ELAk burujabetza soziala eraiki eta Euskal Errepublika aktibatzera deitu du

2026/03/27
Aberri Eguna Eus.jpeg
Testuinguru global nahasi batean, gutxieneko soldata propio baten aldeko greba egin berritan, Korrika betean eta EAEko estatus berriaren negoziazio sekretuek emango dutenaz ezkor, ELAk burujabetzarekiko eta Euskal Errepublikarekiko konpromisoa berresten du Aberri Egunari begira atera duen adierazpenean, burujabetza politiko eta sozialean aurrera egiteko lau gako estrategiko proposatuz

Aberri Egunari begira ELAk argitaratu duen adierazpenean nabarmendu du azken hamarkadetako birzentralizazio prozesuak agerian utzi duela Espainiako Estatuaren izaera. Euskararen aurkako oldarraldiak hori berretsi besterik ez duela egin dio adierazpenak, eta, diagnostikoa hori bada, ezin dela berriro aldebikotasunaren edo elkarrizketa hutsaren hipotesira itzuli. 

Horregatik, sindikatuaren iritziz, EAEko estatus politiko berriaren eztabaida ezin da elite politikoen arteko negoziazio itxietara mugatu. Ezta, Nafarroako Parlamentuan eratutako batzordean gertatzen den moduan, benetako aldaketa politikorik planteatzen ez duen eztabaida instituzional huts batera ere.

ELAren ustez burujabetzan benetako aurrerapausoak eman nahi badira, eta herritarren ongizatea bermatuko duen eduki soziala erdigunean jarriko bada, ezinbestekoa da gizarte antolatuaren eta jendartearen parte hartzea eta aktibazioa.

Zentzu horretan, eta azken hamarkadetako Iparraldeko abertzaleek egindako lana eredutzat hartuz, ELAk burujabetza politiko eta sozialean aurrera egiteko lau gako estrategiko nagusi proposatzen ditu: lan eta bizi baldintzak hobetzea, lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua sendotzea, euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzea eta estatus politiko berriaren eztabaida eduki sozialez hornitzea.

Sindikatuak azpimarratu du Euskal Errepublika ez dela etorriko negoziazio instituzional hutsetik, mobilizazioaren, antolakuntzaren eta indar sozialen metaketaren bidez eraiki beharreko prozesua dela. Horregatik, Aberri Eguna “konpromiso hori berritzeko eta borrokan sakontzeko eguna” dela adierazi du.

ELAk ere adierazi nahi du Aberri egun honetan, aurrekoetan bezala, bi deialditan parte hartuko duela: martxoaren 28an Lizarran Euskal Herria Baterak antolatu duen ekitaldian, eta Iparraldeko mugimendu abertzaleak deitu duen Baionako Aberri Egunean.