Bakearen bidetik jarraitu

2017/05/29
bakegileak.jpg
Egoera surrealista ari ginen bizitzen. Erakunde armatu batek armak utzi nahi zituen modu ordenatu, duin eta seguruan, eta polizia frantsesak zein espainolak hori egiteko aukera galarazten zioten. Areago, deklaratzera deitu zituzten Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideak, zeintzuk ETAk 2011n iragarri zuen su-etena benetakoa zela bermatu behar baitzuten. Edota ETAren armak gordeta zeuden zuloen arduradunak atxilotzen zituzten, armategi horien inbentarioa egiten eta zigilatzen ari zirelarik; horrela arma horien gaineko kontrola arriskuan jartzen zuten.

TxetxTxetx Etcheverry, Manu Robles-Arangiz Fundazioa (artikulu hau Landeian argitaratu da)

Frantses eta espainiar estatuen politika ulergaitza zen kanpoko edozein behatzailerentzat. Beste edonon eragindako estatuak saiatu egingo ziratekeen beren arerioa zen erakunde klandestinoaren desarmatzea atzeraezina eta ordenatua izan zedin, konfrontazio bortitza amaitzea erabakiz gero. Hemen, aldiz, aurkakoa gertatu zen eta honek ondorio oso jakinak izan zituen. Tentsio eta ernegu egoerari artifizialki eusten zitzaion. Honek denbora geldiarazten zuen, duela ia sei urtetik hona, eta oraindik luzaz iraun ahal zuen, hainbat auzi garrantzitsuk ten-    tsio egoera honen amaia eskatzen zuten arren, aurrera egin eta onerako gara zitezen.

Apirilaren 8ak ireki duen testuinguru berriak gaixotasun larriak dituzten beste presoen askatasuna posible egin beharko luke, eta espetxeratuak elkartzen eta hurbiltzen hastea

Denboraren joana azkartu. Gizarte zibilaren esku hartzeak, lehen ekintza deigarri batekin –zeina batzuk zorotzat jo arren oso ondua eta hausnartua izan zen–, mahaia hankaz gora jarri zuen. Ordutik, lau hilabete eskasetan, desarmatzearen arazoa modu seguru eta duinean konpondu zen; honek eragotzi egiten du mendeku asmo oro, baita borroka armatuari berriz heltzeko aukera ere. Luhusoak denboraren joana azkartu egin zuen, eta nire ustez apirilaren 8ak ere antzeko eragina izango du, datozen hiletan ondorio garrantzitsu eta positiboak izango dituelarik.

Bakegileek ETAri eskatu zioten, baita lortu ere, bakeranzko bidean urrats handi bat egin zezala, bere kontrolpean zeuden armategi guztiak erabat desegitea. Orain bi estatuei eskatu behar diegu eurek ere bakerantz tamainako urrats bat egitea.

Inoiz baino premia larriagoa da amaiera ematea salbuespen erregimen krudelari, zeina oraindik espetxeratuta dauden 350 euskal presoek pairatzen duten.

Preso hauek elkartu eta hurbildu egin behar dituzte, beren senideek ez dezaten gehiago sufritu bisitak egiteko ohiko diren bidaia amaiezinen neke fisiko eta ekonomikoa; ezta bide luze horretan jasandako istripuak ere, larriak eta zenbait kasutan hilgarriak izan direnak (gogora dezagun dispertsio eta urruntze politika honek 400dik gora ezbehar eragin duela euskal presoen senide eta lagunen artean; gutxienez 16 pertsona hil dira horietan).

Euskal presoei espetxeratu komunen eskubide eta onura berberak zor zaizkie (zigorren laburpena, baldintzapeko askatasuna, etab.). Eta noski, gaixorik daudenak askatu egin behar dituzte, behar bezalako arreta eta familien babesa izan dezaten. Salbuespen arauak, esaterako 7/2003 legea, biziarteko zigorra ofizial egiten duena, indargabetu egin behar dira. Eta zuhurtzia politikoz jokatu beharko da erabakitzeko nola, zein prozedura medio, askatu ahal izango diren preso politikook denak. Nork irudika dezake atzera ezineko bakea edota adiskidetzea egingarriak direnik 40 urtez ETAko militanteak espetxean mantenduz gero? Areago estatu berean GAL milizia parapolizialeko arduradunak, bahiketa, tortura eta hilketak tarteko 70 eta 75 urteko espetxe zigorra zutelarik, hiruzpalau urteren buruan askatu zituztenean.

Paris ote da hurrengo Bakegilea? Frantzian 75 euskal preso daude espetxeratuta, estatu honetan ere salbuespen erregimenaren pean. Halere, Parisek Madrilekiko beste tonu eta jarrera bat adierazi du desarmatzearen inguruan. Hau oso ondo atera zaio eta Ipar Euskal Herrian aho batezko harrera positiboa jaso du, pentsamolde politiko guztien artean. Bakea Euskal Herrian zeharo sendotuko litzateke gobernu frantsesak presoen auzian urratsak azkar egingo balitu.

Apirilaren 24an Frantziako justiziak erabaki zuen Oier Gomez presoaren zigorra etetea; hau gaitz larri batek jota dago (minbizia oso larria pairatzen du, -Ewingen sarkoma-, eta buruan nahiz pelbisean metastasiak agertu zaizkio). Justiziak erabakia azaltzeko eman duen arrazoia Oierren osasuna izan da, baina baita ETAren armategia desegiteak ekarri duen egoera berria ere.

Badirudi berriz ere agertzen ari dela nolabaiteko zuhurtzia politikoa eta gizalegezko jarrera euskal auziaren inguruan. Apirilaren 8ak ireki duen testuinguru berriak gaixotasun larriak dituzten beste presoen askatasuna posible egin beharko luke, eta espetxeratuak elkartzen eta hurbiltzen hastea.
Borondate oneko keinuek antzeko beste keinuak dakartzatela ikusteak dinamika positibo bat besterik ez dezake abiarazi, zeina guztion onerako izango den, euskal herritar, espainiar zein frantses.

Frantses estatuak PPko gobernuaren transmisio-uhal gisa jokatzeak urte asko alferrik galtzea eragin du, Euskal Herrian bake orokor, bidezko eta iraunkorrari dagokionez. Aitzitik, ukaezina da desarmatzeari buruz posizio desberdina finkatu izanak emaitza ona izan duela. Frantziak orain euskal presoen dosierrean bidea urra dezake eta perspektiba berriak ireki, askoz ere konstruktiboagoak. Bera ere nolabait Bakegile bihur daiteke.