(ENBATA) Herritarren energia: I-Enerren eta Enargiaren xedea da elektrizitatea Euskal Herrian birlokalizatzea

2026/06/19
SENPERE.png
Senpereko Zaluaga egitasmoaren bidez I-Ener eta Enargia kooperatibek Euskal Herrian benetako zirkuitu labur bat egituratu nahi dute. Gobernantza herritarra, tokiko ekoizpena eta prezio egonkortasuna helburu, Marion Picheryk eta Bixente Mateok lurralde mailako energia eredu honen xedeak azaltzen dituzte Enbata aldizkarian, oinarria betiere interes kolektiboa eta biztanleen inplikazioa delarik.

I-Enerren eta Enargiaren proiektuaren ardatza da "energia zirkuitu laburra"ren eredua. Zein unetan dago oraintxe ekoizpena birlokalizateko asmo hori, eta zeintzuk dira datozen hiletan hura azkartzeko bideak?

Marion Pichery: Enargiak, % 100 berriztagarria den tokiko elektrizitate-hornitzaileak, 6.000 kontagailu kudeatzen ditu, eta haren bidez 2025ean 40 GWh inguru kontsumitu ziren (hau da, Iparraldean guztira kontsumitzen den argindarraren %2). I-Ener, elektrizitate berriztagarriaren tokiko ekoizlea, urtean 1,5 GWh izatetik 2027an 7 GWh izatera pasako da, batik bat Zaluagan lurreko lehen eguzki zentrala instalatzen denean.

Proiektu hau garatzeko bi modu baditugu: Zaluaga finantziatzeko funts bilketan parte hartzea, zaluaga.eus webgunean, edota enargia.eus webgunean elektrizitate kontratu bat sinatzea. Zabaldu informazio hau, herritarrok, profesionalok, hautetsiok!

Gobernantza aldatzea erabaki da argindarraren ekoizpena eta hornikuntza hobeto artikulatzeko. Antolakuntza berriak nola aldatuko du erabakiak hartzeko eta partaideak inplikatzeko modua?

Marion Pichery: Lehenengo urratsa izan da bi erakundeen arteko organo bat sortzea, COPIL delakoa, administratzaileak eta langileak biltzen dituena. Organo hau bide-orri bat lantzen hasi da proiektu komunaren orientazioak definitzeko. Halaber, maila honetan hartzen dira laguntza-funtzioei buruzko erabakiak: komunikazioa, soldata politika, kontratazioa, etab.

Azaldu duzuenez, I-Ener SCIC motako kooperatiba bihurtzeko erabakia etapa egituratzaile bat izango da. Zeintzuk dira bilakaera honen helburuak, eta nola indartu dezake egitasmo kolektiboa eta herritarren parte-hartzea?

Bixente Mateo: Kooperatiba bihurtzearen helburu nagusia zen proiektuaren interes kolektiboa berrestea. Hori lehenago asmo huts gisa uler zitekeen, baina orain estatutuetan ofizialki jaso da. Honek bermatzen du, esaterako, soberakina dagoen urteetan etekinaren zati handi bat erreserbetan gordetzea. Etekin hauek funtsezkoak izango dira ekoizpen proiektu berrietan berrinbertitzeko, eta dibidendoen balizko banaketa mugatua izanen da.

Hainbat elkargo/kolegio sortu dira, eta honek proiektuan parte hartzen duten alderdiei pisua ematen die. Esaterako, langileek eta kolektibitateek gobernantzaren % 20na dute. Alabaina, guretzat ezinbestekoa zen I-Enerren bokazio herritarrari eustea. Izan ere, bazkide gehienak lurraldeko herritarrak dira, eta guk pisu handiagoa eman diegu proiektuaren gobernantzan: Bozkatzeko eskubideen % 40 izango dute.

Ekainaren 13an I-Enerren biltzar nagusia izango da, eta ondoren Enargiarena. Zeintzuk dira erronka nagusiak, eta zergatik da beharrezkoa bazkideek, baina baita lurraldeko biztanleek, harekiko interesa izatea eta inplikatzea ere?

Marion Pichery: Biltzar nagusia gure kooperatiben bizian une garrantzitsua izan ohi da. Batetik, energiaren eta honen testuinguruaren gaia partekatu eta konprenitzeko, eta bestetik, bazkideei entzuteko eta elkarrekin orientazioak erabakitzeko gure lurraldeko sektore ezberdinetako errealitatearen arabera.

Zaluagan zabortegia zena eguzki zentral bihurtuko da: Lurra berrerabiltzeko modu hau zergatik da estrategikoa lurraldearentzat?

Bixente Mateo: Energia berriztagarriko proiektuen garapena ezinbestekoa da lurraldearentzat, baina ez da edozein preziotan egin behar.

Bil Ta Garbiren zaborrak lurperatzeko gune zirenak (horien artean Zaluagakoa) kokapen ezin hobeak dira honelako egitasmoak gauzatzeko. Gainera, bigarren bizitza ematen zaie jada artifizializatuta zeuden leku hauei, non beste jarduerarik ez den posible.

Proiektuan herritarrek eta kolektibitateek elkar hartuko dute: Zer aldatzen du zehazki lankidetza honek energia ekoizteko moduan?

Bixente Mateo: Gure erakundeak interes kolektibokoak direnez, epe ertainean tokiko kolektibitateen helburu berdinak dituzte. Honetarako sortu den proiektu-elkarterako hautatu dugu kolektibitateekin bat egitea, betiere herritarrak proiektuaren erdigunean izango direlarik. Gobernantza partekatu honek proiektua eta honek dakartzan erronkak hobeto ulertzeko aukera ematen du.

Zer neurritan da Zaluaga proiektu "herritar" eta irisgarria, eta nola parte har dezake herritar bakoitzak konkretuki?

Bixente Mateo: Alde batetik, herritarrek eginkizun garrantzitsua dute egitasmoaren gobernantzan, I-Ener bidez, zeinak herritar bakoitzari boz bana ematen dion. Horretarako aski da I-Ener SCICeko bazkide egitea, partaidetza sozialak eskuratuz, 50 €tik hasita.

Bestetik, herritarrak proiektuaren finantzaketaren zutabe nagusi izan daitezen proposatzen dugu, ustiapen-fasean energiaren salmentatik lortutako onura ekonomikoak partekatzeko helburuarekin. Honetarako bazkideek Bazkideen Kontu Korronte (CCA) bat ireki dezakete, 1 000 €tik gora, eta hamar edo hamabost urterako % 3ko ordaina izango duena. Horretarako baldintza, zenbatekoaren % 5 partaidetza sozialetan izatea.

Zer ekarpen egiten dio proiektu honek Euskal Herriari energia autonomiaren eta elektrizitate zirkuitu laburraren inguruan?

Bixente Mateo: (Ipar) Euskal Herriak egun eguzki-energia bidez 60 GWh elektrizitate sortzen du, eta guztira 230 GWh dira (hidroelektrikoa eta beste iturri batzuetatik). 2027an hasita, Zaluagak % 5 gehiago ekoitziko du, hau da, 3 GWh gehiago. Baina benetako balioa beste bat da: Tokiko lehen zirkuitu laburraren sorrera izango da. Ekoizten den argindarra zuzenean Enargia kooperatibari salduko dio, 30 urterako prezio egonkor baten truke.

Hau aurrerapauso handia izango da une honetan, elektrizitatearen prezioak gorabehera handiak dituelarik, eta Enargiari hornikuntza-kostuak bermatzeko aukera emango dio.

Energia ekoizteaz gain, zergatik da hain garrantzitsua biztanleek honelako ekimen baten jabe egitea eta babestea?

Marion Pichery: Halako egitasmoen jabe eginez biztanleek energiaren kontsumo kontzientea hautatzen dute eta krisiei aurre egiteko indar handiagoa dute. Honek aukera ematen diete beren aurrezkiak zentzua duten proiektu etikoetara bideratzeko, aktore ezberdinen artean harremanak sortzeko eta lurraldearen kohesioa sendotzeko.

ELKARRIZKETA (frantsesez) HEMEN