Eskoziatik dator notizia
(Txiki Muñoz, Norabidea blogean)
Maiatzaren 6tik 8ra bitartean ELAk Eskoziara bidaia egin zuen, une politiko ezin interesgarriagoan: Irailean erreferendum bat izango da han independentziari buruz erabakitzeko. Bisitan, bide batez, Thatcherren politikak eragin dituen kalteak ezagutzeko aukera izan dugu; soziala den guztia deuseztatzeko politika, gaur Europan zehar oso imitatua dena.
Baiezkoa nahiz ezezkoa bozkatuko duten erakundeek, guzti-guztiek, onartzen dute burujabetzari buruzko gatazka era demokratikoan konpontzea. Arazoa dagoen lurralde-esparruan bozkatzen da, hots, Eskozian, zeinari aitortzen baitzaio bere etorkizunaz erabakitzeko eskubide osoa duen subjektu politiko dela. Eskoziaren autodeterminazio eskubidea ez dago inongo legetan jasota; Scottish National Partyko (SNP) Alex Salmondek, Eskoziako parlamentuaren izenean, eta David Cameron kontserbadoreak, Erresuma Batuaren izenean, hitzartu zuten erreferenduma egitea.
Agian akordio hura egin zuenean Cameronek ez zuen uste izango une honetan, bozketarako lau hilabetera, inkestak halako berdintasuna islatuko zutenik baiezkoaren eta ezezkoaren artean. Independentistek ezezkoaren aldekoei tarte handia kendu diete. Eta jende askok dio baiezkoa garaile izan daitekeela.
ELAk hainbat ondorio atera du bidaian izandako bileretatik: Lehena, eztabaida politikoa eta herritarren parte hartzea oso garrantzitsua dela, eta guretzat oso pozgarria da eztabaida soilik elite murritz batek ez egitea. Bigarrena, subiraniari buruzko eztabaidan proiektu nazional bat erakargarri egiteko hiru osagai batzen dira: identitate nazionala, gizarte eredua eta demokrazia bera. Identitatea ez da aski baiezkoa garaipenetik gertu egoteko; hain zuzen, jendea asko amorratzen da Cameronen gobernuak City-aren, finantzen alde daraman politikarekin. Laboristek, berriz, ez dute asmatu Tony Blairrek eman zion kutsu neoliberala gainditzen. SNPko liderra den Alex Salmond, ordea, Londresen politika antisozialetik aldendu egin da; esaterako, Eskozian ez da aplikatzen Ingalaterran indarrean dagoen osasungintza eta hezkuntzako berrordainketa. Herritarrek hau aintzat hartzen dute, noski.
Hirugarrenik, eztabaida demokratikoaren beharra gero eta jende gehiagok ikusten du; mundu globalizatuan demokrazia ahuldu egiten da, eta herritarrak kapitalaren menpeko bihurtzen dira. Demokrazia benetakoa izatekotan, beharrezkoa da botere politikoak arazoak konpontzea, bereganako hurbiltasuna, parte hartzea eta gardentasuna. Hots, botere demokratikoa birkokatzea. Hiru faktoreok, Salmondek esan zigunez, funtsezkoak dira Eskozian bizi duten prozesuan.
Ezezkoaren aldekoek beldurra sartu nahi diete herritarrei, esanez independentzia iristea munduaren amaiera litzatekeela. Kanpaina ezkorra da, izua hedatu nahi duena. Honek ez gaitu, bestalde, bat ere harritzen (estrategia ezaguna baita berton ere).
Gure bidaian UNITE sindikatuarekin eta STUC konfederazio sindikalarekin izan dugu hartuemana; eztabaidatu dugu sindikatu bakoitzak nola egiten dion aurre bere herrian dagoen egoera sozial eta politikoari. Thatcherren itzala luzea da, gaur arte bizirik dirau; hark hasi zuen soziala den oro suntsitzeko politika; sindikalismoari eraso zion, bere politikaren arerio zelako; osasungintza eta hezkuntza publikoari ere astindu ederra eman zien… Bere plana urtetan garatu da, eta gizarte baitako desberdintasuna areagotu egin da; laboristek (Tony Blairren agintaldian) ez zuten zuzendu (sozialdemokraziaren akaberari “Hirugarren Bidea” deitu zioten). Thatcherrek kendu takoa ez zen Blairrekin berreskuratu; honen kezka sindikalismoa ahultzea zen, ez ezkerreko politika egitea. Hau ere ezaguna gertatzen zaigu.
Eskozia erreferentzia dugu euskal subiranistok. PPk badaki Euskal Herrian bere politika antisoziala aplikatzen den artean gaitza izango dela subiranismoak behar besteko indarra lortzea erabakitzeko eskubidea irabazi eta gauzatzeko. Thatcherrek Erresuma Batuan egin zuen eraso sistematiko berberari aurre egin behar diogu hemen. Joan den urtarrilaren 14an Madrilen EAEko hiru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak Montororekin Kontzertua berritzeko akordioa sinatzean, aurrekontu-diziplina onetsi zuten. Horrela ez dago aurrera egiterik; gizarte-eredua baztertuta geratzen da. Zein politikarekin egingo da eraikuntza nazionaleko prozesua? Euskal erakundeek beren autogobernu ahalmena ez dute baliatzen gizartean behar den hegemonia subiranista iristeko, baldin eta zerga-politika erabat aldatzen ez bada eta PPk gastuari ezartzen dizkion muga eta irizpideei men egiten bazaie. Hots, politika neoliberalak ezartzen dituztenentzat burujabetzaren debatea ez da lehentasuna. Thatcher ez da hil, klonatuta baitabil han eta hemen lanean.
Hori esanda, ELAk animatu nahi ditu herritarrak datorren ekainaren 8an Gure Esku Dago ekimena antolatzen ari den giza-katean parte hartzera.