Etxebizitzaren krisiari aurre egiteko diagnostikoa eta proposamenak txosten batean jasota

2026/10/27
ARGITALPENAK OROKORRA.jpeg
Hego Euskal Herriko etxebizitzaren krisia aztertzeko eta proposamena egiteko, ELAko Azterketa bulegoak txostena osatu du. Hain zuzen ere, etxebizitza egungo pobrezia eta desberdinkeriaren sortzaile dela azaleratzen du azterketak, eta politika publikoak nahikoak ez direnez, espekulazioa gelditzeko eta etxebizitza geldiarazteko neurriak jasotzen ditu.

Etxebizitza eta desberdintasun soziala

DESKARGATU TXOSTENA: 'AZTERKETA 59: ETXEBIZITZA'

Azterketak 59.jpgAlokairuak urtero ehundaka milioi euro transferitzen ditu errenta apaletatik aberatsen eskuetara. Txostenaren arabera, EAEn eta Nafarroan urtean 1.338 milioi euro ordaintzen dira alokairutan; sarrera txikienak dituzten biztanleen % 40k fakturaren % 62 hartzen dute beren gain; aitzitik, % 20 aberatsenak errentamenduen sarreren % 55 jasotzen du. Datuok erakusten dute alokairua aberastasuna transferitzeko bitarteko bihurtu dela: gutxien dutenek jabetza gehien dutenen poltsikoak betetzen dituzte.

Beste negozio biribila hipotekak dira. Leire Gallego sindikatuko ekintza sozialeko arduradunak salatu du bankuek etxebizitzarekin zer nolako negozioa egiten duten: “Hego Euskal Herrian ohiko hipoteka bat duenak bankuei batez beste 67.000 euro ordaintzen die interesetan”. Halaber, gero eta enpresa eta funts ari dira gure auzoetan etxebizitzak eskuratzen: “azken sei urtean etxebizitza turistikoen kopurua % 22 handitu da, eta gero eta alokairuko etxe gehiago jabe handien esku daude. Nafarroan alokairuko parkearen % 30 haien esku dago”.

Aitor Murgia Azterketa Bulegoaren arduradunak ohartarazi du etxebizitza dela biztanleria pobretzen duen faktore nagusietako bat. Haren esanetan, EAEko eta Nafarroako pobrezia % 17,1tik % 25,7raino igotzen da etxebizitza ordainduz gero; areago, portzentajea alokairuaren kasuan % 41etik %68ra pasatzen da. Hain zuzen ere, etxebizitzaren prezioak soldatak baino bi aldiz gehiago hazi dira. 2015etik hona erosteko prezioa % 66 handitu da EAEn eta % 63 Nafarroan; aldiz, soldatak % 35 eta % 32 handitu dira, hurrenez hurren.

Etxebizitza babestuen gabeziak, batik bat alokairukoak, arazoa larriagotzen du. Gainera, EAEn baliabide publikoekin eraikitako etxebizitzen erdiak kalifikazioa galdu du, edo galtzear da. Nafarroan etxebizitza babestu gehienak pribatu izango dira datozen urteetan. Haatik, 112.095 lagun dago EAEn etxebizitza bat lortzeko zain, eta Nafarroan 24.721.

Gobernuek, Aldundiek eta udalek dagokien erantzukizuna aintzat hartu behar dute ELAren ustez egoera hau ez da saihestezina; aitzitik, urte askotan Gasteizko eta Iruñeko gobernuen, Aldundien eta udalen etxebizitza politikaren fruitu izan da. Mitxel Lakuntza idazkari nagusiakk ohartarazi du etxebizitza politikek huts egin dutela: lehenetsi den ereduak, jabetza oinarri dela, eraikuntzaenpresei eta bankuei egin die mesede; alokairu publikorako eraikinak ez dira behar bezala finantziatu, eta espekulazioari ez zaio galgarik jarri. “Alokairu babestua EAEn % 2,6 eta Nafarroan % 2 baino ez da, eta Europan % 6,5. Maila horretara iristeko Hego Euskal Herriak 58.000 bizileku gehiago behar ditu”, esan du Lakuntzak.

ELAko idazkari nagusiak salatu du Pradalesen eta Chiviteren gobernuek, batez ere, eta, neurri txikiagoan, aldundiek eta udalek eskumen zabalak dituztela espekulazioari aurre egiteko eta etxebizitzarako eskubidea bermatzeko. Testuinguru horretan, azaroaren 11ko greba orokorraren garrantzia nabarmendu du, etxebizitza politikak errotik aldatzea eskatzeko. Egungo ereduaren aurrean Leire Gallegok hainbat neurri azaldu ditu espekulazioa amaiarazteko eta bizilekua izateko eskubidea ziurtatzeko. Hauek dira proposamenak:

• Bizitzeko alternatibarik gabeko etxegabetzeak debekatu.

• Higiezinekin egiten den espekulazioa galarazi: Inbertsio-funtsei eta espekulazio sozietateei ez zaie utzi behar etxebizitzarik eta eraikitzeko lursailik erosten; xede soziala betetzen ez duten funtsen etxebizitzak desjabetu behar dira.

• Banku publikoa sortu, betiko bankuen negozioari eta abusuari amaiera emateko.

• Alokairuaren prezioen interbentzioa: Hego Euskal Herri guztira hedatu behar dira tentsiopeko guneak; prezioak apaltzeko indize propioak ezarri, eta alokairu-kontratu mugagabeak edo iraupen luzekoak zabaldu.

• Alokairuko parke publikoa handitu: Etxebizitzako inbertsio publikoa epe laburrean BPGaren % 1eraino handitu; mailaka % 2raino igo, eraikuntza eta kudeaketa publikoa lehenetsiz, sustatzaile pribatuekiko menpekotasuna amai dadin.

• Etxebizitzaren fiskalitatea aldatu: Jabeentzako hobari fiskalak kendu eta jabe handien sarreren gaineko zerga handiagoak ezarri.

• Etxebizitza marko propiorantz jo: Eskuduntza integrala galdatu behar da hainbat alorretako araugintza hemen egiteko (alokairua, jabetza, finantziazioa, etxebizitzaren xede soziala eta etxegabetzeen kontrako babesa).