Ekainak 5, on-line emanaldia: Klima aldaketaren aurkako neurriak eta Energiaren Kartaren Ituna kontrajarriak dira

2020/06/03
photo5959894412219755339.jpg
Ekainaren 5ean 11:00etan, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna, klima aldaketaren inguruko online emanaldia egingo dugu ELAren webgunean. Klima aldaketaren aurkako borrokan dauden oztopo ugari ezagutzen ditugu, boteretsuenen interesak gehienak. Baina, oraingoan klima aldaketari aurre egiteko politika publikoak garatzeko ezkutuan dagoen oztopo handienetako bat ezagutuko dugu: Energiaren Kartaren Ituna. Klima aldaketari dagokionez Hego Euskal Herrian dugun egoera eta Energiaren Kartaren Itunak zein ondorio dituen azalduko dute Ainhara Plazaolak (ELA) eta Cecilia Olivetek (Transnational Institute).

Beste 200 eragilerekin batera espainiar Estatua Energiaren Kartaren Itunetik atera dadila eskatzeko gutuna sinatu du ELAk. Energiaren Kartaren Ituna (EKI) energiaren sektoreko inbertsioak babesteko itun aldeaniztuna da, 1990eko hamarkadaren amaieran sortua. Gaur egun, Europa eta Asiako 53 herrialdek berretsi dute. Ituna gaurkotzeko bigarren negoziazio aldia hasiko da datorren uztailean. Jende gutxik ezagutzen du ituna, baina gure bizitzetan uste baino eragin handiagoa izango du. EKI oztopoa izango da energia berriztagarrietan eta energia efizientzian inbertsioak egiteari lehentasuna emateko, energiaren ekoizpena kontrol publikoaren pean jartzeko eta pobrezia energetikoarekin amaitzeko neurriak hartzeko. 

Hauek dira Energiaren Kartaren Ituna zer den ulertzeko gakoetako batzuk:

  • Europako eta Asiako 53 herrialdek sinatu dute, eta arriskuak suposatzen dituen arren, Afrika eta Latino Amerikako herrialdeetara zabaltzen ari da.

  • Inbertsoreen interesak ondasun komunaren gainetik jartzen ditu. Herrialdean inbertitu duten atzerriko inbertsoreek gobernua sala dezakete uste badute beren oraingo nahiz etorkizuneko interes ekonomikoen kontrako legeak onartu dituztela. Gobernuek, ordea, ezin dituzte EKIaren baitan inbertsoreak salatu.

  • Salaketak nazioarteko arbitraje auzitegi pribatuetan ebazten dira. Auzitegi publikoetatik kanpo funtzionatzen dute eta ebazpenak ezin daiztezke errekurritu.

  • Espainiar Estatua 1.046 milioi euro ordaintzera kondenatua izan da jada, hezkuntza edo gizarte zerbitzuen aurrekontu erdia. Isunak ordaintzeko dirua Estatuko Aurrekontu Orokorretatik ateratzen da. Oraindik 28 salaketa daude ebazteke eta isuna 8.000 milioi eurora iritsi daiteke, 2018ko osasungintzaren arurrekontuaren bikoitza.

  • Klima aldaketari aurre egiteko Parisko Akordioarekin bateraezina da, energia fosilen aldeko inbertsioak babesten baititu Energiaren Kartaren itunak.

  • Salaketen mehatxu hutsak legerik ez onartzera eramaten ditu gobernuak. Trantsizio energetikorako neurriak ezbaian jartzen ditu Itunak: energia fosilak utzi, berriztagarriak bultzatu, pobrezia energetikoari aurre egin eta sorkuntza energetikoaren kontrol publikoa gauzatu.

EBk eta espainiar Estatuak klima larrialdia deklaratu dute, eta klimaren aldeko ekinbideen abangoardian daudela adierazten dute; aldi berean, zentzugabekoa da erregai fosilen inbertsioak babesten dituen itun baten baitan egotea. Hori dela eta, eragile eta sindikatu sinatzaileek espainiar Estatuari ondokoak gauzatzeko deia egiten diogu:

  • EKItik irtetea, eta haren derogazioa mahairatzea. EKIren 47. artikuluak edozein momentutan itunetik irteteko aukera aurreikusten du. Italia, adibidez, 2016an irten zen. Borondate politikoa baino ez da.

  • Martxan dagoen EKIren gaurkotze prozesuarekin ez jarraitzea. Izan ere, izango duen irismen mugatua eta tartean dauden hainbat interes gatazka ikusita, nekez lortuko da klima eta ingurumena errespetatuko dituen itun bat.

  • EKIren zabalkunde geografikoaren prozesua berehala gelditzea, eta atxikimendu gehiagorik ez onartzekoa, gaur egun dagoen moduan.

  • Inbertsore-Estatu arteko gatazken ebazpen mekanismoak ezabatzeko eskatzea, bai EKIn, bai gaurko nahiz geroko beste akordio batzuetan, dela ISDS, dela ICS edo dela Inbertsioen Auzitegi Aldeaniztuna (MIC).

 

Informazio gehiago hemen.