Burua erronkaz beterik
Ainize Butron, Enbata aldizkarian argitaratua.
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Ondoko hilabeteetan datorzkigunak hitz labur batzuekin laburbildu behar bagenitu, honako hauek baliatuko genituzke: erronka berriak, edo desafio berriak. Anitzak dira mugimendu abertzale, ezkertiar, alternatibo, euskaltzale eta abarrek, urtero, esanguratsuak zaizkien gaiak pil pilean mantentzeko edo injustizia bati aurre egiteko bultzatzen dituzten ekimen eta ekintzak. Baina, 2023 urte honetan datorzkigun hitzorduek bide orria hozka batez goratzen dute eta funtsezko eztabaida batzuk mahai gainean jartzen. Hori bereziki egia da mugimendu abertzaleak bere buruari finkatu dizkion helburuekin, Bagira prozesuaren bidez abiatu gogoetak ondoko urteotako mugimendu abertzalearen ildo politikoaren marraztea baitu helburu.
2023 urte hasiera honetako gai horien ildo politikoek finkatu epeek puntu amankomunak dauzkate. Eta Apirileko hilabeteak epeei dagokienez garrantzi berezia izango du.
Agendan elkartuko zaizkigun erronkak erran bezala ez dira makalak. Mugimendu abertzaleak bere lehen harria Itsasun jarri zuenetik hirurogei bat urte igaro direla-eta, Bagira prozesuak zimenduak birfundatu nahi dizkio. Apirilaren 8 eta 9an iraganen den Aberri Egunean finkatu du bere lehen hitzordu nagusia. Aurreko hamarkadetan gertatutakoa gogoan izanik, mugimendu abertzalearen berrindartzea eta erronka garaikideen bereganatzea du xede.
Apirilean bigarren hitzordu nagusia Herrian bizi plataformak antolatzen duen etxebizitzaren aldeko manifestaldia izanen da. 2021eko azaroan 8.000 lagun bildu ziren Baionako karriketan, etxebizitzaren gaiarekiko ekimenei begira historikotzat eman den mobilizazio egunean. Zenbait urrats eman dira geroztik, baina, herrian bizitzeko eskubidea bermatzeko eta espekulazioaren kalteak mugatzeko behar diren tresna eraginkor guziak plantan jartzeko, ezinbestekoa da indar harremanaren azkartzea. Eta apirilaren 1ean izanen den mobilizazioak helburu honi aurre egitea izanen du xede: 2021eko manifestaldiari begira, historian eta aldarrikapenean hozka bat gorago jartzea, mobilizazioa inoiz baino jendetsuagoa izanez. 2021eko azaroan han izan zirenek berriz ere elkartu beharko dute datorren apirilean beste ehunka laguni ongietorria emanez.
Beste bi borroka gehitu zaizkigu agenda kargatu horretan: milaka lagun kalera atera dituen erretreten erreformaren aurkako mobilizazioa, eta, berriki Irun, Donostia eta Baionako auzapezek AHT trenbide berriaren aurka zabaldutako adierazpen amankomuna.
Ekimen eta gertakari guzi horiek ez ditu soilik datak elkarri lotzen, baina ikuspegi amankomun batek ere bai, horrela herri honek nahi dituen gizartearen zimenduak eraikitzen segitzen baitu pixkanaka. Inposatua zaigun ordenari jarraitzeko nahikari eza mahai gainean jartzen da berriz ere, baita gure buruaren jabe egiteko bideak urratzen segitzen ere.