Erizainen preskripzioa: noren alde gauden

2015/05/04
errezeta medikua.jpg
Polemika sutsua piztu da Medikuen eta Erizainen Elkargoen artean. Polemika hau ez da gertatu, inolaz ere, egunerokoan elkarrekin lanean aritzen diren mediku eta erizainen artean. Are gehiago, gatazka horren muina aztertzean, argi dago bi elkargoen interes korporatiboak preskripzioaren egokitasunari gailendu zaizkiola. «Hau gure egitekoa da, ez sartu gure lan-esparruan», eta «gutxietsi egiten gaituzue eta salatu egingo zaituztegu» artean dabiltza.

Pello Igeregi, ELA-Osakidetza, Berrian argitaratua

Wikipediaren arabera, medikuaren «funtsezko zeregina gaixotasunen diagnostikoa lortzea da, eta horren araberako tratamendua ematea, bai eta eritasunen prebentzioa lantzea ere». Erizaintza, berriz, «modu autonomoan eta medikuekin lankidetzan, medikuntzaren arlo eta jardueretan lan osagarriak egin eta gaixo eta ezinduen zaintza helburutzat dituen diziplina eta lanbidea da».

Argi dago bi lanbide horien arteko ezberdintasuna ez dela erabakitzen horren erraza, norbere funtzioak dauzkate, baita lan-esparru komunak ere, azken horietan kokatzen da eztabaida hau. Egoera okertzeko, Espainiako Gobernua lantzen ari den Erizainen Preskripzio Dekretu-proiektuak ez du batere zehazten preskripzioaren muga non kokatuko den. Batetik, medikuen preskripzio beharrik ez daukaten medikamentuetan (ibuprofenoa edo sendaketak egiteko materiala esaterako) erabateko autonomia ematen die erizainei preskripziorako, baina medikuen preskripzioa exijitzen duten medikamentu batzuen kasuan protokolo eta gida batzuen arabera preskripzio «kolaboratiborako» aukera irekitzen du. Baina ez dakigu ze medikamenturi buruz ari den Gobernua, ezta protokolo horiek ze osasun-prozedurarekin lotuko dituzten; normala, urduritasuna, panorama honen aurrean.

Eguneroko lanean Osakidetzak erizainak medikamentuak agintzera behartzen ditu. Sendaketak egitean edo berezko dituzten funtzioak egitean, medikamentu eta osasun-materialari buruzko «aholkuak» ematen dituzte. Lan horietako gehienetan erizainak autonomia osoz ari dira lanean, baina ematen dituzten aginduek ez dute legezko babesik.

Autonomia osoko espazioez gain, Osakidetzak erizainak tarteko espazioan aritzera behartzen ditu gero eta gehiago. Osakidetza lan-protokolo berriak ezartzen ari da (TRIAP edo PAL) osasun zentroetan; horien arabera, erizainak katarro, eztarriko min edo gernu infekzioak aztertzera behartzen dituzte. Protokolo horiek ez dituzte inorekin adostu, langileek ez dute izan behar bezalako prestakuntzarik, eta ez da behar bezala aurreikusi mediku eta erizainen arteko lankidetza. Baina, are larriagoa da Osakidetzak agindu horiek ematen dituela legezko babesik izan ez arren. Lan-baldintzak inposatzerakoan Madrileko legea ezin da gainditu, baina langileek legezko babesa behar dutenean Osakidetzak ez du inolako arazorik legeak aurreikusten ez dituen aginduak emateko.

Gure ustez, elkarlaneko espazio horretan arazorik sor ez dadin, lanerako protokolo argiak behar dira eta protokolo horien baitan erabili beharreko sendagaiak argitu behar dira. Protokolo horiek ezartzeko, azterketa zientifikoa egin beharko litzateke lanbide bakoitzaren prestakuntzaren araberako funtzioak emateko. Eta bai EAEko eta Nafarroako araudiak protokolo eta agindu zehatz horiekin eman beharko lieke babes juridikoa mediku eta erizainei. Eztabaida protokolo horien hedadurari buruz egin beharko lukete Mediku eta Erizainen Elkargoek; bestelako eztabaida guztiak antzuak dira.

Baina bada gai honetan aipatu beharreko beste ertz bat. Preskripzio hori egiteko, kreditazio edo titulazio osagarri bat exijituko diete erizainei. Erizaintza Graduan zehar farmakologia ikasi egiten da, preskripzioak egiteko arazorik ez duten beste karrera batzuetan adina; Podologian zein Odontologian, kasurako. Zergatik exijitzen dute titulazio osagarria Erizaintzan, eta ez Podologian eta Odontologian? Zeinek egingo du negozioa erizainen behar berri horren kontura? Agian, polemikaren parte batek horrekin ere lotura izango du.

Eta apenas inon azaldu den beste azken ertz bat. Dokumenturik argitaratu ez duten arren, erizainen preskripzioarekin batera, Kudeaketa Klinikoko Unitateak bultzatzeko erabakia hartu du Espainiako Gobernuak. Unitate horiek Katalunian osasun zerbitzuak pribatizatzeko erabili dituzte, eta, horiek sortzeko, mediku eta erizainen sindikatu korporatiboen babesa izan du Espainiako Gobernuak. Bi elkargoei eta sindikatuei zarata egitea komeni zaie pribatizazio prozesuei ematen dieten zeharkako babesa ezkutatzeko; agian, polemikaren tamainak horri ere erantzuten dio.

Langileek beren funtzioen arabera lan egiten dutenean babesteko betebeharra du Osakidetzak, eta ezin da egon Madrilen egin behar den dekretu baten zain; arautu dezala erizainen preskripzioa, eta irizpide zientifikoen arabera ezar ditzala lan-protokolo argiak. Orduan, zeinen alde gaude? Gu erizain eta medikuen alde gaude, beste langileekin batera egin beharreko elkarlanean sinisten dugu eta; bereziki, osasun publiko sistema unibertsal eta kalitatezkoa mantentzearen alde gaude. Gainerakoa zarata besterik ez da.