mailan emakumeek emakume izateagatik beraien aurka jasaten duten indarkeriaren ondorioz bizi duten genozidioa publikoki salatzeko eguna. Beste behin ere, batzuk kalean ikusiko dugu elkar.

Jone BengoetxeaJone Bengoetxea, ELAKo berdintasuneko alorra (Landeia 192)

Publikoki denok adieraziko dugu gure konpromiso eta borondate politikoa gizarte gaitz hau errotik kentzeko; baina, zer pentsatu, sentitu eta zer egiten dugu maila pribatuan honen aurrean?

ELAtik, lan munduan emakumeek beraien aurka jasandako indarkeria argitzen eta salatzeko saiakeran jarraitzen dugu, baina: posible al da hori egitea lan mundutik kanpo dagoen guztia kontutan eduki gabe?

Ez da berdina gizon edo emakumea izatea mundu honetan; jatorri nazional desberdin batekoa izatea; aukera edo identitate sexual dibergente bat bizitzea, arautik at dagoen ideologia bat edukitzea

Sindikatutik bultzatzen dugun gizarte eredua lan zentroetan defendatzen ditugun lan interesetatik haratago doa. Hala ere, badaude indarkeria sexista eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna urruti gelditzen zaiela uste duten pertsonak. Badaude uste dutenak auzi honek ez duela beraiekin ezta sindikalismoarekin ere zerikusirik. Baina errealitatean justu kontrakoa da, denarekin zerikusia baitu.

Zoritxarrez indarkeria anitz eta ugari pairatzen duen jendarte baten bizi gara eta oso hedaturik eta guztiongan sustraiturik dagoen indarkeri bat indarkeria sexista da, hain zuzen ere.

Era honetan, ezin dugu indarkeria sexista ulertu ezarritako ordena ulertu gabe. Eta ezarritako gizarte ordena klaseetan zatituriko gizarte kapitalista bat baino gehiago da:
Ez da berdina gizon edo emakumea izatea mundu honetan; jatorri nazional desberdin batekoa izatea; aukera edo identitate sexual dibergente bat bizitzea, arautik at dagoen ideologia bat edukitzea.., ez da berdina gizon zein emakume izatea aipatutako kasu guzti hauetan ere.

Ildo honekin jarraituz: Ez da berdina torlojuak egitea edo pertsonak zaintzea, ez da berdina etxe bateko eskailerak  garbitzea edo burtsan inbertitzea, ez da berdina hezitzea edo armamentua fabrikatzea... Zerrenda amaigabea da eta galdetuko duzue: zer ikusi dauka honek emakumeen aurkako indarkeriarekin?

Aipaturiko adibideetatik ondorioztatu dezakezuenez, badaude lan batzuk historikoki emakumeei bideratuak izan direnak eta beste lan batzuk gizonei zuzenduak. Lana sexuaren arabera banatuta egotea naturala den zerbait bezala ikusia da. Eta horrexegatik, hain zuzen ere, generoari dagokionez “naturala” bezala kontsideratua den orok gizonezkoen ordenaren nagusitasuna justifikatu egiten du emakumeekiko, eta ondorioz, indarkeria sexista justifikatu ere.

Artikulu honek ez du sexuen arteko gerra defendatzea xede, guztiz kontrakoa, baina indarkeria sexistaren sinboloen dimentsioa aitortzen ez badugu oso zaila izango dugu bere aurka borrokatzea.

Kontziente edo inkontzienteki bai gizonok zein emakumeok jarrera eta balore patriarkalak onartu eta guregan barneratzen ditugu, guzti hauek indarkeria sexistaren funtsezko elikagaiak izaki.

“Extralurtar bat lurrera etorriko balitz eta gure egunkari, museo edota monumentuak ikusiko balitu emakumerik gabeko planeta bat dela gurea pentsatuko luke, eta ez luke ulertuko nola  erreproduzitu garen hainbat milioi pertsona mundu honetan” (Victoria Sendon:https://www6.euskadi.net/contenidos/informacion/vcm_sensibilizacion_prevencion/es_def/adjuntos/jornada.06.ponencia.Victoria.Sendon.pdf )

Oraindik ez al dugu argi ikusten guzti honek emakumeen aurkako indarkeriarekin duen lotura? Benetan uste al dugu emakumeak historikoki eta plaza publikoan ikustezinak izateak ez duela indarkeria sexistarekin zerikusirik?

Galdera hauei erantzuteko,(edo behintzat hausnartzeko) aurten ELAko Genero Berdintasun Politiketako Alorretik indarkeria sexista eta generoen arteko berdintasunari buruzko test bat proposatzen dizuegu. Ariketa praktiko honen bidez galdera hauen eta beste hainbaten erantzunak aurkituko dituzue. Bete ezazue, denontzako osasuntsua eta justiziazkoa da! Eskatu zuen enpresetan edo kontsultatu ELAren web orrian.