Enpresa eredu berria? Zertarako?

2016/01/26
kondia.jpg
Joan den astean, Kondiako langileak kaleratzen dituen auto judiziala iritsi zen. Ondorioz 42 langile kaleratu dituzte dagoeneko, eta 23 datorren astean pasatuko dira INEMeko ilarara. 65 famili kale gorrian, behar bada honek izan beharko zuen titularra, baina nola iritsi diren honaino azaltzea garrantzitsuagoa dela iruditzen zait.

Aitor Iturain

Kondia makina erremintan lan egiten duen eta 65 urteko historioa duen Elgoibarreko enpresa bat da. Bere ibilbidean krisi bat baino gehiago gainditu ditu baina oraingo krisiari ez dio aurre egin. Zer aldatu da? Nor da erruduna? Azken 7 urteak ez dira errazak izan Kondiako langileentzat. 2008ko krisiarekin batera lanaren beherakada handia etorri zen, inguruko enpresa guztiak bezala ERTE (aldi baterako lan erregulazio espedientea) bidez aurre egin zitzaion lan jaitsiera horri. 2012an, baina, bestelako erabaki bat hartu zuen Kondiako Zuzendaritzak. Beraiek nahiko ez-eta, diru ugari ordainduz, Koldo Saratxagaren NER izeneko taldea kontratatu zuten zulotik irtetzeko. Honek, lehenengo eta behin komitea eta langileen ordezkariak anulatu zituen. Bigarrenik “sasi asanbladak” egiten hasi zen; eta bertan langileek nahi zuten bidea Saratxagaren gustokoa ez bazen, behin eta berriro egin behar izaten genuen bozketa. Hirugarrenik, kategoriak kendu zituen edozein langile arruntek ardura gehiago har zezan. Laugarrenik “fitxaketak” kendu zituen ordu extrak legeztatuz.

Koldo Saratxagak lehenengo eta behin komitea eta langileen ordezkariak anulatu zituen. Bigarrenik “sasi asanbladak” egiten hasi zen

Horrek guztiak, noski, ez zuen enpresaren norabidea aldatu. Eta zenbakiak ez zirenez behar bezain onak, langileei %23 jeitsi zitzaizkien soldatak. Hau nahikoa ez eta, beste ERTE bat jarri zuen martxan, baina oraingoan, langileek beren langabezia enpresari oparituz. Hau da, paroa kobratzen zuten bitartean lanera joanez. Iruzur galanta, baina Saratxagarentzako beharrezko neurria. Bere esanetan Estatuko “behia” ongi ustiatu behar da. Saratxaga eta bere errezetak! Neurri guzti hauek alperrekoak dira benetako arazoa, lan karga, ez baldin bada hobetzen. Ner Taldea Kondiatik ateratzea erabaki zuen zuzendaritzak, egoera ez baitzen hobetu, zoritxarrez berandu.

Beste ERTE bat jarri zuen martxan, baina oraingoan, langileek beren langabezia enpresari oparituz. Hau da, paroa kobratzen zuten bitartean lanera joanez.

Gaur enpresako langile guztiek, gerentea barne, demanda bat sartuta dute beraien soldatak berreskuratzeko. Baina, horrek ez du ekidingo bihar 65 langile kale gorrian gelditzea.

Hori guztia kontatu eta gero, merezi du hausnarketa bat egin eta geure buruari bi galdera egitea. Krisiaren aurretik Kondiako zuzendaritza plan estrategikoak egiten eta enpresarendako etorkizuna lantzen zebilen. Gero, berriz, plan estrategiko bakarra soldatak jeitsi eta lan baldintzak okerragotzea izan da. Hori nahi ahal dute gure Gobernariek enpresa eredu berri gisa? Zein erantzunkizun hartu dute 65 kaleratzeen benetako arduradunek?