Edozein opresio pairatzen duten subjektu guztiak batu nahi ditu Queer mugimenduak, sistemari aurre egiteko

2024/07/04
IzaiBujanda.jpg
Aurten kolektiboaren Q hizkian jarri nahi izan dugu arreta. Berez, queer arraroa den hori da, oker dagoena. Maritxuentzako, lesbianentzako, transgeneroentzako irain bezala erabiltzen zen hitza zen, baina resignifikazio prozesu baten ondoren, irain hori kolektibo bat izendatzeko modu bezala bihurtu zen. Eta orduan, Queer, gorputz anitzen mugimendua sortu zen.

Izai Bujanda, ELA sindikatua (ELA sindikatuak ekainaren 27an Donostiako Tabakaleran egin zuen “Qtik Transfeminismorantz, identitate disidenteak klase borrokaren parte dira” mahai inguruaren sarrera)

Queer mugimendua ez zen gorputzak deskribatzeko modu bat, baizik eta arauaren kanpo zeuden gorputz eta ahots horiek, generoa eta kategoria estanko horiek desafiatzen zituzten pertsona horien gorputzak seinalatzeko modu bat, arautik kanpo zeudela seinalatzeko modu bat. Eta hor kokatzen dugu transfeminismoa, feminismo intersekzionalean, aldarrikatzen ez dagoela identitate bakar bat. Subjektu bakarra mugimenduaren subjektu bihurtzen dugunean, subjektu asko edo jende asko uzten dela atzean, eta denok batera edo elkarrekin aurrera egin behar dugula. Eta atzean inor ez uzteko beharrezkoa dela sistemak probokatzen dituen opresio guztiak kontutan hartzea eta opresio horiek pairatzen dituzten pertsonak ere barnean hartzea.

Transfeminismoak oso ekarpen iraultzaileak egin ditu gizartearen zimenduak zalantzan jarriz. Esaten da generoa zerbait performatiboa dela. Diskurtso esentzialistetatik alde egiten du, baita binarismoaren kontra ere. Kontra egiten du ulertuz ez daudela kategoria estankoak eta subjektu abstraktu horren atzean aniztasun mota askotako bizipenak egon daitezkeela. Eta persona transen despatologizazioaren alde ere borroka egiten du.

Hau, besteak beste, ELAk gaurko eguneko kartelean sinbolizatu nahi izan duena. Genero identitate zehaztu gabea edo genero rolak desafiatzen dituen irudi bat hartu dugu, eta hor ikusten da gizon eta emakumearen kategoria horiek zalantzan jartzen dituen irudia, normaltasun edo genero rol normalizatu horiek zalantzan jartzen dituena. Eta aipatu beharra dugu transfeminismoaren postulatu hauek oso erreakzio erasokorrak sortu dituztela, eta ez bakarrik eskuin muturrean, baizik eta historikoki feminismoaren barruan egon diren ahots batzuengandik ere bai. Ez dugu orokortu nahi, zeren Euskal Herrian ez dira gehiengoa mugimendu feministan, baina bai ulertarazten digu honek gatazka honek, gaia konplexua dela eta transfeminismak orain arte planteatzen ez diren galdera batzuk planteatzen dituela.

Geure buruari ere plantearazten dizkigu galderak. Borroka sindikalean, guk egunerokoan ikusten dugu nola genero, klase eta arrazak afektatzen duten langileria. Eta horregatik, transfeminismoarengandik ikas dezakegu, ere, subjektu abstraktu horretatik kanpo feminismo intersekzional horretan egin diren aurrerapauso horie guk ere kontutan har ditzagun, baita dekolonialismoan eta antiarrazakerian ere.

Ikusi mahai inguru osoa: