Ekonomiaren trantsizio ekologikoa. Zergatik? Zertarako? Nola?

2013/07/03
Ingurugaiak4eus.JPG
Liburu berri bat argitaratu dugu Fundazioan, Florent Marcellesik idatzia: "Ekonomiaren trantsizio ekologikoa. Zergatik? Zertarako? Nola?" Bizi dugun krisiak birmoldatze sozial eta ekologikoa eskatzen du. Energia urriko gizarte eredu bateranzko trantsizioan gara, eta langileoi interesatzen zaigu trantsizio hau gehiengoak adostutako modu planifikatu batean egitea. Liburuak trantsizio hori Hego Euskal Herrian nolakoa izan daitekeen marrazten du. Gure indarrak esango du nahi dugun trantsizio hori lortuko dugun edo ez.

Ekonomiaren trantsizio ekologikoa
Zergatik? Zertarako? Nola?

Florent Marcellesi

Sarrera gisa

Trantsizioa: “Izateko edo egoteko era batetik beste batera aldatzeko ekintza eta ondorioa”. Gaixorik dago —oso larri, gainera— gure “izateko era”, hau da, egungo sistema sozioekonomikoa. Izan ere, hazkunde infinituan dago oinarritua, nahiz eta gure planeta finitua izan. Hori dela eta, krisi existentzial larria ari da pairatzen sistema: krisi ekologikoa, soziala, zaintza-krisia; ekonomiaren, etikaren eta demokraziaren krisia. Krisi horien guztien nahasketak injustizia sozial are handiagoa eragiten du (tokian tokikoa eta mundu osokoa), eta gizateriaren biziraupen zibilizatua ere arriskuan jartzen du.

“Izateko beste modu horiek”, berriz, hainbat mugimendu sozial eta politikok aldarrikatzen eta eguneroko jardunean eraikitzen dituzten beste “mundu” horiek ditugu. Etorkizun desiragarriak eta beharrezkoak ditugu mundu horiek, non oparotasuna ez baita jada beti gehiago pilatzea (batzuek beste batzuek baino askoz gehiago), baizik eta, Lurraren muga ekologikoen barruan, ondo eta zoriontsu bizitzeko gaitasuna.

Ikusiko dugu, bereziki, enplegu gehiago sor daitekeela, datozen urteotan, ekoizpen-eredua aldatuz eta sektore eta lanbide berdeetan oinarrituz

Esan dezagun argi eta garbi: “izateko beste modu horietan” (alternatiboak, aurrez ezarritako ideien aurkakoak), elkarri eskutik heldutik dabiltza ekologia eta lana (lan produktiboa eta erreproduktiboa, egokia eta duina). Adibide bat jartzearren, ekoizpen-prozesu garbi gehienek (naturarentzat osasungarrienak, energia eta material gutxien kontsumitzen dutenak, CO2 gutxien aireratzen dutenak) lan-bolumen handiagoa eskatzen dute, kantitate bera ekoizteko, natura asko kutsatzen edo baliabide naturalak gehiegi ustiatzen dituztenek baino.

Bestalde, ekonomiaren trantsizio ekologikoa —oro har— hazkunde-ekonomiatik, logika industrialetik eta fordistatik irteteko eta beste ekonomia batera, beste gizarte batera ordenatuki jotzeko proposamen bat da. Jasan garritasuna, kalitatea, elkartasuna eta herritarren partaidetza izan behar ditu ezaugarri ekonomia berri horrek. “Erreformismo erradikaleko” prozesu batez ari gara, hots, epe labur eta ertainera urrats txikiak (handiak, ba-tzuetan) egiteko politika batez, betiere helburu erradikalekin epe luzera.

Bidaia horretan arrakasta izateko, ekonomia tradizionalaren kontzeptu batzuk bazterrera uzten hasi beharra dago, eta beste batzuk (XXI. mendeko premia ekologikoei eta sozialei egokituak) proposatzen hasi (lehen atala). Gero, ausardiaz, ikusi behar da aldaketa handi horrek zer ondorio dakarren sektore eta lan desiragarriei eta ez-desiragarriei dagokienez (bigarren atala). Ikusiko dugu, bereziki, enplegu gehiago sor daitekeela, datozen urteotan, ekoizpen-eredua aldatuz eta sektore eta lanbide berdeetan oinarrituz (hirugarren atala). Jakina, aldaketa horiek gauzatzeko, ikuspegialdaketa behar da, demokrazia gehiago, eta politika publiko sendoak. Eredu horren adibide egoki gisara, meatzari-herri batean egindako trantsizio ekologikoa eta integrala azalduko dugu (laugarren atala).

Liburua irakurri