Eraldaketarako sindikalismoa eta ekonomia soziala

2023/06/27
Egileak_argazkia.jpg
Eraldaketa sindikalismoa, Ekonomia Sozial Eraldatzailea eta Hego Euskal Herrirako estrategia sozioekonomiko burujabea. Talaios Koop-ek egindako dokumentu honen edukiak sistema sozioekonomiko kapitalistari, oro har, eta egungo euskal kapitalismoari, bereziki, alternatibak bilatzeko beharretik abiatzen dira. Horretarako, gizarte-ekonomia eraldatzaileari lotutako azterketa-, pentsamendu- eta praktika-ildoak planteatzen dira, estrategia sozioekonomiko subiranista bat eraikitzen aurrera egiteko oinarrizko tresna gisa. Esparru horretan, kooperatibismoaren eta gizarteekonomiaren eta sindikalismoaren arteko harremanari buruzko hausnarketak eta proposamenak egiten dira, baita sindikalismo eraldatzaileak bultzatu beharreko enpresa-eredu edo ekoizpen-unitate motari buruzkoak ere. Horretarako, ezinbestekoa da lanaren eta langile-klasearen kontzeptua birplanteatzea.

(Dokumentu osoa irakurri edo deskargatu. Paperean eskuratzeko, fundazioa@ela.eus helbidera idatzi)

Prozesu ekonomikoaren eraldaketa burujabetzarako


azala eus.png• Errealitatean lanean diharduten gizarte ekonomiak oreka zailean daude bi arrazionaltasunen artean:

– Arrazionaltasun “instrumentala”. Horren helburua da ekintza ekonomiko enpresariala merkatuko ekonomia kapitalistaren arauetara ahalik eta modu funtzionalenean egokitzea.

– Arrazionaltasun “baloratiboa”. Ekonomia balio eta printzipio demokratiko batzuekin egitea da kontua, etika ekonomiko bat oinarri hartuta, etika komunitarioa ardatz.

• Gizakion burujabetza edo autonomia dago jokoan; esperientzia sozioekonomiko alternatiboak eraikitzeko benetako aukera, kontzienteki hautatutako balioetan oinarrituta:

– Merkatu sozial eraldatzailea. Ekonomia Sozial Eraldatzaileek beste modu bat behar dute prozesuaren edo oinarrizko ziklo ekonomikoaren fase bakoitzean funtzionatzeko, hau da, produkzioa, merkaturatzea-banaketa, kontsumoa eta aurrezkia-kreditua. Alde horretatik, “merkatu sozial eraldatzaile” bat sortu behar da, prozesu eraldatzaile burujabe batean aurrera egiteko. Horretarako, eragileen masa kritiko nahikoa lortu behar da, eta, hortik abiatuta, ahalik eta pertsona gehienen beharrak modu esanguratsuan aseko dituzten trukerako eta lankidetzarako lurralde sareak eratu behar dira.

Burujabetza estrategikoak eta Hego Euskal Herriko egitura ekonomiko-produktiboaren eraldaketa

• Helburua: gizartearen aldetik beharrezkoak diren eta ingurumenaren aldetik iraunkorrak diren jardueretan oinarritutako ekoizpen matrizea eraikitzea.

• Hego Euskal Herriaren eraldaketa produktibo eta industrialak jarduera sozioproduktiboaren trantsizio ekologikoa helburu duten neurriak eskatzen ditu, eta horrek enpleguari loturiko bidezko eraldaketa ere barneratu behar du.

• Hego Euskal Herriko ekonomian beharrezkoak diren funtsezko aldaketa batzuk:

– Sektore batzuen tamaina txikitzea: eraikuntza, energia sortzea, garraioa edo finantzak.

– Ekonomiaren Lehen Sektoreratzea, nekazaritza ekologikoaren hazkunde handiarekin, baso azaleraren handitzea karbono finkapenerako eta familia barruko ordaindu gabeko lanak eta soldatapekoak ez diren lan komunitarioen ugaritzearekin.

– Energia gutxiago erabiltzea, bereziki automozio pribatuan eta klimatizazioan.

– Bizirako beharrezkoak diren jarduera ekonomikoen birlurralderatzea, inportazioak jaitsiz eta bertako ekoizpen ehuna handituz.

• Eraldaketarako oinarrizko ildo horiek lotura estua dute burujabetza sektorial estrategiko batzuekin:

– Elikadura burujabetza. Lehen sektorea elikadura burujabetzarekin lotzen da. Ekoizpen matrizearen eraldaketaren elementu nagusia landa eremuaren suspertzea eta sektorearen indartzea da. Helburu nagusia elikadura burujabetzaren ahalik eta maila handienak lortzea izango litzateke, autonomia material bat eraikitzeko markoan, bizitzaren erreprodukzioaren beharrak tokiko materialekin eta politikoki autonomoak direnekin asebete ahal izateko.

– Energia burujabetza. Transformazio ardatz nagusiak desfosilizazioan eta desnuklearizazioan, kontsumoaren murrizketan eta energia benetan berriztagarriak ezartzean oinarritu behar du. Beharrezkoa da herritarren parte-hartzea eta kontrola orokortzea energia sortzeari eta banatzeari dagokionez, beren burua kolektiboki hornitzeko eta Europar Batasuneko helburuak eta beharrak betetzeko.

– Burujabetza industrial-teknologikoa. Industria jarduerak lotura estua izan behar du teknologia sektorearekin eta burujabetza teknologikoarekin. Ekoizpen ereduaren eraldaketak tresnen eta erreminten erresistentzia eta iraunkortasuna bermatuko duen diseinu teknologikoa bultzatu behar du, eta, gainera, material eta energia jasangarriak, lurraldean ugariak eta birziklagarriak erabiltzean oinarritu behar du.

Eraldatzeko bokazioa duen gizarte ekonomia: ekoizteko modua eraldatzeko oinarri mikroekonomikoa

• Ekoizteko modua aldatzeko, beharrezkoa da sortzen dena antolatzeko, kudeatzeko eta jabetzeko formula alternatiboak proposatzea. Azterlan honetan babestutako proposamenaren oinarrizko elementua Ekonomia Sozial Eraldatzailea (ESE) da.

• Kapitalaren ordez, lana jarri behar da, oro har, jarduera ekonomikoaren eragile ekonomiko hegemoniko gisa, eta, bereziki, enpresa jardueraren eragile gisa.

• Gizarte ekonomia proiektu oso heterogeneoz osaturik dago ditu, antolatzeko modu desberdinak daude, praktika anitzak eta helburuak ere ez dira berberak izaten. Hori dela eta, beharrezkoa da pluralean hitz egitea eta “ekonomia soziala edo kooperatibismo kapitalista” izendatzea eta desberdintzea.

• Errealitatea askotarikoa izan arren, interesgarria da proposamenak bi talde handitan banatzea:

– Gizarte ekonomia osagarria, kalteak arintzen dituena edo kapitalista. Gaur egun, gehiengoa da herrialde zentraletan, eta ekonomia kapitalista finantzarizatuaren mendeko da edo bere marjinetara moldatzen da.

– Helburu eraldatzailea duen ekonomia soziala. Irabazi edo aberastearen gainetik pertsonen beharrak asetzeari lehentasuna emateaz gain, egungo ekonomia eta gizartea eraldatzea du helburu. Ekonomia kapitalistaren alternatiba gisa balioko duen gizarte ekonomian aurrera egin nahi du, eta ez izan hau legitimatzen duen tresna balioko duen gizarte ekonomian aurrera egin nahi du; bizitzeko modu berriak ikertzen eta lantzen ditu, eta premia ekonomikoak beste logika batekin asetzen ditu.

• Ekonomia Sozial Eraldatzaileak aurrera egin behar du lana, jabetza eta balioa ulertzeko beste modu batzuetan. Hala, autogestionatutako lana edo norberaren konturako lan kolektiboa, jabetza komunitarioa eta erabilera balioa erreferentzia dira Ekonomia Sozial Eraldatzailea eraikitzeko.