Elkarrizketa sozialaren ideologiaren porrota
Itun sozialaren ideologia
Itun sozialaren aroan, langileen mugimenduak ez zuen estrategia korporatibo hori argitara atera. Aitzitik, esperientzia zehatzetan oinarrituz, esate baterako 20 bat urtean izandako bizi eta lan baldintzen etengabeko hobekuntzak, denek uste zuten garapen soziala eta jende xehearentzako aberastasunaren bidezko banaketa ekarriko zuen gizartea lortzeko bidea aurkitu zutela, klase borroka eta konfrontazio sozialak eskatzen zuten sakrifizio guztiak egin behar gabe. Iritzi nagusia zen gizarteak zibilizazio maila altuagoa lortu zuela. Mailaka egindako erreformen bidez, langile mugimenduak ekonomiaren kontrol demokratikoa handitu zuen. Krisirik gabeko kapitalismoa errealitate bihurtua zen. Akabo 30. hamarkadakoa bezalako krisialdi ekonomikoak, akabo langabezia masiboa, akabo larritasun sozialak, akabo miseria jendearen artean. Joera sozial guztiek gorantz seinalatzen zuten. Langile askorentzat hura zen sozialismorako bide erreformista, eta argi eta garbi zegoen denentzat funtzionatu zuela!
Egiazko lorpen sozial horiek oinarri materiala sortu zuten itun sozialaren ideologia eratzeko, oraindik ere, oso errotuta dago nazio mailako eta Europa mailako sindikatuetako burokrazian. Itun sozialaren ideologia hori nik neuk modu nabarian adierazia ikusi nuen lehenengo aldiz 80. hamarkada hasieran, Norvegiako Sindikatuen Konfederazioaren hezkuntza zentroak antolatu zuen oinarrizko sindikalgintza ikastaroan parte hartu nuenean.
Hantxe ikasi nuen XX. mendeko lehen herenean konfrontazio latzak izan zirela langileen eta kapitalaren artean: greba orokorrak, ugazaben ixteak eta indar polizial eta militarren erabilera greban zeuden langile sindikatuen aurka. Garai suntsitzailea izan zen 30. hamarkadako hura, azkenean langile klasea inora eraman ez zuena. Konfrontazio politika hori alde batera utzi zenean, orduan hasi zen lehenengoz sindikalgintza erantzukizun sozial osoa hartzen, benetako aurrerapena lortu zen, hau da, lan baldintza hobeak, soldata hobeak eta ongizate erreforma batzuk. Beste hitz batzuetan esateko, ugazaben aurkako konfrontazioak suntsitzaileak dira, elkarrizketa sozial baketsua da aurrera egiteko bidea. Hura izan zen irakatsi zidaten lezioa horren hurbil dagoen 80. hamarkada hasieran, sindikatuen hezkuntza zentroan.
Aurreko analisia okerra zen garai hartan eta okerra da gaur egun ere, baina politika horren ondorioak gero eta arriskutsuagoak bihurtzen ari dira gaurko sindikalgintzarentzat, itun soziala hausten ari baita. Analisi horrek ez du kontuan hartzen Bigarren Mundu Gerra osteko klase arteko konpromiso politika, garaiko ongizate eta lan baldintza hobeen lorpen handiak, uzta garaian jasotako fruituak besterik ez zirela. Eta hori soilik posible izan zen, XX. mendearen lehen zatian, langile klasearen parte handibatek langileen eta kapitalaren arteko indar koerlazioa aldatzeko gai izan zirelako, konfrontazio eta klase borroka gogorraren bitartez (errusiar iraultza barne). Bestela esateko, aurreko garaiko konfrontazio borrokei esker lortu ahal izan zuten itun sozialaren aroko sindikalistek negoziazio baketsuen bitartez lortu zutena.
Itun sozialaren porrota
klase arteko konpromisoa, hala ere, egitura hauskorra zen. Bere oinarriaren zati bat hazkuntza handia zuen ekonomia kapitalista egonkorra zenez gero, konpromisoa bera ahulduz joan zen 70. hamarkada hasieratik krisialdi ekonomiko sakonak mendebaldeko kapitalismoa jo ahala. Krisialdien ondorioz, merkatuak eskuratzeko lehia handitu zen, neoliberalismoak aurrera egin zuen politikagintzan eta indar kapitalistek erasoari ekin zioten, besteak beste, kostuak murrizteko. Horretarako, sindikatuen eskubideei eraso egin zieten, soldatak baxu mantendu zituzten eta gastu publikoa murriztu zuten, besteak beste, ongizate estatuaren ekonomia.
Gertakari horiek ustekabean harrapatu zituzten sindikalgintza eta langile mugimendu desradikalizatu eta despolitizatua. Ugazabak, bat-batean, askoz ere erasokorragoak bihurtu ziren negoziazio mahaian. Garai batean gehien bat soldaten igoerari eta lan baldintzak hobetzeari buruzko negozazio mahaiak, aurreko lorpenen eta egungo araudiaren aurkako erasoak jasaten hasi ziren. Sindikatuetako buruzagi gehienak klase arteko konpromisoan eta bake sozialaren ingurunean hezitakoak eta eskarmentua hartutakoak zirenez gero, ez zeuden inola ere prestatuta eraso horiei aurre egiteko. Itun sozialaren ideologia horren esparruaren barruan, eraso neoliberal hori ulertezina zen inondik inora ere. Burokrazia sindikala baretuta zegoen, sindikalgintza defentsiban egotera behartu zuen, eta herrialde askotan langile askok beren sindikatuak utzi zituzten, beren interesak defenditzeko gai ez zirela erakutsi baitzuten.
Hala, 80. hamarkada kontraeraso itzeleko aldia izan zen sindikalgintzarako. Mendebaldeko Europako herrialde garrantzitsu batzuetan izan zen sindikazio mailaren bilakaerari erreparatzen badiogu:
Eraso neoliberalei aurka egiten saiatu ziren sindikatu gutxien artetik gehienak, esate baterako britainiar meatzariak, garaituak izan ziren, ez horrenbeste Sindikatuetako Konfederazioaren (TUC) burokraziari industriagintzako ekintza militantea itun sozialaren adostasun politikarako mehatxu handia iruditzen zitzaiolako, baizik eta meatzaritza konpainiek eta Thatcherren erregimenak eraso amorratuak egin zizkietelako.
90. hamarkada inguruan, Ekialdeko Europako ekonomia nagusien hondoratzearekin batera, mendebaldeko kapitalismoaren aurrean zegoen alternatiba bakarra desagertu zen. Kapitalismoak fronte guztietan garaitu zuen, eta jadanik ez zen beharrezkoa langileenganako inolako konpromisorik. Indar kapitalistak beren interes ekonomiko eta politiko zehatzen alde egin zezaketen aurreko hamarkadetan baino modu irekiagoan. Horregatik hautsi zen klase arteko konpromisoa (edo adostasun eredua) edo hausten ari da Mendebaldeko Europa osoan barrena. Konpromiso horretarako aurrebaldintza historiko eta ekonomikoak jadanik ez dira existitzen, eta konpromiso horren ekoizpenik garrantzitsuena, ongizate estatua alegia, presio handi baten pean jarri dute.
Gaur egungo sindikatuetako buruzagitzako joera nagusiak ez du botere harremanen analisi hau egiten. Duela hogei bat urte eraso neoliberala abian jarri zenean, eta ugazabek pixkanaka itun sozialaren politikarekin hautsi zutenean, burokrazia sindikal gehienek eman ahal izan zuten erantzun bakarra adostasun politikarekin jarraitzea izan zen. Sindikatu batzuk ia erreguka ibili zaizkie etsai zituzten ugazabei itun sozialarekin jarrai dezaten. Politika hau sindikalgintzaren orientazio nazional sendo batek sustatu du. Gero eta oldarkorragoak diren kapitalaren interesei pixkana aurka egiteko beren buruak birbideratu ordez, beren orientazio nazional mugatuak eta itun sozialaren ideologia sendoak sindikalgintzako alderdi handiak kapital «nazionalarekin» elkar harturik, lehiakortasunerako baldintza hobeak lortzeko borroka egitera eraman ditu, horrek suposatzen duen mendekotasunarekin.
Horrela, sindikalgintzaren alderdi handiak are sakonago murgildu dira sindikalgintza komertzialean eta formalismo legaletan, beren burua klase harremanetan eta indar koerlazioaren ebaluazioan oinarritutako estrategiarantz bideratu ordez. 90. hamarkadaren erdialdeko «lanerako batasun» baterako alemaniar sindikalgintzaren borroka, ugazabekin egindako aliantza nazionalaren politika horren adibide bikaina da. Era berean, MMAn (Munduko Merkataritza Antolakundean) lan baldintza minimoak lortzeko egindako borrokan, nazioarteko sindikalgintzaren alderdi nagusiak azken hamar urtean bilatzen aritu direna formalismo legalaren adibide bikaina da, langileen eta kapitalaren indar koerlazioaren analisi batetik guztiz at garatu den formalismoa, hain zuzen ere.
Burokrazia sindikalak, bai maila nazionalean bai nazioarteko mailan, bere burua langile eta kapitalaren arteko bitartekari gisa hartzen jarraitzen du. Gaur egungo munduan ere, indar kapitalistek erasoari ekin dioten honetan eta egungo globalizazio korporatiboari aurka egiteko nazioarteko justizia eta elkartasunerako herri mugimendu bat sortzea bultzatu duten honetan, nazioarteko sindikalgintza irrikatzen dago bere burua mugimendu horren eta interes korporatiboen bitartekari gisa definitzeko.
Argi eta garbi adierazi zen hori III. Munduko Gizarte Foroa (MGF) egin zutenean Porto Alegren, Brasilen, 2003ko urtarrilean, Davosen, Suitzan, elite politiko eta ekonomikoek Munduko Ekonomia Foroa (MEF) egiten zuten aldi berean. Nazioarteko sindikalgintzak adierazpen bat egin zuen orduan, «Globalizazioa demokratizatzen: Sindikalgintzaren adierazpena 2003ko MGF eta MEFri» («Democratising Globalisation: Trade Union Statement to 2003 WSF and WEF»), nazioarteko sindikatu garrantzitsu guztiak izenpetu zutena. Besteak beste, honela zioen:
«Nazioarteko sindikalgintzak mezu bateratua du Porto Alegre eta Davosentzat. Ikuspegia, borondate politikoa eta beharrezko gaitasunak elkartu behar dira, gaur egun prekarietatean eta etorkizun hobe baten esperantzarik gabe pobrezian bizi diren milioika langileentzat behar bezalako enplegua eta garapena lortzeko maila globalean. Baliabidezko konpromisoak beharko dira, baita paper gainean jarritako konpromisoak ere. Gobernantza sistemak beharko dira guztion onura, gure eskubideak eta demokrazia sustatzeko. Prozesu demokratiko eraginkorrak beharko dira, eta elkarrizketa, hala gerta dadin. Presioa egingo diogu MEFri justizia soziala globalizatzeko beharraz ardura dadin. Aldi berean, gure ekarpena egingo dugu MGFn globalizazioa demokratizatzeko ikuspegi eraikitzaileak aurkitzeko, langile guztien intereserako».
Bestela esateko, nazioarteko sindikatu gehienek ez dute beren burua ikusten globalizazio korporatiboaren aurkako gizarte foro berriaren mugimenduaren barruan. Mugimendu berri hori politikoki erradikalegia da beraientzat eta beren burua bitartekaritzat hartzen dute. ICFTUk (International Confederation of Free Trade Unions-ek) edo Sindikatu Globalek, ondorioz, ez dituzte indarrak elkartzen gainerako mugimenduekin Munduko Gizarte Forora joaten direnean. Beraien biltzarrak eta bilerak egiten dituzte foroetatik kanpo. Aldi berean, goi mailako ordezkaritzak bidaltzen dituzte Munduko Ekonomia Forora. «Elkarrizketaren bidez lortu dugu beti dena,» da etengabe errepikatzen dutena.