Eredu sozial, sindikal eta politikoa aldarazteko proposamena

2024/01/31
LortuDugu3.jpg
Manu Robles-Arangiz fundazioak Oscar Garcia Juradok eta Talaiosek egindako "Eraldaketarako sindikalismoa eta ekonomia soziala" liburua argitaratu du. Liburuaren aurkezpena otsailaren 5ean izango da Donostiako San Jeronimo aretoan, 18:00etan.

Manu Robles-Arangiz fundazioak kaleratu berri du Eraldaketarako sindikalismoa eta ekonomia soziala. Eraldaketa sindikalismoa, Ekonomia Sozial Eraldatzailea eta Hego Euskal Herrirako estrategia ekonomiko burujabea liburua. Oscar Garcia Jurado ekonomialari andaluziarrak idatzi du Talaios kooperatibako bazkideekin batera, eta estrategia sozioekonomiko burujabe baterako proposamena jasotzen du, oinarri duena ekonomia sozial eraldatzailea. Izan ere, egileak uste du sindikalismo eraldatzaileak protagonismo handia izan dezakeela eta izan behar duela helburu horretan.

Krisiak aldaketarako garai aproposak izan ohi dira, eta egungo egoera aukera izan daiteke sozialismo baterantz jotzeko, zeinetan produkzio, kontsumo eta kultura bitartekoak langileen esku eta zerbitzura izango diren. Horixe izan da, hain zuzen, ikerlan honen iparra. Horretarako, hiru eremu izan behar dira kontuan, elkarlotuak baina bereizi beharrekoak: sindikala, politikoa eta soziala. Eremu estrategiko horietan gizarte eredua funtsezkoa da sindikatu batentzat, beti ere aberastasunaren banaketa justua eta justizia soziala helburutzat hartuta.

 

Egitura eta edukiak

Lehen kapituluetan, euskal ekonomiaren gabezia eta menpekotasunak aipatzen dira. Euskal Herrian gertatu den bilakaera sistemikoa deskribatzen da: kapitalismo neoliberal interbentzionista zena -azken hamarraldietan huts egin duten politika industrialak hor kokatzen ditu- laugarren iraultza industrialarekin batera sortu den kapitalismo digitala bilakatu da.

Hirugarren kapitulutik aurrera, proposamen estrategiko bat zehazten da, zeinaren oinarria herrien eta jendearen autonomia eta independentzia den. Esaten da sistema sozioekonomikoak izan behar duen berregituratzeak jo behar duela 'Eraldatze-Burujabetzak' agertokirantz. Eraldaketa marko hori aurkezteko bi auzi nagusi daudede: batetik, 'nola ekoizten den', eta bestetik, 'zer ekoizten den'. Lehen auzian planteatzen da nolakoak izan behar diren ondasunak eta zerbitzuak sortzen dituzten unitate sozioekonomikoak, ikuspuntu demokratiko eta burujabe batetik. Helburua da oinarria ekonomia sozial eraldatzailea izango duen produkzio moldera jotzea. Bigarren auziaren inguruan, berriz, proposatzen da bilatzen den eredu edo matrize produktiboaren eraldaketak ekarri behar duela beharrezko diren eta ingurumen ikuspuntutik iraunkorrak/jasangarriak diren jarduera sozialen garapena, baita burujabetza sektorial estrategikoen aurrerabidea ere.

Bosgarren kapituluan, autogestio produktiboaren hainbat nazioarteko eredu jaso dituzte egileek: esaterako, Quebeceko Sindikatu Nazionalen Konfederazioa (CSN), Kanada; edota Brasilgo Kooperatiba eta Enpresa Solidarioen Zentrala (UNISOL), nahiz Argentinako Asociación Nacional de Trabajadores Autogestionados (ANTA); guztiak ere esperientzia esanguratsu eta eredugarriak.

 

Egileak

Oscar García Jurado (koord.), Gorka Julio Hurtado, Beñat Irasuegi Ibarra eta Andoni Mikelarena Urdangarin Talaios-Aholkularitzako kide dira. Teknologia libreetan oinarritutako tresna digitalak ikertu eta garatzen dituzte. Halaber, teknologia libreak erabiltzeko formazioa eskaintzen dute. Ekonomia sozial eta eraldatzailearen eremuan enpresa eredu berriak sortu eta hedatzen dihardute.

Liburuaren koordinatzailea, Oscar Garcia Jurado, Talaios Andaluziako kide da; ikerlanak egiten ditu eta trebakuntza ematen du ekonomia sozial eta solidarioaren, lurralde ekonomiaren edota enpleguaren inguruan. Portal de Andalucía-n idazten du eta bertako kontseilu editorialeko kide da.