Borroka. Komunikazioa. Garaipena.

2020/01/15
WhatsApp Image 2020-01-15 at 10.04.42.jpeg
Nagore Uriarte, ELAko Komunikazio arloa (testu hau Catarsi aldizkariak Bartzelonan abenduaren 13-14ean antolatu zuen `Lluita. Comunicació. Victoria. Comunicació política per la transformació social´ jardunaldian egindako hitzaldia da).

2019ko azaroan Manu Robles-Arangiz Fundazioak Catarsi-ren III. Kongresuan parte hartzeko gonbidapena jaso zuen. `Lluita. Comunicació. Victoria. Comunicació política per la transformació social´. Kongresuaren izenburua argia zen, enkargua, beraz, garbia: sindikalismoak egun dituen erronka komunikatiboen inguruan hausnartzea CGT sindikatuko Saturnino Mercaderrekin batera, Arantxa Tirado politologoa gidari zela. Ez zen, ordea, lan makala izango; sare sozialak komunikazio esparru nagusi bilakatzen ari diren garaiotan hain hedatuta dagoen `grebek ez dute ezertarako balio´mantra 280 karakteretako tweet batean azaltzea erraza ez den bezala. Horregatik, hain zuzen, hausnarketa sakon eta kolektiborako plaza batean parte hartzeko gonbita jasotzea, eskertzekoa ez ezik, bete beharreko konpromisoa ere bihurtzen da, elkarrekin ikasten jarraitzeko, besteak beste. Eta halaxe egin genuen. Azaroaren 14an Bartzelonara abiatu ginen, gure iritzia apalean, sindikalismoak mahai gainean dituen erronka komunikatiboak azaltzeko asmoz, besteak beste, honako hauek:

1.- Borroka kolektiboa, plazer eta ahalduntze iturri.
2.- Garaipenak, erreferenteak eta imajinario kolektiboak.
3.- Epika berriak: epika obrero feministarantz.
4.- Errelatoaren borroka.

1.- Borroka kolektiboa, plazer eta ahalduntze iturri

Gogoan dut ELArekiko, eta oro har, sindikalismoarekiko nire lehen gerturapena. Bizi! Mugimendu Ekologistak Dax-en antolatutako mobilizazio batera joatea egokitu zitzaidan. Bizi!-ko militante Jon Palais epaitu behar zuten egun hartan, BNP bankuak paradisu fiskalekin zeukan harreman zuzena salatzeko 2015ean Parisen egindako protesta baketsu batean parte hartzeagatik. Zehazki, bankuko 14 aulki konfiskatu zituzten egun hartan bankuaren eta paradisu fiskalen arteko harremana irudikatu nahi zuen ekintza baketsu batean. Bada, fiskaltzak bost urteko kartzela zigorra eta 75.000 euroko isuna eskatu zuen. Gauzak horrela, Dax-era abiatu ginen Bizi-k Palais-i elkartasuna adierazteko antolatutako ekimenera. 2017ko urtarrilaren bederatzia zen.

Aitortu beharra daukat, ekintza tradizionala espero nuen, `betikoa´, nolabait esanda: pankarta bat, manifestazio bat, haserrea, protesta eta etxera. Kitto. Ez da gutxi ere. Baina hori baino askoz gehiago aurkitu nuen. Bat-batean, epaiketa bukatu berri zela, herriko frontoira joateko deia egin ziguten. Hurbildu, eta hara non, musika zuzenean, kontzertuak... topatu genituen. Festa giroa zen nagusi, aurpegi alaiak pankarta eta aldarrikapen mezuen atzean. Ekintza erreibindikatiboa zen funtsean, baina baita ludikoa ere. Zergatik banatu? Borrokan ari ziren, bai, baina plazerretik abiatuta, kolektibotik eragiteak pizten duen poztasunetik. Ez da gutxi; ez da gutxirako ere.

Jendea protestaka ari zen, baina aldi berean disfrutatzen, bateragarria zen. Gogoan daukat ondoan neukan komunikazio arduradunak une hartan esan zidana: “Beitu zer antolatu duten, hau da guk lortu behar duguna. Jendeak ulertu behar du bere eskubideen defentsan borrokatzea ez dela soilik konfrontazioa, nekea eta pultsua mantentzea, kolektibo baten parte sentitzea ere badela, gauzak aldatzeko talde baten parte izatea, eta horretaz gozatzea”. Sindikalismoa beste modu batera komunikatzeko klabea iruditu zitzaidan hura.

Argazki galeria ikusi

2.- Garaipenak, erreferenteak eta imajinario kolektiboak

Aurrekoaren ildotik, sindikatuan izandako lehen bileretako bat ere badut gogoan. Han batu ginen, mahai baten bueltan, komunikazio arduraduna, Manu Robles-Arangiz Fundazioko zuzendaria, eta ni neu.

Bileraren edukia aldez aurretik ezagutzen ez nuela, orduan hasi zen fundazioko arduraduna 2016an irabazitako gatazkak zerrendatzen, baita horien inguruan komunikatiboki medioetan zabaldutako apurra kezkaz gogorarazten ere. Komunikatiboki “beste zerbait” egitearen beharraz mintzo zen, prentsa-oharraz, orri informatiboaz edo panfletoaz haratago, beste zerbait antolatzeko premiaz.

Hasi berria nintzen eta, egia esan, dena zen arrotza niretzat, ezezaguna oso. Enpresa hitzarmenak, hitzarmen sektorialak, garaipenak eta garaipenak zerrendatu zituzten. `Hori guztia lortu al da urte bakar batean?´, galdetu nion neure buruari. Argi zegoen zerbaitek huts egiten zuela hainbeste lorpen izanda ere, borrokatzeak ezertarako balio ez zuenaren mezua gailentzen bazen oraindik ere.`Baina, nortzuk ziren garaipen horietako protagonistak? Elkar ezagutuko al zuten?´galdetzen nion neure buruari.

Zerbait egin beharra zegoen. Orduan bururatu zitzaigun: hau ospatu beharra dago! Borrokan hain murgilduta gaude, batzuetan ahaztu ere egiten zaigula lorpenak ospatzea, kontatzea, errelatoa sortzea, finean. Kontakizunaren garrantzia gutxietsi egiten dugu. Langile klasearen memoria landu beharra dago.

Leloa zehaztu genuen orduan: `Eman bostekoa garaipenari´. Eta 2016an lan eta bizi baldintzak hobetzeko akordioa lortu zuten langile guztiak eta bidean zirenak festa giroan batzea erabaki genuen.

Hauxe emaitza (bideoa)

Gezurra badirudi ere, lehen aldia zen horietako askok elkar ikusten zutela, batzen zirena. Pertsona anitzak, borroka ezberdinetan ibilitakoak, denak garaileak. Borrokatu eta konfrontatu behar izan zutenak, bai, baina orain, lortutakoa ospatzen ari zirenak, elkarrekin. Eta hori baino gehiago, mezu garrantzitsua helarazten ari zirenak: `alternatiba badago, ez zaude bakarrik´. Ondorio asko atera genituen egun hartan:

Kanpora begira: `esaten ez dena ez da existitzen´. Eta horrek mezu zuzen eta argia bidaltzen dio jendarteari. Ez badugu ezagutzen irabazten den gatazkarik, funtsean, ez badugu erreferente positiborik, ez badiegu aurpegia jartzen elkartu, antolatu eta euren egoera prekarioa iraultzea lortu dutenei, bakarrik gaudela sentituko dugu, ez dagoela alternatibarik, zuri bakarrik gertatzen zaizula.

Gai honetan sindikalismo eta feminismoaren arteko paralelismoa egin daiteke. Izan ere, feminismoak irakaspen asko utzi dizkigu, besteak beste, pertsonala politikoa dela... eta alderantziz. `Arazoa ez zara zu, sistema da´. Bada, gauza bera gertatzen da lan eremuan: prekaritatea ez da zure errua edo zure arazoa, erabaki politiko baten ondorio zuzena baizik. ELAko idazkari nagusi ohi Txiki Muñozek esan ohi zuenez, “prekaritatea ez da fenomeno atmosferiko bat”. Eta horri aurre egiteko errelato eta erreferentzia positiboak ere beharrezkoak dira. Beste batzuek lortu badute, zergatik ez duzu zuk lortuko?.`Grebek ez dute ezertarako balio´, hain hedatuta dagoen ideia horrekin apurtzen laguntzen du.

Barrura begira: garaipenak ospatu behar dira, batu, elkar ezagutu eta elkarrekin ospatu. Horrek kolektiboa indarberritzen du. Borroka ezin da konfrontaziora mugatu, ospatu beharra dago.

Ekoizpen kapitalistaren moldeetan ez jausi. Sistema kapitalistan bizi garen heinean, ezkerrak ere eredu horrek inposatzen dituen bizi eta lan egiteko moldeetan erortzeko arriskua dauka: ekoiztu gelditu gabe, arin, presaka... Oso agerikoa da hori komunikazioan. Arin komunikatu beharra dago, berehala, labur, ia-ia pentsatu gabe. Sare sozialek goitik behera aldatu dute komunikazioa. Ezinbestekoak badira ere, ezin genezake ahaztu hausnarketarako plazak ere behar ditugula, iraultza ezin dela tweet batean azaldu, ez behintzat, hor bakarrik.

3.- Epika obrero intersekzionala: epika obrero feministarantz

Gogoan ere badut ELAn hasi berritan aurrez aurre aurkitu nuen borroka. Bizkaiko erresidentziena, 370 egunez greban izan ziren emakumeak protagonista izan zituena.

Orduan ez nintzen guztiz kontziente klase borroka ez ezik, greba feminista baten aurrean ere baginela. Eta hori kontatu beharra zegoen. Eta horrek kontatzeko modua aldatu zuen. Langile klasearen prekaritateari emakumeei ezartzen zaien prekaritate dosia gehitzen zitzaion.

Komunikazioari astindua eman zion horrek. Lan gatazkaren berri ematea jada ez zen nahikoa, langile klasearen errelatoari abizena falta zitzaion, langile borroka ezezik, borroka feminista ere baitzen hura. Erresidentzietako langile grebalarien mobilizazioak ez ohikoak ziren. Ia denak emakumeak ziren pankartaren atzean eta bozgoragailua eskuan ahotsa altxatzen ari zirenak. Ez ohikoa zen hori sindikalismo tradizionalean. Burura datozkigu gizonen irudiak, piketeak... Baina borroka honetan emakumeak ziren protagonista, bozgoragailua eskuan egunero kalera ateratzen zirenak euren aldarrikapenak gizarteratzeko. Anitzak ziren mobilizazio forma berriak ehundu zituzten: dantzan egiten zuten, kanpaldiak antolatu, performance-ak... Borroka eredu berriak erakutsi zizkiguten, baita komunikazioaren ikuspegitik iruditeria eta errelato berriak sortzera behartu ere. Bejondeila!

Bizkaiko erresidentzietako borroka irudietan (bideoa)

Umeak ere sarri ikusten ziren manifestazioetan, eta hau ere ez zen kasualitatea. Gizonak nagusi ziren mobilizazioetan zailagoa zen halako irudiak ikustea. Horrek izan zuen bere ibilbidea. Izan ere, borrokak aurrera egin ahala emakume grebalari askok etxeko espazio pribatuko zaintza lanak modu orekatuan banatzeari ekin zioten, kalean, espazio publikoan ere aritzeko. Planto egin zuten etxean, kalean ere jardun ahal izateko. Klase borrokatik abiatuta ahaldundu ziren asko; langile klase izatetik euren burua feministatzat jotzera igaro ziren asko. Langile klasea ere badelako subjektu feminista.

Emakume hauek gauza asko zituzten munduari kontatzeko, lan-eremua gainditzen zituzten borroka anitz, soldatez haratagoko borroka baitzen hura; besteak beste, emakume izate hutsagatik patronaletako trajedun gizonek botatzen zizkietenak kontatu nahi zituzten.

"Nos llaman limpiaculos". Bizkaiko erresidentzietako emakumeen testigantzak (bideoa)

Soldata eta lan-baldintzez hitz egin nahi zuten, noski, baina baita zaintza duinaz, bizitza erdigunean jartzeaz. Greba hau greba feminista ere bazela kontatu nahi zuten, lan gatazkatik abiatuz feminismoa besarkatzera heldu zirela partekatu ere. Bizitzaren sostengurako ezinbestekoak diren zaintza lanak prestigiorik deus ez zutela ozen oihukatu nahi zuten. Lan baldintzak hobetu nahi zituzten, noski, baina baita zaintza bera ere, eta ondorioz, jendartearen bizitza.

Jendarteak ikusezin bilakatzen zituela partekatu nahi zuten. Euren betaurrekoekin argi ikusi genuen kapitalismoak zaintza eta zahartzaroari baliorik aitortzen ez diela. Ekoizpenaren definizio itxian sartzen ez den oro ertzetara eramaten duela; pertsona batek sistemarentzat ustez produktiboa izateari uzten dionean alboratu egiten duela, isilarazi. Zaintza eta zahartzaroa, bata bestea bezain ikusezina. Gauza bera gertatzen zitzaien eurei. Langileak ziren, zaintzaz arduratzen ziren langileak, baina patronalak ez zituen beharginak ikusten, emakumeak bakarrik ikusten zituen. Gainera, ordura arte debalde eta maitasunaren izenean egindako lana soldata duin baten truke egitea aldarrikatzen zuten. Zergatik ordaindu orain?

Borroka honek argi utzi zuen errelato obrero feminista behar genuela, elkarren aitortza, langile klasea ere badelako feminismoaren subjektu politikoa, eta alderantziz. Irantzu Varela Urrestizala feministak ondo azaldu zuen Bizkaiko erresidentzietako gatazka eta garaipena jasotzen duen `Berdea de More Berria´ (Onintza Irureta Azkune) liburuaren hitzaurrean:

Hemen testuaren pasarte bat:

Langile borrokaren epikan emakume gutxi dago.

Koadroetan besoetan eusten diegu haurtxoei, ogia eta arrosak eskatzen ditugu, edo “gure” gizonen ondoan ibilian goaz… baina gutxitan idatzi dugu langile borrokaren epika.

Zeren langile borrokak denbora gehiegiz ulertu du zapalkuntza nagusia dela ugazabek gizonei lan-indarra ebastea. Gizonok egunero beraien etxetik ateratzen ziren biziraupena irabazteko, doi-doi ez hiltzeko balio zuen biziraupena.

Klase kontzientzia kontzientzia feministarekin batera ezagutu nuen, gure etxean denek egiten zutelako lan asko, baina emakumeek ez zuten kobratzen

Langile borroka fabrikatan, lantegitan, meategitan, muntaia-kateetan, obretan, itsasontzitan, landa eremutan marraztu da. Beso sendoz, esku handiz, bizarrez, eta ahots baxuz margotu da. Halakoa da koadroa, langile borrokak (edo gutxienez zati batek) jarraitzen du pentsatzen kapitalismoaren zapalkuntza nagusia klase zapalkuntza dela. Klase barruan zapalkuntzarik (eta zapaltzailerik) egongo ez balitz bezala.

Irakurri hemen Irantzu Varela Urrestizalaren hitzaurre osoa

Ideia horretan sakondu zuen, hain zuzen, Soraya García Bizkaiko erresidentzietako grebalarietako batek, Euskalduna ontziolaren borroka lehen pertsonan bizi izan zuten beste emakume batzuekin batera.

Etzun hemen bere testigantza (bideoa)

Dokumentala osorik ikusteko

WhatsApp Image 2020-01-15 at 10.04.00.jpeg

Eta noski, azkenean garaipena lortu zuten, eta nola ez, ospatu egin zuten, imajinario kolektiborako irudi zirraragarriak utziz.

Ikusi hemen garaipena irudietan

Adibide gehiago

Ez ziren, ordea, garaipena lortu zuten bakarrak. Bide horri jarraikiz, hainbat dira bide beretik jo duten gatazkak. Horien artean, Elorrioko udal eraikinen garbiketaz arduratzen ziren langileena, soldata arrakala pairatzen zutenak, eta, besteak beste, %20ko soldata igoera lortu zutenak, beti ere, bost hilabete luzez greban iraun eta gero. Orain arte jarritako adibide guztiek badute ezaugarri bat komunean: emakumeak direla nagusi. Eta hau, ez da, inondik inora, kasualitatea. Prekarizatuen dauden sektoreak feminizatutako sektoreak izatea kasualitatea ez den bezala.

Ez da kasualitatea zerbitzuetan, lan baldintza prekarioenak dituzten sektorean, emakumeak nagusi izatea.

Halere, txanponaren beste aldera begiratzeak ere merezi du: izan ere, gero eta emakume gehiago dira elkartu eta antolatzeko erabakia hartzen dutenak. Eta emakumeek elkartu eta borrokatzeko hautua egin izanak sindikalismoa bera eraldatzera eraman gaitu ezinbestean, geure burua zalantzan jarri eta interpelatzera. Eta horrek, noski, eragin zuzena izan du gatazkak, garaipenak eta sindikalismoa bera komunikatzeko moduan.

Gogoan daukat ere Bilboko NH eta Barceló hoteletako lorpen sindikala. Euren egoera prekarioa zen oso, hori ere ez zen kasualitatea izan. Logela bakoitza garbitzeagatik bi euro eta erdi kobratzen zuten; kasurik onenean hilean 800 euro jasotzen zituzten. Kasurik onenean, beti ere. 12 herrialde ezberdinetako langileak izan ziren borroka honen protagonistak. Angela Davisen arraza, generoa eta klasearen bidegurutzea. 47 egun greban buru belarri aritu ostean garaipena lortu zuten. Eta ospatu ere, noski, hori ere badelako borroka; alternatiba badagoenaren mezua zabaltzeko bidea, hain zuzen ere.

Ikusi hemen garaipenaren argazki galeria

SORMENA, GAZTEAK ETA GARAIPENAK

Gazteek ere badute zeresana sindikalismoa eta komunikazioaren eraldaketan. Asko dute esateko eta sindikalismoak ahotsa eman behar die.

Honen adibide da UBIKeko gatazka (Tabakalerako liburutegia). 2018. urtera goaz orain. UBIK ez zen ohiko liburutegia, edizioa, telebista platoak, bideo-jokoak... erabiltzeko aukera ematen zuen, Tabakaleran gehien erabiltzen zen zerbitzua izateraino. Gazteak ziren bertan lanean ari zirenak, akademikoki ondo prestatutako gazteak, lan baldintza oso kaxkarrak zituztenak, ordea. Bada, zortzi hilabetez greba egin behar izan zuten langileek euren lan-baldintzak hobetzeko. Gazteak + kultura, baldintza are kaxkarragoak.

Grebak iraun zuen bitartean formula komunikatibo berriak planteatu zituzten, besteak beste, egunkari birtual bat jarri zuten martxan `Bitakora koadernoa´ izenekoa, hain zuzen ere. Hala, egunean egunean kontatzen zuten greba baten atzean zegoena. Gazteen hizkuntza eta perspektibatik sortutako errelatoa zen, bizipen pertsonaletatik abiatuta kontatzen zuten nolakoa zen greba bat barrutik. Lan arloa eta bizipenak, emozioak batu zituzten, greba baten atzean pertsonak daudela islatuz.

Hemen pasarte bat:

Esta situación por la que pasamos no deja de ser sorprendente:

Ayer de madrugada el grupo que conformamos los trabajadores de Mediateka recibimos un mensaje de una de nuestras compañeras.

Le he pedido permiso para compartirlo en el blog y le ha parecido bien. Al fin y al cabo esto es una plataforma donde todos podemos expresar nuestras experiencias a lo largo de todo este proceso así que, ahí va el texto, manuscrito, por cierto (esta Amparo nuestra es una romántica y escribe a mano, con papel y boli, a lo locooooo).

Bitakora koadernoa hemen irakurgai

4.- Kontakizunaren borroka

Azken hilabete hauetan, hitzek eta kontzeptuek kontakizun komun baten sorreran duten garrantziaz ere hausnartzen hasi gara. Beste erronka handi bat: kapitalismoaren kontakizuna desmuntatzea eta langile klasearen errelatoa sortzea. Eta horretaz asko dakite sistemak eta kapitalismoak. Hitzak ez dira neutroak baina kontrakoa sinetsarazi digute. Eta irabazten ari dira, oraingoz. Adibide batzuk:

  • Presio fiskala: zergak zigor bezala aurkezten dituzte, zama balira bezala, gizarte ongizatean sakontzeko tresna direla ezkutatuz.

  • Lan merkatua: langileok lan merkatua al gara?

  • Absentismoa: estatistikak zabaltzen direnean jendeari ez zaio azaltzen zifra horien baitan oporrak edo medikuak emandako bajak daudenik.

  • Egonkortasuna versus aldaketa, aldaketak txarrak balira bezala.

Oso nabaria da gaztelaniazkoa terminologian:

  • `Concertación´(ona) versus `confrontación´(txarra).

  • `Ajuste / Recorte / Redimensionar´, murrizketa hitza erabili ordez.

  • `Optimizar recursos´, murrizketak esan ordez.

  • `Me cojo la baja´ versus `me dan el alta´.

  • Responsabilidad social empresarial (ona balitz bezala).

  • `Inversión pública en infraestructuras´, ondo; `gasto social´, gastua, beraz, albiste txarra.

  • `Ayuda/subsidio´, eskubideez hitz egin beharrean.

  • Kontraboterea: kritikoa izatea zerbait txarra balitz bezala azaltzen da, `antisistema´ izatea.

Hauek adibide batzuk baino ez dira, baina beste asko daude, sindikalismoak beste erronka komunikatibo. Jarraituko dugu lanean; jarraituko dugu ikasten. Ez dadila haria eten.