Europa, quo vadis?

2017/04/04
Grezia.jpg
60 urte bete berri dira Erromako Ituna sinatu zenetik, Europar Batasunaren oinarriak jarri zituen ituna. Europar Batasuna bere jatorrian –II. Mundu Gerra ostean kokatua–, bakea, berreraikuntza eta eredu sozial bat eszenifikatzen zuen proiektua izan zen, I. Mundu Gerraren ostean egindako akatsak ekidin nahi zituena.

Laura Gonzalez de TxabarriLaura Gonzalez de Txabarri, nazioarteko harremanetarako arduraduna (artikulua Astekaria 521en argitaratu da)

Egoera berezi hartan, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren gertutasunak suposatzen zuen arriskua ere kontutan hartuta, Europar Batasunaren jatorrian egon ziren herrialdeetan klaseen arteko konpromisoa eman zen, paktu soziala deitu izan dena. Honek eredu sozial baten garapena ahalbideratu zuen.

Politika keynesiarren bitartez, garai hartako hazkundeak sortutako aberastasuna ordurarte ez bezala banatu zen –langile klaseari zati handiago bat iritsi zitzaion– eta ongizate estatuaren oinarriak ezarri eta garatu ziren, bereziki eskandinaviar herrialdeetan eta Europa Mendebaldeko herrialdeetan. Enplegu maila altuak, soldaten gorakadak, gizarte segurantzak, zerbitzu publikoak... Bizi eta lan baldintzak asko hobetu zituzten herrialde haietan, ordurarte ezagutu ez zen bezala. Hala ere, esan beharra dago Europako beste herrialde batzuetan eredu sozial hau ez zela inoiz garatzera iritsi (Espainiar Estatua, Portugal, Grezia...).

Hasierako eduki sozial hori guztiz alde batera utzi zen 70 hamarkadan, indar ekonomiko eta politikoek klaseen arteko konpromiso hori hautsi zutenean.

Testuinguru honetan sortu zen Europar Batasuna, baina esan behar da hasiera hasieratik, edozein eduki sozialen gainetik, merkatuko askatasunak jarri zirela proiektuaren oinarrian.

Politika neoliberalak ezartzeko tresna

Denborak ematen duen ikuspegiarekin, begi-bistakoa da Europar Batasuna politika neoliberalak ezartzeko tresna bilakatu dela; austeritate politikak, pribatizazioak, langabezi gero eta altuagoa, aberastasunaren banaketa gero eta injustuagoa... Hasierako eduki sozial hori guztiz alde batera utzi zen 70 hamarkadan, indar ekonomiko eta politikoek klaseen arteko konpromiso hori hautsi zutenean.

Gizarteari eta herriei bizkarra emanda eraikitzen joan den proiektu antidemokratiko bat da gaur egungo Europar Batasuna. Gobernuek diseinu gero eta korapilatsuagoak egin dituzte herritarrei galtzak estutu behar direla eskatzeko eta politika neoliberalak ezartzea beste irtenbiderik ez dagoela sinestarazteko: hitzarmen fiskala, gobernantza ekonomikoa, bankuen batasuna, Europako Banku Zentralaren programak... Hortik kanpo zigorra besterik ez dago. Arkitektura egokia sortu dute bestelako politikak ezartzeko asmotan diren gobernuei zigorrak ezartzeko. Arkitektura horren diseinua, erabat antisoziala izateaz gain, antidemokratikoa ere bada, hutsaldu egiten baititu herritarren borondatea eta eztabaida.

Arkitektura egokia sortu dute bestelako politikak ezartzeko asmotan diren gobernuei zigorrak ezartzeko

Greziako adibidea

Azken urte hauetan gertatutakoari begira, adibide hauek ez dute zalantzarik uzten: egindako erreformen norabidea, Grezian eta Greziarekin gertatutakoa, eskuin muturreko alderdien hedapena, giza eskubide oinarrizkoak gutxiestea –migratzaile eta errefuxiatuen egoerak gordin azaleratzen du hori–, Brexitaren inguruan gertatutakoa...

Grezia da Europa gaur egun zer den erakusten duen adibiderik garbiena. Hautatutako gobernuak aldaketa sozialerako programa zuen buruan. Xantaia-testuinguru batean (bankuen itxiera, likideziaren muga…) eginiko erreferendumean ezezkoak irabazi zuen. Baina Europari bost axola horrek guztiak, Greziako herria modu lazgarrian pobretu zuten politikak ezartzen jarraitzeko eskatu baitzuen.

Eliteentzako proiektua

Sozialdemokraziak printzipio neoliberalei jarraitu die, eta, horren ondorioz, eskuin muturrak eremu zabala aurkitu du aurrera egiteko, jarrera xenofoboak, askatasun eta eskubideak murriztearen aldekoak eta sistemaren aurkako jarrerak konbinatuz

Gero eta gehiago eliteentzat pentsatutako proiektu bat da, ez pertsonentzat. Orduan, galdera honakoa da: norantz joan behar du orain Europak? Eraikuntza instituzionala eta politikak errotik aldatu behar dira, eta horretarako mobilizazio soziala ezinbestekoa da. Politiken aldaketa eskatzeko gizartea ez bada sendo antolatzen eta mobilizatzen nekez lortuko da aldaketarik. Botere ekonomiko, finantzario eta mediatikoak aldaketa horren aurka egingo du eskura dituen indar eta bitarteko guztiak baliatuz, eta asko ditu. Beharrezkoa da gizartea indartzea, botere soziala eratzea, aldaketaren alde.

Demokrazia indartu beharra dago

Langileen zati handi bat Europar Batasunarekiko kritiko edota kontrako bilakatu izanaren arrazoiak azaltzeko, Brexitarekin ikusi den bezala, immigrazioarekiko beldurra edota arbuioa aipatzen dira. Dudarik gabe, immigrazioak eragin handia izango zuen. Alabaina, Europar Batasunekiko jarrera kritikoa neurri handi batean, Europa gero eta antidemokratikoago eta ilunago izatearen ondorioa da. Immigrazioaren mehatxua haizatzen jarraitzeak inplosio nahasi baten arriskua baino ez dakar, eta ezin da jakin horrek zein ondorio ekar dezakeen.

Eskuin muturreko alderdiek Europar Batasuneko herrialde gehienetan izan duten goraldia ere hortik etorri da; hamar estatutan jada alderdi bozkatuena eskuin muturrekoa da.

Sozialdemokraziak printzipio neoliberalei jarraitu die, eta, horren ondorioz, eskuin muturrak eremu zabala aurkitu du aurrera egiteko, jarrera xenofoboak, askatasun eta eskubideak murriztearen aldekoak eta sistemaren aurkako jarrerak konbinatuz. Hala, muturreko eskuina indar erakargarria bihurtu da sozialdemokraziak ezarritako politiken ondorioak jasaten dituztenentzat. Zenbait esparrutan, globalizazioaren galtzailetzat hartu izan dira pertsona horiek. Fenomeno hau ez da berria Europan; izan ere, ez da ahaztu behar aurreko mendean faxismoek izan zuten goraldia.

Derrigor derrigorrezkoa da, beraz, eredu hau eta politika hauek errotik aldatzea; demokrazia indartuz eta politika ekonomikoak goitik behera aldatuz, aliantza zabal eta mobilizazio sozialaren bitartez.