Bost gako ulertzeko zer ari diren adosten (eta zer ez) sindikatuak eta Confebask

2017/01/13
ELA_akordioa.jpg
Euskal lan esparrua estatukoarengandik lehenesteko hurbilketa saioa egin dute EAEko enpresen %6 ordezkatzen duen Confebaskek (Adegi, Cebek eta SEA) eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Jon Azkue Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuordeak datu bat gogoraraziz neurtu du sindikatuen eta patronalaren artean izandako bileraren garrantzia: EAEn ez da halako akordio bat sinatu 1999az geroztik. Vocento eta Noticias taldeetako egunkariek, bestalde, azaldu dute akordioa esku-eskura dagoela eta sindikatuek datorren asteartean hartuko duten postura dela “inkognita” bakarretakoa.

Urko ApaolazaUrko Apaolaza (artikulu hau Argiako blogean argitaratu du)

Sektore arteko akordioa lortzeko egindako bilerari garrantzi handia eman diote Confebaskek, hedabide handiek eta Jaurlaritzak. ELA eta LAB, aldiz, zuhurrago azaldu dira, zergatik?

Euskal lan esparrua estatukoarengandik lehenesteko hurbilketa saioa egin dute EAEko enpresen %6 ordezkatzen duen Confebaskek (Adegi, Cebek eta SEA) eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Jon Azkue Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuordeak datu bat gogoraraziz neurtu du sindikatuen eta patronalaren artean izandako bileraren garrantzia: EAEn ez da halako akordio bat sinatu 1999az geroztik. Vocento eta Noticias taldeetako egunkariek, bestalde, azaldu dute akordioa esku-eskura dagoela eta sindikatuek datorren asteartean hartuko duten postura dela “inkognita” bakarretakoa.

Patronalaren jarrera aldaketa uler liteke, agian, orain arte monolitikoa izan den mundu horretan pitzadurak ikusi direlako

ELAk eta LABek ordea ez dute itxaropenik hauspotu nahi. Confebaskek nahiko garbi utzi du ez duela sektore arteko akordioaren barruan itun kolektiboen negoziazioa desblokeatzeko konpromisorik hartuko. Sindikatuen ustez, horrek akordioari eraginkortasuna kentzen dio: zertarako nahi dugu halako aterki bat gero zabaltzerik ez badugu? Nolanahi ere, akordioa “bide onetik” doala uste dute. Hona hemen alde bakoitzaren jarrera ulertzeko bost gako.

1-Aurrekariak. Ez da lehen saiakera. 2012an eta 2013an patronalaren eta hainbat sindikaturen (LAB, CCOO eta UGT) arteko elkarrizketa saio antzuak izan ziren akordio interprofesionala lortzeko. Confebaskek aurrebaldintza batzuk jarri zituen, tartean enpresetan sindikatuek euren arma nagusia den ekintza sindikalari uko egitea. Alegia, EAEko lan hitzarmenak bai, baina nik nahi ditudan modukoak. Sindikatuek, aldiz, jadanik abian ziren Espainiako Gobernuko lan erreformen aurrean hainbat neurri jarri zituzten mahai gainean.

2- Lan erreformak. Espainiako Gobernutik bultzaturiko lan erreformek abantaila handia eman diete enpresariei. Esaterako, Rajoyren lan erreformak ultraaktibitatea bertan behera utzi izana pagotxa izan zen patronalarentzat: negoziazio kolektiboa blokeatu zuen eta milaka langile hitzarmen gabe geratu ziren 2013ko uztailaren 7an; enpresariei estatu mailako hitzarmenak aplikatu eta langileen lan-baldintzak “flexibilizatzeko” (sic) bidea ireki zien horrek. Itunen negoziazioak blokeaturik jarraituz gero, erreforma horien eragin gaitasuna berbera izango da.

3- Zergatik orain bai? Azaroaren 30ean Confebaskek akordiorako zirriborroa eskaini zuen eta aurreko bi saioetan ez bezala, ekintza sindikalari uko egitea (“bake soziala”) ez da marra gorri bat izango berarentzat. Patronalaren jarrera aldaketa uler liteke, agian, orain arte monolitikoa izan den mundu horretan pitzadurak ikusi direlako: sindikatuek sektoreetako patronal zehatzekin akordioak lortu dituzte (merkataritzakoa kasu) eta Confebasken ordezkaritza auzitan jartzen duen enpresari txiki eta ertainen beste elkarte bat sortu da, Garen. Patronalaren jarrera aldaketa hori funtsezkoa izan da, orain –lehen ez bezala– erkidegoko sindikatu nagusiena den ELA mahaian eser dadin.

4- Konpromisoa. Sektore arteko akordioa hanka hutsik jaioko da hortik haragoko pausoak emateko neurriak ez baditu zehazten. Eta hori ondo dakite sindikatuek. Horregatik, urtarrilaren 10eko bileran Confebasken zirriborroari jarri dioten alegazio nagusia izan da itunak desblokeatzeko negoziazioa hasteko “konpromisoa” jaso dezala, oraindik sinatu gabe dauden hitzarmenak ere akordio horren abaroan gera daitezen. Baina Confebasken ustez balizko negoziazio kolektiboan eragingo luketen horrelako “aldagaiek” sektore arteko akordioa arriskuan jarriko lukete, “beste aldietan bezala”.

5- Akordioaren balizko ondorioak. ELAk eta LABek ez diote atea itxi konpromiso hori ez dakarren akordioari, eta gauzak asko okertu beharko lirateke urtarrilaren 17ko bileran edo horren ostean gutxieneko adostasun batera ez iristeko. Besterik da ekarriko dituen ondorioez zein irakurketa egiten den. Batetik, ikusi beharko da zer ebazpen emango duten epaitegiek euskal lan esparruari dagozkion hainbat auziren inguruan; ELAren ustez akordioa zalantzan jar dezakete. Bestetik, ez du lan-harremanen “pazifikazioa” ekarriko, zenbait mediotan zabaldu nahi izan duten moduan. Sindikatuek jarraitu beharko dute borrokatzen bertako lan-hitzarmen duinak lortzeko, akordioak ez baititu (paradoxikoki CCOO eta UGTren laguntzaz) Madrildik datorren esku-hartzetik blindatuko.