Begirada berriak
Leire Txakartegi, Genero Politiken arduraduna ELAn
Astero iristen zaizkie gonbiteak. Aukeratu beharrean egonik, eragile feminista eta orohar mugimendu sozialetatik datozen hitzorduak lehenesten ari dira. Deigarria egiten zaigu Euskal Herritik datozen gonbidapenak askoz ere gutxiago izatea. Zergatik ote?
Gauzak horrela, Paristik ere iritsi zitzaion sindikatuko genero berdintasun alorrari gonbidapena gai honetaz hitzegiteko. Kasu honetan Frantziako CGT, FSU eta Solidaires sindikatuen eskutik. Izan ere, sindikatu hauetako emakume delegatu eta militanteek topaketa feministak antolatzen dituzte urtero gai ezberdinen inguruan. Eztabaida teorikoak adibide praktikoekin osatzen saiatzen dira eta hara non, aurten, Bizkaiko erresidentzietako borroka ezagutu nahi zuten.
Imajina ezazue argazkia: laurehun emakume inguru, Frantzia osotik joanak, zahar eta gazte, belarriak erne, adi-adi. Solidaires sindikatuko jatorri balentziarra duen Consuelo izeneko emakume batek egin zizkidan itzulpen lanak. Consuelok “Gora Borroka Feminista” zioen afixa bat jarria zuen eszenatokian (bai, euskaraz!). Harrera ezin hobea beraz. Hasieratik sentiarazi ninduten lagun artean.
Gatazkaren nondik norakoak azaldu nituen. 370 egun iraun zituen grebak borroka sindikala eta feminista uztartu zituela ezinbestean, zaintza lanen duintasuna zegoela jokoan, sindikatua emakume hauen ahalduntze pertsonal eta kolektiborako tresna izan zela, ekintza moldeetan ere berritzaileak izan zirela, antolakuntza eta erresistentzia kutxarik gabe ezinezkoa izango zela...
Segituan konturatu nintzen interes handia piztu zuela gaiak, galdera pila bat sortu ziren, irribarreak nagusi... eta hunkigarriena, gatazkaren irudiak jasotzen zituen bideoa ikusi eta gero, emakume gehienak zutik jarri eta txaloka hasi ziren! Emozioak bor-borka, harro, negarrari ezin eutsita utzi ninduten... Eta pentsatu nuen, erresidentzietako emakumeek hau ikusiko balute! Izan ere, han geunden emakumeen artean elkartasun sentimendu estu bat gailendu zela sentitu nuen eta horrelako emozioek dozenaka argudio arrazionalek baino gehiago balio dutela.
Dudarik gabe, Bizkaiko erresidentzietako emakumeen greba historikoa izan zen, askotan esan dugu hori gure sindikatuan. “Historikoa” hitza bera sarritan erabiltzen denez, ordea, esanahia ahultzeko arriskua ere badago. Parisen berretsi nuen, ordea, 370 egunetako grebarik ez dagoela beste inon eta emakume hauen borroka emakume feminista eta ezkertiar guztientzat eredu izan beharko litzatekeela.
Parisera joatea atsegina da gehienetan baina bidai honetatik bereziki ikasi dut askotan ondo datorrela egiten ari garena beste era batera begiratuko duten begiradak bilatzea. Begirada ezberdin eta objektiboagoekin topo egiteak balio izan digu ELAn emakumeen bizi baldintzak duintzeko sektore askotan egiten ari garen lanaren balioaz jabetzeko eta nola ez, erresidentzietako emakumeen lorpena nazioarte mailan ere kokatzeko. Merezi dute eta, hori eta gehiago!