#errepideakgreban: Euskal Herrian indarrean dagoen grebarik luzeena
Gorka Quevedo, ELA sindikatuko komunikazio arloa (artikulu hau Landeian argitaratu da)
Langile hauek oinarrizko zerbitzu publiko bat eskaintzen dute. Euren ardura da, besteak beste, errepideen garbiketa eta mantentze lanak, errepideko gertakarien artapena, neguko errepide planak, abisu eta gertakarien kudeaketa, arlo guztietako mantentze elektrikoa edo tunelen zaintza. Lan guzti hauek Gipuzkoako errepide guztietan egiten dituzte, ordainekoak diren AP-8 eta AP-1 autopistetan izan ezik.
Baina langileek ere gogor salatzen dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera. Bera da zerbitzu publiko honen baldintzak arautzen dituena. Bera, eta ez beste inor, da esleipena prezio baxuetan egitearen arduraduna
Langileek gogor salatzen dute zerbitzu hau eskaintzen duten enpresen –Ikusi, Korostel, Zerbitzu Elkarteak, Ferrovial, Asfaltos Urretxu, Murias eta Otegui Gaztañaga– jarrera. Enpresa guzti hauek hiru Aldi-Baterako Enpresa Batasunean daude bilduta: Goierrialdea, Miramon eta Goierri Deba. Enpresa hauek prekarietatea eta esplotazioa erabiltzen dute euren irabaziak handitzeko: lanaldi amaigabeak, sarri askotan hamabi ordutik gorakoak; lan egiteko gehiegizko erritmoak; pertsonal falta; prekarietatea; azken sei urteetan izozketak besterik ezagutu ez dituzten soldata eskasak...
Baina langileek ere gogor salatzen dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera. Izan ere, ez dugu ahaztu behar bera dela zerbitzu hau eskaintzearen arduradun gorena. Bera da zerbitzu publiko honen baldintzak arautzen dituena. Bera, eta ez beste inor, da esleipena prezio baxuetan egitearen arduraduna. Zoritxarrez, ez dirudi askorik inporta zaienik langile hauen egoera. Greba hasi zenetik ez du inolako ahaleginik egin gatazkaren konponketarako. Gipuzkoako Foru Aldundiak uko egiten dio grebalariekin biltzeari; patronalak uko egiten dio negoziatzeari.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzatik pasatzen bazara, ziurrenik han topatuko dituzu prekarietatearen kontra eta lan-baldintza duinen alde borrokan ari diren langile hauek. Izan ere, gauza bat argi dute: egoera konpondu bitartean greban jarraituko dute, protestan, zarata egiten. Azken finean lan baldintzak –soldata igoerak, plusak, erreformaren aurkako klausulak edo sinatutakoa beteko denaren bermeak– erregularizatuko dituen Enpresa Hitzarmenak lortu arte. Erabakia argia da: Gipuzkoako errepideen mantenuaz arduratzen diren ia ehun langile hauek borrokan jarraituko dute, euren lan-baldintzen eta guztioi eragiten digun zerbitzu publiko baten alde.