Bizitzeko lan egin ala lan egiteko bizi?

2019/01/08
45181869464_86d435eec6_z.jpg
Bata zein bestea aukeratu, beti irrikatuko ditugu lan ordu atseginak. Zail jartzen digute, ordea.

Unai OñederraUnai Oñederra, Manu Robles-Arangiz Institutua (artikulu hau Landeian argitaratu da)

Motibazioa, komunikazioa, adimen emozionala, lidergoa, ekintzailetza, mindfulness, coaching… Gosaria gerentearekin, familian patinatzera enpresarekin, talde dinamikak hotel atseginetan, enpresa lasterketak… Langileen partaidetza, gardentasuna, erreferendumak… Enpresa kultura berriaz ari dira patronalak, legebiltzarrak, gobernuak eta guruak. Best-seller bihurtu dira autolaguntzako liburuak. Zentzu komun berria ekarri digu neoliberalismoak.

Partaidetza, gardentasuna, komunikazioa, motibazioa… beste langile batzuentzat dago pentsatuta.

Aldaketa da normaltasun berria. Berrikuntza, etengabea. Malgutasuna, ezinbestean. Ezagutzaren ekonomia, 4.0 industria, etorkizun hurbilean. Langile berriek erronkak bilatzen dituzte, ametsak, askatasuna. Errutinak azkura ematen die, alde batetik bestera ibili nahi dute. Horra diskurtsoa, baina, errealitatea?

Bilboko NH eta Barceló hoteletako gela garbitzaileek 2,5 euro kobratzen zuten garbitutako gela bakoitzeko. Justu iristen dira hilean 800 euro irabaztera. Hilabetetik gora eman dute greban. Abenduaren 18an egoera hau nabarmen hobetu duen akordioak lortu zituzten.

Gipuzkoako komisaria eta epaitegietako garbitzaileek %7-13 arteko soldata arrakala dute kale garbitzaileekiko. 2018ko irailaren 19tik dira greban.

Berrikuntzaren eredutzat saltzen den Donostiako Tabakaleran, Ubik liburutegiko bitartekarien soldatak (goi mailako ikasketekin, hainbat hizkuntza menperatuta, ezagutzaren ekonomian lan eginda), ez dira 1.000 eurora iristen. Gainera larunbata eta igandetan lan egin behar dute, ordutegi itogarriak dituzte eta ezin dute opor egunik hartu. 2018ko abenduaren 22tik daramate greban.

Eta enpresa kultura berria?

Ah, bai, langile hauek azpikontratatuak eta externalizatuak dira… hain justu, langileak prekarietate gordinean itota, administrazio publikoek eta enpresek dirua aurreztu eta irabazteko, hurrenez hurren.

Partaidetza, gardentasuna, komunikazioa, motibazioa… beste langile batzuentzat dago pentsatuta. Gasteizko DHL-Mercedesekoentzat, esaterako. Bertan, 2013an enpresa kultura berria ezartzen hasi zirenetik, gertatutakoa kontatu du Jon Las Heras EHUko ikertzaileak Manu Robles-Arangiz Institutuak argitaratu duen dokumentuan. Merezi du irakurtzeak. Dena den, eta Jon Las Herasen lanaren spoilerrik egin gabe, esan dezakegu neoliberalismoak ekarri duen diskurtso ederrak errealitate latza ezkutatzen duela, baita enpresa kultura berria ezarri duten enpresetan ere.

Zuzendariek ardura eta askatasuna ematen diete langileei: bezeroekin guztiz konprometitzeko askatasuna. Horra, barne kontrol berria. Horra, autoesplotazioa. Horra, dedikazioa eta lan orduak biderkatzeko modua. Horra, bizitzaren inbasioa. Antsietatea, medikazioa eta meditazioa: zergatik, zertarako eta zeinentzako ari naiz bizitza galtzen?