Esku-hartze sindikala lan istripuen aurrean
SARRERA
Enpresetako prebentziorik ezaren ondorioz eta, batez ere, lan-merkatuko kolokatasunaren ondorioz, urtero milatik gora istripu gertatzen dira Hego Euskal Herrian. Lan istripuak dakarren osasun-galerak ondorio konponezinak eragiten dizkio langileari, aldi baterako edo betirako ezgaitzen baitute, eta zenbaitetan, heriotza ere eragiten diote.
Gaur egungo abagune honetan, etengabe ari dira lan eta gizarte arloko eskubideak murrizten, eta horrek ere langileriaren lan osasuna eta segurtasuna kaltetu ditu. Enpresak, izan ere, arlo horretako inbertsioak ari dira nabarmen murrizten, eta, administrazioek, aldi berean, izugarrizko murrizketak egiten jarraitzen dute lan-osasunera bideratzen diren aurrekontuetako kontusailetan.
Altueratik erortzea, makinek langileak harrapatzea, lan-baldintzek eragindako bihotzekoak, auto-istripuetan edo in itinere hildako pertsonak, produktu kimikoek eta/edo amiantoak eragindako minbiziak, arazo psikosozialetatik datozen gaixotasunak… Kasuak ugariak baino ugariagoak dira, eta horrek agerian uzten du zernolako gabeziak dauden gure lantoki askotako lan osasunean eta segurtasunean.
Enplegu seguru eta osasungarrirako eskubidea aldarrikatu behar dugu, horrek aldi berean jende guztiarentzako lan eta bizi baldintza duinak ahalbidetu ditzan
Ekintza sindikal eraginkorra behar da, arriskuak desagertu edo ahalik eta gehien murriztuko badira. Hau da, lan osasuna agenda sindikalean txertatu beharra dago. Horrenbestez, kolokatasuna salatu beharra dago; salatu ere, ez dagoela segurtasun neurririk; erabiltzen diren segurtasun neurriak eta inbertitzen diren bitartekoak ez direla eraginkorrak edo ez direla nahikoak, eta proposamenak eta alternatibak landu behar direla.
Gida honek, beraz, horretan lagundu nahi du. Horrela, “Esku-hartze sindikala lan istripuen aurrean” izenarekin, lan bat garatzen saiatu gara, delegatuek jakin dezaten zer pauso eman behar diren lan istripu bat aurrez prebenitzeko eta, lan istripua gertatzekotan, nola jokatu behar den.
Hortaz, prebentzio lana abiapuntu hartuta, eta borroka eta mobilizazioa bidelagun direla, guztiz bitarteko beharrezkoak baitira, aldarrikapen historiko hau bultzatu beharra daukagu: hots, enplegu seguru eta osasungarrirako eskubidea aldarrikatu behar dugu, horrek aldi berean jende guztiarentzako lan eta bizi baldintza duinak ahalbidetu ditzan.