ELAk Euskal Herriari egiten dion ekarpena

2025/12/08
ELA garaipenak.jpeg
Adibide hauek argi uzten dute ELAk Euskal Herriari egiten dion ekarpena nagusia: patronalak langile, emakume edota prekarietatean daudenen kontura metatutakoa herriari itzultzen saiatzen da ELA. Robin Hood eguneratu edo kolektibo baten antzera. Hori behar baita egungo patronalari eta botere ekonomikoei aurre egiteko: antolakuntza eta indar kolektiboa. Gero eta indar handiagoa, orduan eta gehiago berreskuratuko du herriak. Hain justu, horretarako izan behar ditugu afiliatu gehiago, hauteskunde sindikaletan babes eta ordezkaritza handiagoa, militantzia gehiago eta indartsuagoa, lan-zentro sindikalizatu ugariago… Hori da, hain zuzen ere Confebaskek nahi ez duena.

 

Unai Oñederra (Emeki Kumana bere blogetik jasoa)

Galdera ona bota zuen ostegunean Confebask patronaleko Tamara Yagüe presidenteak, Bilbon egin zen Forum Europan: ‘Zein ekarpen egiten dio ELAk herriari?’ Ez zuen erantzunik nahi, tertuliano eta kazetarientzako bazka botatzea besterik ez.

Dena den, galderak aukera polita ematen digu prekaritatean, ziurgabetasunean eta mehatxupean bizi diren langile eta jende xumeari itxaropena badagoela esateko. Garaipen esanguratsuak lortu eta bizitza dezente hobetu baitaiteke kolektiboki antolatuta eta borroka eginda. Aurreko hamarkadako suminduen ‘sí se puede’ eta Obamaren ‘yes we can’ hori posible egiten du ELAk Euskal Herrian. Hemen, urtero, hobekuntza nabarmenak dakartzan ehundik gora garaipen lortzen ditu ELAk negoziazio kolektiboan eta sententzia juridikoen bidez, sindikatuak azken hiru urteetan atera dituen urtekarietan azaltzen den bezala (2022, 2023 eta 2024). Zenbait adibide emango ditut.

Ekonomiaren eta langileen uberizazio betean, garaipen esanguratsua lortu dute Bizkaiko UBEReko langileek. Gutxieneko soldata kobratzetik eta jardunaldi irregularretatik, urtean 10.000 euro gehiago irabaztera eta urteko 1.720 orduko jardunaldi arautura. Macarena Urrutiak, UBEReko ELAko ordezkariak, bideo honetan dio: “honek erakusten du, batzen bagara, sinisten badugu eta elkarrekin borrokatzen badugu, nahi dugun aldaketa lor dezakegula”. Amazonen azpikontratetan ere %36ko soldata igoerak lortu dituzte. Efraím Hernándezek, SDR azpikontratato ELAko ordezkariak bideo honetan argi hitz egiten du: “langile arruntak izan arren, antolatzen bagara, Amazon bezalako erraldoi bati aurre egin diezaiokegu“.

UBER eta Amazonen langile gehienak jatorri atzerritarrekoak eta arrazializatuak dira. Bilboko NH eta Barceló hoteletako gela garbitzaileak bezala. Gela bakoitzeko 2,5 euro kobratzetik %48ko soldata igoerara. Cristiano Callok ELAko ordezkariak testigantza eman zigun antolatu genuen ‘Ekintza sindikalaren onura emozional eta psikologikoak’ online jardunaldian: “ELAn sindikalizatzeak bizitza aldatu zigun: gela batean bizitzetik pisu batean bizitzera pasa ginen”. Anoeta estadioko birmoldatze lanetan ere Jon Freddy Gutierrez ELAko ordezkariak jardunaldi bererako egin zen bideo honetan ere argi dio: “hasieran beldurra ematen zigun, baina gure aldeko sententzia bat iritsi zenean sindikalizatu egin ginen. Gure bizitza aldatu egin zen. 6,50 euro orduko kobratzetik 16,50 kobratzera pasa ginen, egunean zortzi orduko jardunaldia lortu genuen. Mamadu Dembelek bere herrialdera joan ahal izan zuen oporretan. Alternatibak badaude, borrokak merezi du. Sindikalizatuz gauzak alda daitezke”. Beste halako adibide gehiago ditugu Eroski Cecosa azpikontratan (Bizkaia), Ferrovial Araian (Araba) eta Navarpluman (Nafarroa), horiek guztiak ELAn antolatu, grebara joan eta soldata hobekuntzak eta jardunaldi murrizketa esanguratsuak lortu zituzten.

Beste sektore prekarizatu bat sektore feminizatuak dira. Ospetsuak dira jada Bizkaiko eta Gipuzkoako zahar egoitzetan ELAn antolatutako langileek lortutako garaipenak. Bizkaiko 378ko greba Onintza Irureta Argiako kazetariak jaso zuen “Berdea da more berria” liburuan. Gipuzkoan eta Bizkaian bezala, borrokan darraite Araban eta Nafarroan ere. Zaintza sektorean bertan, etxez etxeko arreta zerbitzuetako Gipuzkoako udaletan langileak ELAn antolatzen joan dira, eta herri bakoitzean lortutako garaipenak beste herrietako langileak antolatzera eta borrokatzera bultzatu ditu. Hogei udal desberdinetan lortu dira garaipenak. Batzuk greben bidez; beste batzuk greba egin beharrik gabe.

Garbikuntzan ere (Bizkaiko epaitegiak, Elorrioko udala, Gipuzkoako epaitegi eta komisariak, Deustuko unibertsitatea, IMQ, Donostiako onkologikoa…) langileak ELAn antolatu dira kolektiboki, eta grebara jo dute soldata arrakala eta partzialtasuna murrizteko eta lortu dute. Kasuan kasu behar izan diren greba egunak desberdinak izan dira. Aiala Elorrietak bildu du borroka hauen guztien kontakizuna “Nola garbitu soldata arrakala?” dokumentuan.

Garaipen sonatuak lortu diztute ere arropa dendetako langileek: Hego Euskal Herri mailan H&Mkoek, 50 greba egun ondoren (Gessamí Forner kazetariak ‘H&Mko greba, ispilu bat non begiratu’ liburuxkan hain ongi kontatu duena), Iruñeko H&M La Moreakoek, greba luzearekin eta biralizatu zen Shakiraren parodiaren bideoklip zoragarri batekin, eta Gipuzkoako arropa dendetako sektoreko langileek, 19 eguneko greba eta imajinazio handiko mobilizazio berritzaileei esker. “Jantzi dendetako lehen greba egunak eta antolatu genuen ‘prekaritatearen eskaparatea’k energiaz eta harrotasunez bete gintuen” esan zigun Mamen Irastorza H&Mko ordezkariak ‘Lana eta sindikalismoa XXI mendean’ kongresuan.

Adibide hauek argi uzten dute ELAk Euskal Herriari egiten dion ekarpena nagusia: patronalak langile, emakume edota prekarietatean daudenen kontura metatutakoa herriari itzultzen saiatzen da ELA. Robin Hood eguneratu edo kolektibo baten antzera. Hori behar baita egungo patronalari eta botere ekonomikoei aurre egiteko: antolakuntza eta indar kolektiboa. Gero eta indar handiagoa, orduan eta gehiago berreskuratuko du herriak. Hain justu, horretarako izan behar ditugu afiliatu gehiago, hauteskunde sindikaletan babes eta ordezkaritza handiagoa, militantzia gehiago eta indartsuagoa, lan-zentro sindikalizatu ugariago… Hori da, hain zuzen ere Confebaskek nahi ez duena.

Are gehiago, patronala kezkatuta dago, ere, hitzarmen onak lortzeko greba prozesuetan ematen den langileen ahalduntze kolektiboarekin. Hain justu, Nahia Fernandezek, master amaierako lanean, Bizkaiko erresidentzietako grebalarien artean eman zen ahalduntze feminista ikertu zuen, eta ondorioak argiak atera zituen, “Langile borrokatik, ahalduntze feministara” dokumentuan irakur daitekeen moduan.

Nahiarena ez da gai honen inguruan egin den ikerketa bakarra. Xavier Minguez EHUko irakasleak ere grebak dituen eragin psikosozialak ikertu ditu 15 greba desberdinetako 100 bat grebalariekin talde elkarrizketak eginez. Garaipenek dakartzaten hobekuntza materialez gain, ikerketak ondorioztatzen du antolakuntza sindikalak, langileen aktibazioak, mobilizazio eta grebek, hobekuntza sozial, psikologiko, emozional eta espiritualak (bizitzaren zentzua) ere ekartzen dituztela. Harreman sozialak, botere kolektiboa, duintasuna, norberak duen balioaren eta noberak egiten duenare aitortza, gauzak aldatzeko gaitasuna, babes eta harreman komunitatea, proiektu kolektibo handi baten parte sentitzea, mundu hobe bat eraikitzen aritzeak bizitzari ematen dion zentzua… Minguezen ikerketaren emaitzak “Grebarako hurbilketa psikosoziala” dokumentuan bildu ditugu.

Euskara lan munduan garatzeko ELAk, LABekin eta Kontseiluarekin batera Confebask-i egindako proposamenaz ere ari ninteke, ekarpen esanguratsua baita. Baina, katxis, patronalak ezezkoa eman zion, gutxieneko soldata propioa adosteko proposamenari bezala.

Euskal Herriaren burujabetzaren alde ELAk egiten duen ekarpenaz jakiteko, azaroaren 29an Bilbon egin zen Eskola Subiranistan Xabi Irastorzak egindako hitzaldia irakurtzea gomendatzen dizuet (‘Euskal errepublika eraikitzen duen borroka soizal eta sindikala’), eta langileen politizazioan egiten duen ekarpenaz jakiteko, abenduaren 2an Paris inguruan ospatu zen Nazioarteko Unibertsitate Sindikalean egin nuena (‘Nola sindikalizatu eta politizatu ezkerretik urrun dauden pertsonak’). Burujabetza materialen eta alternatiben eraikuntzan ere egiten du ELAkbere ekarpena: enpresen berreskurapenean (krisian dauden lantokiak kooperatiba bihurtuz: Sutek (Ergobia), Felmar (Lezo), eta beste bi aukera bidean), finantzetan (Fiaren eta Koop57-n), elikaduran (Biziolan), energian (Goienerren), telekomunikazioan (Izarkomen), teknologietan (EH Digitalean, TEKS sarearekin, Iratzar eta Ipar-Hegoa fundazioekin eta IPESekin batera), Ekonomia Sozial Eraldatzailean (Olatukoopen)…

Eta sindikatu bezala Ipar Euskal Herrian ez dagoen arren, ELAk ekarpen garrantzitsua egiten du ere bertan, Manu Robles-Arangiz fundazioaren bidez. 2004ean Baionan eratu zenetik, fundazioaren inguruan ekosistema aberats eta eraginkor bat osatzea lortu da beste hainbat elkarte, eragile eta proiketurekin. Ekosistema horren baitan daude Bizi mugimendua, Alternatiba mugimendua, Eusko tokiko moneta osagarria, I-Ener, Enargia, eta laister abian jarriko diren Beskoitzeko trebakuntza institutua, Baiona ttipiko Patxoki berria… Ezin aipatu gabe utzi 2017ko ETAren armagabetzean Fundazioak izan zuen papera, eta ELAk berak, 2005ean, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen sorreran egin zuen ekarpena. Baina bereziki azpimarratu nahi dut, sistema eraldatzeko ezinbestekoa baita, eta askotan gauzatzeko zailena, Iparraldeko auzo herrikoietako bizilagunak kolektiboki antolatu eta borrokatzeko 2020ean sortu zen ALDA, auzo herrikoietako sindikatua.

Tamara Yagüe Confebaskeko presidenteari eskerrak eman nahi dizkiot azalpen hauek egiteko aukera emateagatik. Arrazoi du. Jendeak, orohar, ez du ezagutzen ELAk Euskal Herriari egiten dion ekarpena. Gurea artean ezagutzen dugu, bai, baina gure artetik kanpo oso ezezaguna da egiten duguna. Lehentasuna egiteari ematen diogulako, agian. Baina kontatzeak, ere, berebiziko garrantzia du. Bernardo Atxagak esan ohi zigun: ELAk badu erresistentzia kutxa sendo bat, baina erresonantzia kutxarik ez.