"Enpresa kultura berria"ren atzean ezkutatzen dena

2018/10/24
DHL-Mercedes.jpg
“Enpresa demokratizatzearen” ideia hitzetik hortzera darabilte azkenaldian mundu zabaleko enpresaburu-elkarte, manager, ideologo eta akademiko (neo)liberal guztiek. “Enpresa-etika” berriaren xedea da enpresetan barne-gatazkak ezabatzea eta “tirabirarik gabeko eta konfiantzazko giroa” sortzea. Nola ez, Euskal Herrian ere indar hartzen ari da logika hori.

D41 DHL-MercedesDokumentu osoa irakurri

Jon Las heras, EHUko irakasle eta ikerlaria (Demokrazia sindikaturik gabe? DHL-Mercedeseko langileek EZETZ esan diote eskala bikoitzari dokumentuaren sarrera)

Gerran bezala, negoziazio kolektiboan ere kapitalak hamaika trikimailu eta amarru erabiltzen ditu langileen interesak enpresaren interesen mende jarri ahal izateko. Azken buruan, enpresa batek helburu bakarra du: errentagarri izatea, eta, ahal dela, bizilaguna baino errentagarriagoa. Soldatak, langileek izan dezaketen beste edozein onura edo eskubide bezala, produkzio-kostu bat dira, eta murriztu egin behar dira. Gure lana azpikontratatu egin daiteke beti, edo beste enpresa batek beregana dezake lan-baldintza kaskarragoetan edo, zergatik ez, berrikuntza teknologiko (estetikoki ikaragarri moderno!) ugariren bidez ordezka daiteke zuzenean, trepeta horien helburua ez baita besterik: gu makina bihurtzea edo informatika-programa sofistikatu bat. Batzuetan, aurpegirik beltzenarekin saiatzen dira, eta beste batzuetan, aurpegi zuriarekin, zurikeriaz. Agian, demokrazia nabarmenegiz eta itxura batean asmo onez makilatutako aurpegiarekin.

Ikusi zuten, orobat, lan-malgutasuna hobea dela “demokratikoki” ezartzen bada, modu horretara langile-klaseak errazago eta benetan barneratuko duelako

Politikariek, hala liberalek nola sozial-demokratek, telebista-saioetan parte hartzen duten gorbatarik gabeko adituek, baita “arduradun” izatearen rola bere egin duten zenbait zuzendari sindikalek ere, horiek guztiek, sustatu dute edo ontzat eman dute soldata-kontuetan, lanaren antolamenduan edo lan-egutegian malgutasuna onuragarria dela enpresetan lehiakortasuna berrezartzeko eta, besteak beste, beraiek sortu zuten krisitik ateratzeko. Euskal patronalak, hasiera batean, “malgusegurtasuna" hartu zuen formulatzat, ekonomia globalaren dilemei balizko konponbide bat emateko, baina berehala ikusi zuen herritarrei “segurtasuna” emate hori garestiegia zela, eta, areago, antolatzeko denborarik ez zuten langileen zama arintzeko bidea ere izan zitekeela. Beraz, malgutasuna segurtasunik gabe hobea delako logikarekin geratzea hobetsi zuten. Ikusi zuten, orobat, lan-malgutasuna hobea dela “demokratikoki” ezartzen bada, modu horretara langile-klaseak errazago eta benetan barneratuko duelako. Horrek ahalegin eta buruhauste handiak sortzen dizkie: patronalak eta giza baliabideetako sailek oreka-joko zailak egin behar dituzte enpresetan langileen eta sindikatuen edozein antolaketa-indar ahultzeko. Horixe da hemen kontatuko dizuegun istorioaren mamia.

Enpresa demokratizatzearen” ideia hitzetik hortzera darabilte azkenaldian mundu zabaleko enpresaburu-elkarte, manager, ideologo eta akademiko (neo)liberal guztiek. “Enpresa-etika” berriaren xedea da enpresetan barne-gatazkak ezabatzea eta “tirabirarik gabeko eta konfiantzazko giroa” sortzea. Nola ez, Euskal Herrian ere indar hartzen ari da logika hori. Estrategia izan da kapitalaren eta lanaren arteko elkarrizketa egiturazko arazo guztien konponbidetzat aurkeztea: beste aldeari (langileei eta sindikatuei) entzun egin behar zaio, adostasun-puntu batera iristeko eta gaizki-ulertuak albo batera uzteko. Hori bai, beti ere joko-arauak betiko berak diren bitartean.

Eta ez dezagun geure burua engaina: azken hamarkadan, zenbat aldiz errepikatu ote da goi-agindu hori, lehenbizi enpresak salbatu behar direla ondoren enplegua ziurtatzeko? Erretolika horri jarraituz, esan digute ez dugula hain zurrunak izan behar, globalizazio eta berrikuntza garaiotan ez dugula hain arkaikoak izan behar; ohartarazi digute sindikatuak ez badaude prest “jardun berriak” ikasteko, bigarren maila batean utzi beharko liratekeela; izan ere, garrantzitsuena da enpresak eta langileek elkar ulertzea, zurruntasun sindikalak "eraginkortasunik eza" sortzen duelako eta horrek hazkunde ekonomikoa eragozten duelako, eta abar. Azkenaldian zoko guztietara ari da hedatzen enpresen hitz-jario hori, batzuetan ageri-agerian, “ekoizpen arina” defendatzen duen filosofia hori bezala (makinaren funtzionamendua eragotzi dezakeen grasa guztia ezabatu behar dela eta abar), baina, bai bitxia, ahaztu egin zaie beraien logika ekonomizista malgutzea eta ados ez dauden pertsonei entzutea. Ahaztu egin zaie galdetzea ea gizarte-eredu hau denen gogokoa den eta denak gogobetetzen dituen, eta ea bestelako bide inklusiboagoak, bidezkoagoak, bila ote daitezkeen. Uko egiten diote gizarte-eredua eztabaidatzeari, hori ez da aldatu; merkatua merkatua da, eta demokraziak gure gizartean zenbait muga ditu eta ezin dira ezbaian jarri, edo, hobeto esan, ez dira ezbaian jarri behar.

Hurrengo orrietan, Gasteizko DHL-Mercedes lantokiko langileek eta ELAko kideek soldata-eskala bikoitza, 9.000€ ingurukoa, ezartzearen aurka berriki izan dugun borroka irmoa azalduko dizuegu. Erraz esaten da. Gaur-gaurkoz, esan dezakegu borroka irabazita dagoela. Esan dezakegu badagoela maniobratzeko tarte bat enpresa multinazional bati EZ esateko, beti ere langile talde bat baldin badago defendatzen duen horretan uste osoa duena eta ondo antolatua. Esan dezakegu, halaber, enpresa batean demokraziaz hitz egitea lilurakeria hutsa dela: demokrazia berdintasunean eta pareko alternatibak daudenean baino ezin da gauzatu. DHL-Mercedes enpresaren kasuan, ELAko afiliatu eta ordezkariak ezinbesteko tresna izan dira demokratikotik gutxi edo deus ez zuen negoziazio kolektibo bat demokratizatzeko, negoziazio horretan, enpresak era guztietako amarruak erabili baitzituen langile banako bakoitzaren kontzientzia aldatzeko, haiekin modu kolektiboan ezin zuenean. ELAko afiliatu eta ordezkariek DHL-Mercedesen erakutsitako irmotasuna eta elkartasuna adibide garbia dira zenbait ikasgai ateratzeko: (1) ezin da enpresarien diskurtsoetan konfiantzarik izan, nahiz eta hitz politekin jantzi (2) enpresetan, demokrazia, prozesu bat da eta hor garrantzitsuena indarren korrelazioa da, (3) askatasun sindikala eta beste zenbait eskubide lortzekotan, borroka egin beharra dago ezinbestean ; eta (4) langileak kapitalaren aldean indarra hartzen joateko eta egiaz subjektu eraldatzaile bihurtzeko, iraganeko hutsegiteetatik ikastea baino garrantzitsuagoa da ekintza kolektiboko molde eta bide berriak esperimentatzea.