Berriro al dator 30. hamarkada?

2021/03/04
chaplin.jpg
Gauza konplikatua dago. Egoera zaila bizi dugu, eta gure kezka areagotu egiten da inguruan eskuin muturra gora ikusten dugunean. Aurreko mendeko 30. hamarkada datorkigu gogora askori. Baina, ba al du zerikusirik gaur egungo eskuin muturrak orduko faxismoarekin? Benetan al gaude orduko egoera berean?

Unai Oñederra, Manu Robles Arangiz fundazioa, Emeki Kunama blogean.

Faxismoa leku guztietan ikusten dugun garai honetan, begiradak norabide egokian jarri zituen Enzo Traversok, Cornell Unibertsitateko historia irakaslea, “Derechas radicales y neoliberalismo autoritario” online ikastaroan, faxismo historikoaren eta egungo eskuin muturraren areko desberdintasunak zehaztasun eta xehetasunez argituz.

Esan zigun baietz, II. Mundu Gerratik ez zela orain bizi dugun bezalako eskuin erradikalen gorakadarik ezagutu. Azken bost urteotan faxistatze dinamika global bat ematen ari dela bai Europan (Hungarian, Polonian, Austrian eta Italian boterea eskuratu du, Frantzian indar handia dauka, eta gutxira arte salbuespen ziren herrialdeetan ere azaldu dira eskuin muturreko alderdiak, Alemaniako AfD eta Espainiako Vox kasu) zein mundu mailan: Trump, Bolsonaro, Erdogan, Modi, Putinen autoritarismoa, Filipinetako kasua…

Italiako historialariak argi utzi zigun zelai politikoa globalki ari dela faxistatzen. Globala dela arazoa eta orain dela hainbat urtetatik datorrela, 2008ko krisiak eraginda. Goranzko joera horretan, ordea, ez zaio iruditu pandemiak aldaketa iraultzailerik ekarri duenik. Covid krisiak salbuespen egoerarantz doan joera autoritario horretan sakondu besterik ez du egin, bere hitzetan.

Dena den, covid-ak ere eragin kurioso bat izan duela azpimarratu zuen: osasun krisi honetan, eskuin erradikala ez da hautagai zilegi eta fidagarritzat hartzen politikaren biraketa biopolitikoa kudeatzeko. Salviniren kasua aipatu adibidetzat: barne saileko ministroa zela ospearen aparretan zebilen, baina pandemiak sortu zuen elkartasun olatuak eta elkarlaguntza giroak zulora bota zuen.

“Eskuin muturraren asmoa nazio-komunitatearen birsorkuntza da, homogeneotasun etniko eta arraziala duen komunitate imajinario baten birsorkuntza. Baina definizio hori ez da nahikoa gaur egungo eskuin muturra faxismo klasikoarekin lotzeko. Beste ezaugarri batzuk behar ditu horretarako: indarkeriaren kultura/praktika ekintza lehenetsi gisa, antikomunismo militantea, demokraziaren suntsiketa (ezin da erregimen faxistetaz hitz egin ez badago suntsipenik; eskuin muturrak ez du demokraziarekin apurtu nahi, neoliberalismo autoritarioan eroso dabil), dimentsio utopikoa (faxismoaren etorkizunari buruzko ideia ez du gaur egungo eskuin muturrak), eta eliteekin harremana (faxismoa ez zen inoiz boterera iritsi eliteen babesik gabe).”

Halaxe biluztu zuen Traversok egungo eskuin erradikala, faxismo historikoaren ezaugarriak gogora ekarriz egungo eskuin muturraren mugak agerian utzi zituen. Muga horiek Capitoliaren erasoarekin argitu zituen. “Faxismoa arrisku bat da, bai, mehatxu bat, baina Capitolioaren erasoa ez zen estatu kolpe bat izan. Trumpek ez du alternatibarik. Trump ez da inoiz boterera iritsiko talde supremazista batzuen lider bezala. Trumpek modu bakarra du boterera iristeko: alderdi errepublikanoaren hautagai gisa. Egia da orain 5 urte ez zirela milizia sopremazista hauek existitzen, eta Trumpen aginte pean sortzen hoan direla. Baina, hau ez da izan indarkeriaren monopolioaren krisi bat (aurreko mendeko 20. hamarkadan izan zen moduan), AEBetan edonork armak izateko eskubidea bermatzen duen kultura juridikoak eragindako krisia baizik. Aurreko mendean faxistak boterera iritsi eta berehara eraisten zuten demokrazia. Trumpek, ordea, lau urte boterean egin ondoren, hauteskundeak irabazi dituela esaten du soilik. Bidenek iruzurra egin duela.”

Horrek guztiak eramaten du Enzo postfaxismoaz hitz egitera. Alde batetik kronologikoki faxismoaren ondoren datorrelako, eta bestetik politikoki beste konfigurazio bat duelako; beste gauza bat dira, inork ez du faxismoaren herentzia aldarrikatzen (salbuespen batzuk kenduta). Aldaketa bat dago. “Ideologikoki eboluzio bat eman da (gaur egungo eskuin erradikelako buruak ez dira ideologoak), eta egungo eskuin muturra ezin da antifaxismo klasikoaren lexikoarekin borrokatu.”

Faxismo klasikoaren eta egungo eskuin erradikalaren arteko aldea

Irakasle italiarrak aipatu zuen lehen desberdintasuna faxismo klasikoak dimentsio utopiko handia zuela izan zen. Liberalismo eta sozialismoaren arteko hirugarren bidea zen. Horrek gizon berriaren ideia moldeatzen zuen, estetika faxista bat; birsortze nazionala masa mugimenduaren bidez lortutako arraza birsortze gisa ulertzen zen; majinario kolektiboa lantzera eramaten zuen.

Oraingo eskuinerradikalak, ordea, atzerakoiak dira, ez dute utopiaren ortzimuga. Zer bilatzen dute? Mugen zainketa, moneta nazionalaren defentsa, protekzionismoa, balore tradizionalen babesa, europa judeokristauaren defentsa, AEB zuriaren defentsa… Berez, hauek ezkortasun kulturalaren eta beldurraren aurrean eraikitako proposamen kultural eta politikoak besterik ez dira. Ez du zeirkusirik faxismoak zuen proiektu iraultzailearekin. Ez dute etorkizunaz hitz egiten. Desagertu denaz hitz egiten dute soilik, berreskuratu nahi dutenaz.

Traversok orainkeria deitzen dio horri (presentismo esan zuen: régimen de historicidad presentista). Orainkerianbizi garela dio, eta orainkeri honetan biltzen ditugula lehenaldia eta etorkizuna ere. “Hori oztopo handia da eskuin erradikala faxismo berri bezala garatu ahal izateko.” Dena den, etorkizunera proiektatzeko ezintasun bera egotzi dio historialariak ezker erradikalari ere.

Eskuin muturra beldurrean eta kontserbadurismoan oinarritzen da. Ez du jada mundua zibilizatzeko misiorik. Ez du mundua konkistatu nahi, garai batean bezala, kontserbadorea da, bere mugetan gotortu nahi du, islamismotik, Hegoaldekoen inbasiotik babesteko… Egungo eskuin muturraren logika ez da konkista-logika bat, atzera egiteko eta erretiratzeko logika bat baizik.”

Eta amaitzeko, faxismo klasikoarekin desberdintzen duen beste gauza bat da eskuin muturrak langile klasearekin duen harremana. Soldata apalenak dituztenekin, prekarioenekin, langile esplotatuenekin, heziketa maila baxuena dutenekin… Historikoki faxismoak ez zuen inoiz hegemoniarik lortu langile klasearen artean. Beti izan zen langile klasearen etsaia, langile klaseak kontzientzia politikoa zuelako, praktika politikoa zuelako, kolektibo baten parte zelako,… Langile klaseak faxismoa borrokatu zuen beti.

Faxismo klasikoa burgesia txikiak osatzen zuen, intelektuen arteko geruza prekarioek, eta eliteen babesa zuten (eliteak ez du faxismoa sortzen baina bere babesa ezinbestekoa da faxismoaren garaipenerako).

Eta hau bai da larria: egungo eskuin muturrak herri xehearen hizkuntza bera erabiltzen du orain. Langile klasea konkista eremu bat da orain eskuin erradikalarentzat. Nola gertatu zaigu hori? Ezker erradikalak ez direlako gai izan eskuin muturraren sarrera hori ekiditeko.

Adi beraz. Eskuin muturra ez da garai bateko faxismoa. Ezaugarri desberdinak ditu, eta ezagutu ditugu zeintzuk diren bien arteko aldeak. Neoliberalismoak ekarri gaituen egoera zail honek eragindako beldurrean oinarritutako atzerako mugimendua da, langile klasearen barnean ere zabaltzen ari dena, eta joera autoritarioak gero eta errazago onartzera eramaten gaituena.

Egungo eskuin muturra ez da 30. hamarkadako faxismo hura, baina ez dakit eskuin muturrak baliatzen duen askatasunari diogun beldurra ez ote den Eric Frommek garai hartan idatzi zuen berbera…