Enbataren sorreraren 50. urteurrena, eraberritzeko aukera, ildo abertzale eta ezkertiarrari eutsiz.

2013/04/12
2272.JPG
1963ko apirilaren 15ean, 30 bat pertsonek Iparraldeko lehen aberri eguna ospatu zuten Itsasun, Lapurdi. Han irakurri zen Itsasuko Gutuna, Enbata (hasiera hartan Embata) mugimenduaren sorrera adierazpentzat jotzen dena. Mugimendu horren ideiak astero argitaratua izan den izen bereko aldizkarian jasotzen joan dira euskaraz eta frantsesez.

Ekitaldi hau Ipar Euskal Herriko abertzaletasun antolatuaren sorreratzat jotzen da. Ordutik Enbata ekimen desberdinen bultzatzailea izan da. 50 urte hauetako historia jasotzen duen liburuan Jon eta Peio Etcheverry-Ahinchatek diote ekimen hauek “ausardiaz eta talentuz” jarri zituztela abian bere herriko errealitatearekin konprometiturik zeuden militante batzuk. Beraiei zor diegu egun gure artean hain ezagunak diren 3+1=4 bezalako espresioak. Iparraldeko jendeak dioenez, Enbataren jaiotzaz geroztik ezer ez da berdin, presioen, mesprezuen eta, jaiotzatik 15 urtera, gobernu frantsesak ezarritako debekuaren gainetik.

Mugimendu horren ideiak astero argitaratua izan den izen bereko aldizkarian jasotzen joan dira euskaraz eta frantsesez. 2006ko urtarriletik Manu Robles-Arangiz Fundazioak lankidetza akordio bat dauka Enbatarekin, zeinari esker astekariari 4 orrialdeko gehigarria gehitzen zaion, Fundazioak Iparraldean argitaratzen duen Alda! aldizkaria. Halaxe izan da 2013ko martxoaren 21a arte, Enbatak etapa berri bati ekiten baitio.

Astekariaren zuzendaria den Jakes Abeberry-ren hitzetan 50 urteurren hau probestu behar da “astekaria errotik eraberritu, proiektu editoriala egokitu eta beste publiko bati zabaltzeko”. Baieztapen honen atzean egungo errealitatera gerturatzeko beharra islatzen da, Interneten eta aro digitalean txertatua dagoen gazteriara, ekologia eta gizarte eredua bezalako eztabaidetara, eta abar.

2013ko apiriletik aurrera Enbata 20 edo 24 orrialdeko hilabetekaria bihurtuko da. Alda! gehigarria bi orrialdekoa izatera pasako da, aldizkariaren zati bilakatuz. Era berean, apirilaren 15ean, Itsasuko adierazpenaren 50. urteurrenarekin batera, Enbata.info sortuko da. Astero berrituko den argitalpen digitala izango da. Bertan, hilero paperezko edizioan jorratuko diren gaiez gain, eztabaida piztu nahi da Iparraldeko gizartea eta abertzaletasuna kezkatzen dituzten gaiei buruz eta, era berean, mugaz bi aldeetako bizipenak elkartzeko leiho bihurtu nahi du, 4+3=1 esaera egiazkoagoa eginez.

Astekaria errotik eraberritu, proiektu editoriala egokitu eta beste publiko bati zabaldu

Enbata proiektuarekiko Manu Robles-Arangiz Fundazioaren lankidetza ere egokitu egingo da errealitate berri honetara. Hileroko paperezko edizioan Alda!-ren bi orrialde mantentzeaz gain, Alda!-ren nukleoa Enbata.info-ren talde dinamizatzaile bihurtuko da. Beraiek izango dira web orria elikatuko dutenak, beraiek gogoetarako gaiak proposatuko dituztenak,eztabaidak bultzatu eta koordinatuko dituztenak Enbata.info Iparraldeko gizarte errealitatearen plaza publikoa bihurtzeko asmoz, inolako aukera alderdikoi zehatzarekin lotu gabe, baina ezkerrarekin eta abertzaletasunarekin konprometiturik.

Eraberritze honek Enbata aldizkariaren harpidetza prezioaren berregokitzea dakar ere, urteko 60 eurotik 40 eurora pasatuz. Hori izango da aldizkaria sustengatuko duena, Enbata.info agerkari digitala doakoa izango da eta.