Erresistentzia kutxan (derrigor) sartu beharreko bost gauza

2018/07/30
GrebaKutxa.jpg
Diru-ekarpenez, funtsez eta sosez harago, beste oinarrizko osagai batzuk ere behar dira sartu zorroan, greba baten bidaia luzerako prestatzeko.

Urko ApaolazaUrko Apaolaza Avila, Argiako kazetaria eta "ZULOAN: bidaia bat AHT era lan esploatazioan barrena" liburuaren egilea (artikulu hau Argian argitaratu du)

Kapitalismoak XIX. mendean lana merkantilizatu zuen momentu beretik jendeak bere eskubideen defentsan antolatu behar izan du eta horretarako tresnak asmatu. Erresistentzia kutxa da langileek eskura izan duten erreminta nagusienetako bat, haren bidez iraun ahal izan dute denboran greba luzeek, eta presio horren ondorioz ugazaba negoziatzera behartu.

Erresistentzia kutxak ez dira herenegungoak, duela mende eta erditik gutxienez badugu haien arrastorik. Alda aldizkari berriaren lehen zenbakian –ELAk argitaratua– Ivan Giménezek gogorarazi digu Emile Zolak Germinal obra ikaragarrian grebarako kutxak aipatzen zituela narrazioaren elkarrizketa gordinetan: “Zenbat eta diru gehiago bildu, orduan eta denbora luzeagoz eutsiko diogu grebari”, dio langileetako batek liburuaz gerora egin zuten pelikulan. ELAk berak, Bigarren Errepublika garaian, solidarioen kuoten zati bat funts horretara bideratzen zuen zenbait tokitan.

Eta hori baino lehen, Bizkaiko meatzariek ere bazekiten zer zen kutxa horren onurak edukitzea. 1910eko greba handian, bederatzi orduko lanaldia aldarrikatu zuten horretan, Espainiako Estatuko eta Belgikako beste tokietako meatzariek aurreztutako diruarekin iraun ahal izan zuten, “lanerako eskubidea bermatzeko” agintariek bidalitako hainbat erregimendutako soldaduen aurrean. 1976an, Gasteizko mugimendu asanblearioko emakumeen batzordeek bildutako dirua funtsezko izan zen lanuzteak aurrera eramateko.

Izan ere, nola antolatuko da eta zer independentzia izan lezake langileak bestela? Elkartasun mekanismo primarioenez ari gara. Eta hain zuzen, hori jarri du jomugan berrikitan Bizkaiko Ogasunak sindikatuei diru horren inguruan kontuak eskatu dizkienean. Gaur egun ordea gutxi dira erresistentzia kutxa duten sindikatuak. Euskal Herrian, ELAk egin du horren aldeko apustu garbiena –Espainiako Estatuan LSB-USOk ere erabiltzen du maiz–. Duela lau hamarkadatik langileen kuotaren zati bat horretara bideratzen du sindikatu abertzaleak eta greban dauden afiliatuei 866 euro ordaintzen die: “Kutxarik gabe, sindikaturik ez” dio Giménezek lehen aipatu artikuluan.

LABek badu borroka kutxa deitzen duena, laguntza zehatzetarako soilik, eta UGT nahiz CCOOk ez dute antzeko ezer gaur gaurkoz. Baina bistan da, eta Bizkaiko Ogasunaren eskaerak agerian utzi du, botere ekonomikoei kezka sorrarazten diela langileen eskura dagoen Daviden habaila horrek. Sindikatu batzuk orain hasi dira horretaz jabetzen: CCOO-Euskadik iragarri du “elkartasun funtsa” sortuko duela datorren urterako, haren idazkari nagusi Loli Garcíaren esanetan lan-gatazkak “beste ikuspegi batekin” begiratu ahal izango dituzte horrela.

Baina greba batek bere helburuak lortzeko, diru-ekarpenak, funtsak eta sosez harago, beste oinarrizko osagai batzuk ere behar dira sartu zorroan, bidaia luzerako prestatzeko. Hauek dira erresistentzia kutxa batek (derrigor) izan beharreko bost gauza garrantzitsu.

1) Itsulapikoa. Oinarrizko beharrizanei eusteko gaur egungo sisteman ezinbestekoa da dirua; horregatik itsulapikoa ondo betetzea komeni da, batez ere grebak luzerako direnerako. Hainbat greba historikotan ikusi dugu hori, esaterako 2003an Gasteizko Caballito lantegi ezagunekoan: bi urte baino gehiagoz iraun zuen eta denbora horretan ia ehun familiari eusten lagundu zion ELAren erresistentzia kutxak.

Finantzazioa lortzeko beste bide bat izan liteke Movistarreko langileek 2015ean urratutakoa: finantza zerbitzu etikoak eskaintzen dituen Coop57 bidez lortu zuten dirua –zero interesekin–, eta hura itzultzeko Correscales antolatu zuten ondoren, crowfunding eta Korrika arteko hibrido bat. Behar zutena baino diru gehiago bildu zutenez, prekarietatearen kontrako etorkizuneko borrokentzako funtsa osatu zuten soberan geratu zenarekin.

2) Kamiseta (ahal bada koloretsua). Langileen komunioaren adierazpide indartsuenetako bat dira elastikoak, mareak sortzeraino. Elkartasun eta batasunik gabe zaila baita aurrera egitea, eta haiekin errazagoa jendartearen babesa lortzea. Bizkaiko zahar-etxeetako langileek soinean zeramatzaten berde kolorezkoak airera bota zituzten lan-gatazka irabazi zutenean, denon sinpatia sorrarazi zuen irudi kasik ikonikoa.

3) Agenda. Berdin dio uztai-koaderno klasikoa edo sarean konpartitzeko TitanPad programa antzeko zerbait den. Ondo antolatzea da kontua. “Antolatu egin behar dugu!” dio Germinal-eko protagonistak etengabe. Eibarko Alfa lantegikoek. adibidez, badakite zer den hori: 172 egunez enpresako zuzendaritzaren “joko zikinari” aurre egin behar izan diote, greba eskubidea epaitegietan defendatu, informazio guneak muntatu eta eskualdeko beste enpresekin batera mobilizatu.

4) Pertseberantzia. Ideia batzuen alde borrokatzeko “obligazio moralak” sortzen du pertseberantzia, filosofo hark zioen bezala. Eta kolektiboa bada, geldiezina da, historiaren motorra bihurtzeraino. Lan-mundura ekarrita, grebak langileen egoera hobetzeaz gain jendarte justuago bat lortzeko urrats direnean, hauek ere geldiezin bihurtzen dira.

5) Smartphonea. XXI. mendeko langile borrokan komunikazioa giltzarri da, eta komunikazioa ezin da ulertu sare sozialik gabe gaur egun. Galde diezaietela Occidental Bilbao hotelean outsourcing lanean dabiltzan geletako kamarerei. 2017an, sei eguneko greban Espainiako Estatu mailan antolatuta dauden Kelly-en babesa izan zuten sekulako oihartzuna lortuz. Kolektibo honek lortu du ikusezina zen prekarietatea askoren mugikorretara eta kontzientziara ailegatzea.