Etorkizuna eta salbuespena: sindikalismoaren bilakaerari buruzko iruzkinak

2015/04/30
kart-ela.jpg
Arrakasta handia izan duen Borgen telesailean protagonistek txiste bat botatzen zuten Danimarkako langile-mugimenduari buruz, esanaz han ez zegoela ez mugimendurik, ez langilerik. Kontua da tesi oso hedatua dela europar akademia soziologikoan honakoa: ekonomiaren globalizazioak eta neoliberalismoak ezinbestean eta derrigor sindikalismoaren gainbehera eta are desagerpena eragiten dute. Tesi hau frogatu egiten omen dute nazioarteko lehiak eta lanaren banaketak, sindikatuen eragin politikoaren galerak, sozialdemokraziak postulatu neoliberalak bere egiteak... Eta hori biribiltzeko, hor omen dago antzina hain indartsua izan zen mugimendu sindikalak azken hamarkadetan pairatzen duen afiliazio jaitsieraren froga enpiriko ukaezina.

Xabi Anza, ELAko formakuntza arduraduna, Ezkerraberri aldizkarian argitaratua

Xabi AnzaArrakasta handia izan duen Borgen telesailean protagonistek txiste bat botatzen zuten Danimarkako langile-mugimenduari buruz, esanaz han ez zegoela ez mugimendurik, ez langilerik. Kontua da tesi oso hedatua dela europar akademia soziologikoan honakoa: ekonomiaren globalizazioak eta neoliberalismoak ezinbestean eta derrigor sindikalismoaren gainbehera eta are desagerpena eragiten dute. Tesi hau frogatu egiten omen dute nazioarteko lehiak eta lanaren banaketak, sindikatuen eragin politikoaren galerak, sozialdemokraziak postulatu neoliberalak bere egiteak... Eta hori biribiltzeko, hor omen dago antzina hain indartsua izan zen mugimendu sindikalak azken hamarkadetan pairatzen duen afiliazio jaitsieraren froga enpiriko ukaezina.

Hala da, kontuok ez dira asmatuak, baina inozotzat har banazakete ere, hau ez da eragozpenei buruzko tesiak egiteko unea. Ez naiz autismometodologikoan jausiko: begibistakoa da hegemonia neoliberaleko azken hamarkadetan ekonomian, politikan eta legedian gertatu diren aldaketekzalantzan jarri dutela sindikatuak langileen interesak defenditzeko duen ahalmena, baita bera ahuldu ere erreferentzia politiko gisa. Baina errenten arteko desberdintasuna izugarri areagotu dela eta babes sozialeko mekanismo guztiak ahuldu direla ikusirik, militante batek aztertu egin beharko du, lehenik, ba ote dagoen, oro har hedatu den ahulezia horretan, bestelako etorkizun bat adieraz dezakeen salbuespenik; eta bigarrenik, salbuespen edo kasu berezi horiek ezdeusak ote diren (alegia, beste testuinguru batzutara “esporta” ezineko errealitateak direlako aintzat hartu ezinekoak), ala klase herritarren defentsarako etorkizuna eskain dezaketen eskuhartze-ereduak izan litezkeen.

Nire ustez, ELAren esperientzia sindikala, eta nolabait eresindikalismo abertzale guztiaren esperientzia, bere muga eta miseriak gorabehera, salbuespena dugu Europako eremu sindikalean; kasu berezia, Dufour eta Hege soziologo frantsesek dioten moduan “alde batera utzi daitekeena”, baina halaber aintzat har daitekeena. Kasu berezia, eta gehiago esango nuke, gure herriarentzako aldaketa politiko eta sozialaren alde daudenek kontutan izan beharko luketen berezitasuna.

Salbuespen izaera bost ezaugarrik taxutzen dute.

Lehenik, Europako estaturik gabeko nazioko sindikatuen artean ELA da bere eremu nazionalean nagusia den sindikatu bakarra. Berezitasun honi gehitu behar zaio LAB, bera ere abertzale eta herri honetako hirugarren sindikatu izanik, bigarren sindikatutik 3 puntura baino ez dagoela (puntubete baino gutxiago, EAEn).

Bigarrenik, berezitasuna sindikatu nagusiaren finantzaketan datza, diru-sarrera propioak (kuotak) %91 direlarik; subentzio publikoetatik datozen diru-sarrerak urriak dira. Gainera, ELAk finantzatzeko ez ditu beste mekanismo batzuk baliatu, esaterako estatuak ematen dituen zerbitzuak bere gain hartzea (langabezia, enplegu-bitartekaritza, prestakuntza...), enpresak sortzea edota kogestio eta kontzertaziotik eratorritakoak kudeatzea.

Hirugarrenik, ELA eta LAB eraldatze estrukturaleko abaguneetan indartu dira, hots, beste leku batzutan gainbehera sindikalaren “arrazoia” izan diren joerei esker (desindustrializazioa, tertziarizazioa, outsourcing, arlo publikoko negoziazio kolektiboaren amaiera…). Nabarmentzekoa da ELA askoz ere nagusiagoa dela ETEetan enpresa handietan baino, eta hazten ari dela sektore pribatizatuetan, betiko zerbitzu publikoetan ez bezala. Beraz, zenbaitentzat paradoxa izan liteke, enpresa txikietako langileak alde batera utzi dituela leporatzen baitiote.

Salbuespen izateko laugarren ezaugarria, oso garrantzitsua, hau da: ELA da Europan erakunde historiko eta bere eremuan nagusi izanagatik elkarrizketa eta kontzertazio soziala baztertu duen sindikatu bakarra; une honetan hauek politika neoliberalak legitimatzeko praktikatzat jotzen ditu. Gaurkoz beste sindikatu abertzaleak ere bat dator ukapen horri dagokionez.

Bosgarren berezitasuna ELAren Greba-kutxa da, zeinetara bideratzen den afiliatuen kuoten %25a. Euskal Herria da gure inguruan lan-gatazka gehien dituen lurraldea. Espainiarekiko nabarmen; baditugu datuak. Eta are gehiago Frantziarekiko, non greben %70 “espontaneoak” diren, hots, eratutakosindikatuek gidatu ez dituztenak, langileek beren kabuz baizik.

Azaldu beharra dago berezitasun hauek ez dutela indar-erlazioaren berri ematen. Begibistakoa da sindikalismo abertzaleak ere eragin politikoa eta indar sindikala galdu duela, batik bat lan-legedian (banakako zein kolektibo dela ere) egindako aldaketak medio. Halaber, krisi garaian ELAk afiliazio galera garrantzitsua pairatu du. Haatik, bere ezarpen tasa (langile okupatu kopuru osoarekiko afiliatu portzentajea) orain 2007an baino handiagoa da. Alegia, afiliatu kopurua enplegua baino gutxiago murriztu da.

Alabaina, berezitasun hauek (estaturik gabeko nazio eskala,finantzazio autonomoa, kontzertazio sozialaren ukapena, gatazkarako ahalmena eta testuinguru enpresarial berrietara moldatu izana) sindikalismoari oro har etorkizuneko norabidea erakuts diezaioke. EAEko afiliazio sindikal tasa %29koa da; Espainiakoa, berriz, %11koa, eta Frantziakoa, %4koa. Alde nabarmena da, kontutan izanik marko normatibo laboral eta sindikala, baita gizarte-segurantza sistema ere, estatuko bera dela.

Haatik, berezitasun hauek ez dute inola erekontrabotere-sindikalismoaren etorkizuna ziurtatzen. Bizi dugun krisia, neoliberalismoak hegemonizatu duelarik, Bourdieuk zioen bezala "kolektiboen suntsipen sistematikorako programa bat da”.Zapaterok eta Rajoyk negoziazio kolektiboari jo dioten erasoak; LANEren baitan greba eskubidearen aurkako oldarraldi patronalak; TTIP inguruan garatzen ari den negoziazioak; ordezkari sindikalen ordu-kreditua kentzeko kanpainak... mehatxu hauek guztiek zalantzan jartzen dute sindikalismo europarraren etorkizuna, baita gurea ere. Noski, “etorkizuna” aipatzen dudanean ez naiz sigla jakin batzutaz ari, eredu konkretu batez baizik, gure ereduaz.

Indar-erlazioa ahulagoa bada; sindikatuaren etorkizuna bera ziurtatua ez badago... Zer egin daiteke?

Nik uste dut ELA gauza izango dela aipatutako berezitasunak blindatu eta areago indartzeko. Baina urte gutxiren buruan nekez egin ahal izango die aurre etorkizuneko erronkei, ez baditu hiru norabidetan funtsezko urratsak egiten. Egia da gauza horiek guztiak batera egitea oso zaila izango dela, baina zorionez, hiru arlo horietan egin beharreko lana batik bat sindikatuaren esku dago. Hauek dira jorratu beharreko hiru bektoreak:

1. Lehenbektorea oinarriko antolakuntzari dagokio. Erreformek txikituta utzi dute betidanik ezagutu izan dugun lan-harreman ereduetako lan-baldintzen irradiazio sistema. Sindikalismoak etorkizuna izango badu lantokietan indartu beharra dauka, enpresa bakoitzean langileak erakarri eta militantzia sustatzeko gauza izan behar du. Enpresan dagoen sindikatua oinarria da; berarik gabe ez dago negoziatzeko edo politikan eragiteko aukerarik. Jendea erakartzea eta oinarri militantea hedatzea da garrantzitsuena.

2. Bigarrenbektorea, aliantza sindikal bat eta artikulazio soziopolitiko berritzaile bat bilatzea. Ez bakarrik indar neoliberalak interpelatu eta kritikatzeko,eraldatzeko asmoa ere izan behar baitu. Mugimendu sindikalaren interpelazio kritikoa ontzat eman behar da, instituzioetan esku hartzeko helburua duten ezkerreko erreferentziak indartuko badira. Artikulazio era honen indargunea da justizia sozialaren inguruko osagaiak erabakigarriak direla, gure ustez, proiektu soberanista batera, burujabetza desberdinen aldeko egitasmo batera, herritarrak erakartzeko.

3. Hirugarrenbektorea erreibindikatzen denarekin lotuta dago. Nonahi ari dira esperientzia alternatiboak sortzen: finantzetan, lan munduan, energian, elikaduraridagokionez... ekonomia berlokalizatzeko, ekoizle eta kontsumitzaileak errespetatzeko, produkzio eta banaketa eredu iraunkorrak, langileak eta ingurumena aintzat hartzen dituztenak. Sare-lan bat egin behar dugu eredu politiko, ekonomiko eta ekologikoan erabateko aldaketa bultzatzen dugunon artean.