Egoeraren Azterketa 140: 2020ko krisiaren ondorioak enpleguan eta prekaritatean

2021/04/07
AlbisterakoIrudia.jpg
Txosten honetan, 2020an enpleguan gertatutakoaren balantzea egingo da. Biztanleria Aktiboaren Inkestak emandako datuei erreparatzeaz gain, Gizarte Segurantzak afiliazioari buruz emandako datuetan sakonduko dugu. Azkenik, Europako funtsen behin betiko erregelamenduaren balorazioa egingo da. Horrekin batera funts horiek EAEn eta Nafarroan nola kudeatuko diren aztertuko da.

EA140_portada.jpgIrakurri txosten osoa

Adierazle ekonomikoek agortze seinaleak ematen ari ziren pandemia gure bizitzetan agertu baino lehen. Martxoko krisi ekonomikoa hasi aurretik, ziklo amaiera zegoela ohartarazi genuen, horren adierazle zen herrialde aurreratuenetan etengabea izaten hasi zen dezelerazioa; are gehiago, Italian edo Alemanian atzeraldia sumatzen hasia zen. Baina ez zen seinale bakarra, inflazioa zerora hurbiltzen ari zen, ekoizpena gelditzen hasia zen, nazioarteko merkataritza murrizten ari zen, etab.

Berandu baino lehen, krisi ekonomikoa iritsiko zen, pandemiak prozesu hori bizkortu baino ez zuen egin. Kapital handiak eta enpresa handiek krisiaren ondorioz sortutako testuingurua aprobetxatu dute beren inbertsioak eta ekoizpena berrantolatzeko. Etekinak handitzeko asmoz, berregituraketak egiten hasi dira, besteak beste, digitalizazioa, robotizazioa eta automatizazioa bultzatuz. Berregituratze horren helburua kapital aldagarria murriztea da kostuak aurrezteko; horrela, langile-klasea ekoizpen-katetik kanporatzen dute.

Datuek erakusten dute enpleguaren berregituraketa hori badagoela. Industriak, EAEko eta, hein txikiagoan, Nafarroako motor ekonomikoa denak, enplegua suntsitzen du, lehen beharrezkoa zuen eskulana gaur egungo testuinguruan behar ez duelako. Gainera, fenomeno hau ez da berria; izan ere, duela hamarkada batzuk gertatzen ari den prozesua da, baita ere enpresen etengabeko deslokalizazioaren ondorioengatik. Horrela, bigarren sektorearen pisua murrizten ari da. Hirugarren sektorea, ordea, izugarri handitzen ari da, prekarizazioak eta enplegu egonkorra edota baldintza onak izateko aukera ezak gora egiten duen era berean.

AURKIBIDEA

1. Gizarte Segurantza

     a) Aktibitatea
     b) Kontratu mota
     c) Adina

2. Biztanleria Aktiboaren Inkesta

2.1. Okupazioa

     a) Orokorra
     b) Lanaldi osoa/partziala
     c) Kontratu mugagabeak/tenporalak

2.2. Langabezia

     a) Orokorra
     b) Gazteak

3. ERTEak eta Enplegu Erregulazio Espedienteak

PUNTAKO GAIA:
Europako funtsak Hego Euskal Herrian