Burujabetza teknologikoa teknologia berrien alorra demokratizatzeko

2023/07/11
Photo by Carl Heyerdahl on Unsplash
Photo by Carl Heyerdahl on Unsplash
2023ko apirilaren 28an, Lan Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko Eguna, aldaketa teknologikoek langileen osasunean duten eragina aztertzeko, Kutxabank eta ehungintzako langileen lekukotzaz gain, Leongo Unibertsitateko Henar Alvarez Cuestaren hitzaldia entzun genuen. Dokumentu honetan bildu ditugu hiru hitzaldiak, "Digitalizazioa eta lan osasuna: Digitalizazioaren arrisku psikosozialak eta antolakuntza sindikala" izenburupean, Pello Igeregi ELA sindikatuko Lan Osasun arloaren arduradunaren hitzaurrearekin.

Dokumentu osoa irakurri

Kutxabankeko langileen testigantza ikusi

Gipuzkoako jantzi dendetako langileen testigantza ikusi

Henar Álvarez Cuestaren hitzaldia ikusi

Pello Igeregiren hitzaurrea: Burujabetza teknologikoa teknologia berrien alorra demokratizatzeko

Garapen teknologikoak ez dira gizartearen hobebeharrez diseinatzen, are gutxiago langileak askatu eta hobeto bizitzeko. Bizitza bera pribatizatuta dagoen sistema ekonomiko honetan, garapen teknologikoa enpresa pribatuek zuzentzen dute helburu bakar batekin, dirua irabaztea. Zaharegoitzak pribatizatzen diren arrazoi berarengatik hedatzen dira adikzioa sortzeko diseinatuak dauden sare sozialak, biek ala biek diru-irabaziak sortzen dituztelako. Zergatik sortu ziren Facebook, Whatsapp, Tik-tok, Uber, Cabify, Airbnb edo bestelako sare sozial eta plataforma digitalak? Sortzaileak aberasteko.

Azken hilabeteetan teknologia berrien aplikazioak dauzkan ondorio etikoei buruzko eztabaida zabaldu da, bereziki inteligentzia artifizialaren inguruan, baina ez zaio sakoneko eztabaidari heldu: gizateriak non erabakitzen du zer ikertu behar den eta gizartearen zein beharri erantzun behar zaion? Inon ez, kapitalak erabakitzen du bere interes propioen baitan gizakiok zer behar dugun. Euskaldunok elikadura burujabetza, burujabetza ekonomikoa edo hizkuntza burujabetza behar dugu, esparru horietan guztietan euskal herritarron interesen aldeko erabakiak hartu ahal izateko. Hein berean, burujabetza teknologikoa ere aldarrikatu behar dugu teknologia berrien alorra demokratizatzeko, herritarrok erabaki dezagun hobeto bizitzeko ikerketarako inbertsioak zertan egin eta teknologien aplikazioa Euskal Herrian nola gauzatuko den erabakitzeko.

Demokratikoki eztabaidatzerik ez denez, enpresa transnazionalek inposatzen dute gizarteak zer behar dituen. Besteak beste teknologia garatu da lana antolatzeko eta gizakion artean komunikatzeko, baita langileon artean ere. Aurrerapen teknologikoak omen dira, baina inork ez ditu beren aplikazioen ondorioak aztertu martxan jarri aurretik. Esaterako, enpresa batean langile eta bezeroen arteko komunikazioak edonork ikusteko moduko aplikazio informatiko baten bitartez egitea erabakitzen denean inork aztertu du horrek zein eragin duen? Kutxabanken ELAko atal sindikalak egin du, enpresak lanpostuak suntsitu ditu, langileekiko presioa izugarri hazi da eta, era berean, bezeroen arreta okertu da.

Eta nola erabaki da Inditex taldean salmenta eredua aldatzea, online erosketen alde? Enpresak inposatutako erabakia izan da hori ere. Ondorio zuzena lanpostuak suntsitzea eta lan-kargak handitzea izan da.

Apirilaren 28an Lan Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko Eguna ospatu genuen. Kutxabankeko eta ehungintzako langileen lekukotza jaso genuen Kursaalen antolatutako hitzaldian izan ginenok. Eta enpresa horietan gertatutakoa eta beste hainbat egoera sistematizatzeko Henar Alvarez Cuesta, Leongo Unibertsitateko irakaslearen hitzaldia ere jaso genuen, aldaketa teknologikoek langileen osasunean duten eragina aztertzeko.

Kapitalaren eskuetan teknologia berriak lanpostuak suntsitzeko, produktibitatea handitzeko eta langileekiko kontrol mekanismoak hedatzeko erabiliko dira. Horrez gain, langileen osasuna ere zuzenean kolpatua izaten ari da. Langile mugimenduarentzat amiantoa arrisku faktore garrantzitsu izan den neurri berean aztertuko da hemendik urte batzuetara teknologia berrien eragina.

Kapitalak gure osasuna okertzen du eta gainera gu bihurtzen gaitu gure gaixotasunen errudun. Kultura neoliberalak gure ongizate fisiko eta emozionala lortzeko introspekzio ariketa hutsak bultzatzen ditu, gaizki sentitzea norbanakoen ardura hutsa bailitzan (ez dakizu zoriontsu izaten) eta ongi egoteko terapia konponbide bakarra bailitzan. Lanik ez izatea enplegagarritasun faltarekin lotzen den bezala, zoriontasuna zoriontsu izateko baliabide indibidualak izatearekin lotzen da, soldata duin bat izateak zoriontasunarekin loturarik izango ez balu bezala.

Langileak izorratuta daude esplotatzen dituztelako. Langile askorentzat terapia eta farmakologia beharrezkoak dira, baina sindikatu gisa gure ardura da langileen osasuna okertzen dituzten arrisku faktoreak desagertaraztea, eta ez dago kapitalismoa baino arrisku faktore handiagorik. Hori bai, kapitalismoa eraitsi bitartean lanaren digitalizazioak langileongan duen eragina aztertu eta arrisku berriei aurre nola egin ikasi behar dugu. Apirilaren 28ko ekitaldia helburu horrekin antolatu genuen. Kursaalean egondako 500 militanteok entzundakoa ELAko ordezkari eta afiliatuekin partekatu nahi dugu publikazio honen bitartez, sistemak dakarren kulpabilizazio indibidualistari antolakuntza kolektiboaren bitartez erantzuteko, sindikatu gehiagorekin Lorazepan gutxiago beharko delako. Autolaguntza liburuak beharrean guk sindikalizazio prozesuak proposatzen ditugu.