Digitala bizidunaren aurrean: kasu!

2021/10/07
numerique.jpg
Digitala ez da onura ekarlea bakarrik. Teknofobia diskurtsoetatik urrun, digitalizazioa bere tokian berriz kokatzeko xedea dugu, tresna teknikoaren tokian, ez gehiago, ez gutiago, dituen alde on eta txarrekin ... Ipar Euskal Herrian, Bizi elkartea, 2009az geroztik, borrokatzen ari da klimaren eta justizia sozialaren alde. 2021ean, gai hori landuko duen taldea sortu du, honen bide-orriaren helburua da digitalaren akatsak salatzea, herritarrak sentsibilizatzea, tokiko eragileak galdezkatzea eta digitalaren efektu kaltegarriak murrizteko alternatibak proposatzea.

Francisco Ordas, Bizi! mugimenduko kide (Euskal Herria Digitala manifestuaren sinatzailea) El Salton argitaratuta

Digitalizazioa guztiontzat” fenomenoaren eta iragarri zizkiguten hainbat onuraren euforiaren ondoren, duda sortzen zaigu eta digitalizazioaren beste aurpegiak pixkanaka agertzen hasten dira, gizakiarentzat zein planetarentzat hain onak ez direnak…

Internet saileko teknologien bat-bateko gorakadak, sareen hedapenak eta smartfonen inbasioak handizki eragin zuten gure bizitza pribatuan zein profesionalean ditugun jarduera gehienen digitalizatzea. Soluzionismo teknologikoaren mugimenduak ekarria, digitalak bere alde onak erakutsi zituen lehenik, automatizazioaren bidez, prozesuen optimizazioaren bidez, informaziora iristearen bidez eta honen zabalkundea erraztearen bidez.

Hala ere, digitala ez da onura ekarlea bakarrik. Teknofobia diskurtsoetatik urrun, digitalizazioa bere tokian berriz kokatzeko xedea dugu, tresna teknikoaren tokian, ez gehiago, ez gutiago, dituen alde on eta txarrekin, Bernard Stiegler filosofoak idatzi zuen bezala: «Teknologia oro pharmakona da: hitz greko honek erran nahi du aldi berean pozoia eta sendagailua dela. Teknologiaren pharmakonak promesak dakarzki, baina beti mila arazo sortuz lehenik, eraikiak dauden esparruak suntsitzetik hasten baita.»

Teknologia digitalak berotegi-efektuko gasen isurketen % 4 inguru osatzen du (hau da, aireko trafikoak bezainbeste) eta dagoeneko mundu mailako elektrizitate-kontsumoaren %10, 2025 urtera arteko %10 inguruko hazkundearekin.

Beraz, ondoriozta dezakegu teknologia digitala berotze globalaren eta planetaren estresaren arloan eragile handietan kokatzen ari dela.

Hala ere, oso gutti aipatzen da, seguruenik ere teknologia digitalak alde "birtual" hori duelako, baitirudi karbono jatorriko energien eta berotegi efektuko gasen arazoekin harremanik ez duela. Dena den, digitala ez da materiarik gabea, “desmaterializazio” terminoak hori iradoki dezakeen arren; guztiz alderantziz baizik... Digitalari buruz hitz egiten dugunean, erabiltzailearen azken ekipamenduak (telefonoak, tabletak, ordenagailuak) askotan interneteko zerbitzu eta aplikazio gehienetarako ezinbestekoak diren beste ekipamenduak izkutatzen ditu. Hots, sareak (kable bidezkoak, wifi, 4G / 5G) eta Datacenter-ak, aplikazioak funtzionatzeko aukera ematen duten zerbitzariak eta biltzeak ostatatzen dituztenak.

LCA (Life Cycle Analysis - Biziraupenaren Zikloaren Analisia) metodoak gorago aipatutako hiru ekipamendu moten ingurumen-inpaktuak neurtzen ditu, produktu baten bizitzako hiru etapetan (diseinua, erabilera, bizitzaren bukaera). Emaitzak, argi eta garbi erakusten du, funtsean, erabiltzaileen ekipamenduen diseinua eta erabilera direla ingurumen inpaktuen iturri nagusia,% 60 eta 85 artean, neurtutako elementuen arabera.
Kontzepzioari, askotan gure mendebaldeko modeloetan ez diogu kasurik egiten Asian egiten baita, baina, mundu mailan Smartfonaren erabilpen orokortuari lotua da, eta inguramenean eragin handia du egiten diren erauzketengatik (metal bakanak), ur kontsumo masiboagatik eta sortzen dituen kutsatzeengatik.

Erabilpena, tresna digitalei diegun dependentziari hertsiki lotua zaio eta berezikiago bideoaren garapenari, dentsitate handiko euskarria delako. Adibide bat ematearren, nahieran baliatzen diren bideo zerbitzuen (Netflix, Youtube…) berotegi efektuko gasen isurketa Txile bezalako herri batek isurtzen duenaren heinekoa da.

Azkenean, ezin daiteke planetaren estresa aipatu, bioaniztasunean 5G bezalako teknologien garapenak eragindako arriskuak aipatu gabe. Azken horiek, gure lurraldean zabalduko dira, bizidun guztiengan izan ditzaketen ondorio sanitarioei buruzko ikerketen emaitzak itxaron gabe.

Digitalak ez du planetan bakarrik eragiten estresa, gizartea bere osotasunean estresatzen du ere, «eraikitako markoetan» aldaketa sakonak sortzen baititu, bai, lan munduan, hezkuntzan edo eremu publikoan adibidez.

Neurrigabeko ahalak dituen teknologia orokorra da (Adimen Artifiziala, 5G, konektatutako objektuak ...) gure gizarteetan isil-isilik sartzen ari dena, etorkizun bat marrazten duena, distopia askok ongi deskribatzen dutena, non gizakia ez den gehiago gizarte-ereduaren bihotzean.

Azkenean, gizakiak ere estres digital zuzena pairatzen du, gure egunerokoa inbaditu duen tresna honen bidez: delako «smartphone» telefonoa. Alta, smartfoneak zerbitzu anitz eskaintzen ditu egunero, baina "pharmakon" enblematikoa ere da. Smartfoneak, "denboraren lapurrak", menpekotasuna sortzen du, hein handi batean plataformek eta tresneria saltzaileek antolatua, eta horrek gure osasun mentala eta fisikoa sakonki nahasten ditu. Gehitzen badugu gure bizitza pribatuen urraskako desegitea, gure datuak erabiliz, errazki igarri dezakegu autonomia eta borondate askea galtzea, biharko gizaki konektatuaren egunerokoa izan daitekeela.

Ipar Euskal Herrian, Bizi elkartea, 2009az geroztik, borrokatzen ari da klimaren eta justizia sozialaren alde. 2021ean, gai hori landuko duen taldea sortu du, honen bide-orriaren helburua da digitalaren akatsak salatzea, herritarrak sentsibilizatzea, tokiko eragileak galdezkatzea eta digitalaren efektu kaltegarriak murrizteko alternatibak proposatzea.

Xehetasun gehiago eskuratzeko: numerique@bizimugi.eu

Jatorria: https://www.greenit.fr/etude-empreinte-environnementale-du-numerique-mondial/