Euskal Hirigune Elkargoaren ondoren zer? Lyongo Metropoliaren adibidea

Elkarrizketa hau Enbatan argitaratu da
Enbata : Zeintzuk izan dira Lyongo metropolia sortzeko aipatu diren argudio nagusiak?
Benjamin Badouard: 2000ko hamarkadaren erdialdean, nahierako deszentralizazio moduko baten ideia zegoen. Txosten batzuek defendatzen zuten udalen arteko lankidetza erakunde publikoek (EPCI) bat egin behar zutela departamenduekin, eta Europa mailako hainbat metropoli sortu behar zirela. Beraz, kontu erakargarria zen, nazio eta nazioarteko lehiari buruz, baina baita tokiko politika publikoen koherentziari buruz ere.
Izan ere, 2010ean sinatu zen SCOT (lurralde-koherentziarako eskema) hark lehenesten zuen garapen ekonomikoa, eremu erakargarria izatea, nazioarteko lehia.
Nola bizi izan du estatus aldaketa hori Rodanoko departamenduak (2015eko urtarrilaren 1etik aurrera Lyongo metropolitik at dagoen lurraldeak osatzen du departamendua)?
Lyongo metropoliaren sorrera sustatu zuen Gérard Collomb-ek, Grand Lyon zaharraren presidenteak, baina baita Michel Mercierrek ere, Rodanoko lehengo departamendu handiaren buruak. Departamenduak bultza zuen bilakaera instituzional hau, eta horrek trantsizioa erraztu zuen. Litekeena da ere departamenduaren mailegu toxikoek, metropoli berriak bere gain hartu zituenak, erabakia hartzera bultza izana. Egun bien arteko harremanak onak dira. Metropoliarekiko menpekotasun handia du oraindik Rodano Berriko departamenduak (esaterako, departamenduaren egoitza Lyonen dago), baina alderantziz ere bai, eta harreman hau oso positiboa da, adibidez nekazariei dei egiten diegunean gure jantokiak hornitzeko.
Zeintzuk dira egungo instituzioaren abantaila nagusiak lehengo formatuaren aldean?
Berritasun hau zinezko iraultza izan da tokiko eremu politikoan. Legea 2014ko urtarrilean bozkatu zen eta 2015eko urtarrilaren 1ean tokiko erakunde berri bat sortu zen. Azkar egin zen eta EPCI eta departamenduaren arteko bat-egitea ez zen erraza izan zerbitzuetan.
Lege honetan hiru berritasun nagusi hauteman ditut.
Lehena, noski, hiri-komunitateak eta departamenduak bat egitea da. Honek maila politikoan argitasuna dakar, eta batik bat sinergia handiagoa erabakiak aplikatzerakoan. Dagoeneko ez da denbora galtzen bi erakundeen artean, eta dena leku beretik gidatzen denez, lankidetza errazagoa da.
Bigarren berritasuna: Zuzeneko sufragio unibertsal bidezko hautaketa. Hautetsi guztiak ez dute zertan herriko etxeetakoak izan (ni, esaterako, hautetsi metropolitanoa naiz). Nolabait ere logikoa da zuzeneko sufragio unibertsal bidez hautatzea, erakundeak dituen eskuduntzak eta aurrekontua ikusirik.
Hirugarren berritasuna bigarrenaren ondorio da: herriko etxe guztiek ez dute ordezkari bana metropoliko Kontseiluan. Ordezkaritza geografikoa da, barrutien araberakoa. Ordezkaritzan lurralde-oreka dago, edonon bizita ere. Hau lurraldeen berdintasunerako ona da; haatik, ulertzeko zailagoa da auzapez batzuentzat, Kontseiluko kide eta tokiko politika batzuetatik aldendu dituztela senti baitezakete. Jakina, kontua da jende hau ahalik gehien inplikatzea gai batek haien lurraldeei eragiten dienean.
Erakunde honetan nola bermatzen da hautetsien eta herrikideen arteko hurbiltasuna, auzapez edo herriko etxe guztiak ordezkatuta ez direlarik? Nola gauzatzen da herriko etxeen eta metropoliaren arteko erlazio hori?
Egun hautetsi metropolitano gehienak herriko etxeetako hautetsi dira halaber; honek errazagoa egiten du biztanleekiko harremana; izan ere, esan beharra dago oraindik ere pentsamolde bat nagusi dela: Arazo bat sortzen denean errua auzapezarena da! Beti izaten da lehen lerroan; horregatik, lan handia dago biztanleei eskuduntzen banaketa zein den azaltzeko (arazoa antzekoa da ere eskualde mailako politiketan). Baina lanean ari gara eta piskanaka metropoliko erakundea ezkutuan egotearen arazoa konpontzen ari da.
Aitzitik, herriko etxe bakoitzak ez du bere hautetsi metropolitanoa! Biztanleentzat zenbait kasutan ordezkariengana iristeko aukera ez da hain erraza. Harreman berri bat idatzi behar da; baita azaldu ere.
Hurbiltasuna ez da erraza, baina politika publikoak azalduz lortuko da, eskuduntzen banaketari esker, komunikazioa landuz (aldizkari metropolitanoa, sare sozialak, hedabideak…), akordio eta bilera publikoak eginez, etab. Bitarteko hauek guztiak honez gero ezagunak dira, baina “metropoli marka” ezartzeko garatzen ditugu ahal den heinean.
Gero hautetsi eta talde politiko bakoitzak eraiki behar du biztanleekiko harremana, topaketa espezifikoak eginez, edo merkatuetara joaz, internetez, etab.
Zertan lagundu du eskuduntza interkomunalak eta departamentalak biltzeak eremu ekonomiko eta sozialean, mugikortasun alternatiboan, ekologian edo solidaritatean proiektu berriak bultzatzeko?
Lehenago esan dudan moduan erakunde berri honek benetako interesa du politika publikoak nola gauzatzen diren. Eta horixe da hautetsien helburua: herritarrei proposatzea bizimodua errazteko zerbitzu edo antolaketak, hobeto bizitzeko aukera emango dietenak. Hain zuzen, formatu berri honek hori lortzeko tresnak dakartza.
Bat-egiteak eragin du politiken aplikazioan kohesio orokorra lortzea. Horrela ez da denborarik galtzen zerbitzuen artean edota EPCIko eta departamenduko hautetsien artean (honek ez du esan nahi oposizioa txikiagoa denik, ez eta oreka politikoa ere).
Lyongo metropolian erabaki politiko bat hartu dugu, gure EPCIko eskuduntza ugarien zati bat departamenduaren eskuduntzetara eramatea, ekintza sozialak garbiago garatzeko.
Erosotasuna eta hautu politikoa medio esango nuke horrek aukera eman digula pertsonen eta hiri-eremuaren arteko lotura errazteko, batik bat bizilekuen kudeaketan eta egoera prekarioan dagoen jendea laguntzeko. Zehazki, adibidez “Tiny House” direlakoak instalatu ditugu hiru urte arteko haurrak dituzten ama ezkongabeentzat, edota bakarrik diren gazteentzat (departamenduaren eskuduntzak), higiezinak eskuratzeko erraztasunei esker, batik bat aldi baterako hirigintzan (EPCIren eskuduntza).
Beste eremu batean errazagoa gertatzen da ekonomia eta gizarteratzearen arteko zubigintza. Adibidez, EPCI eskuduntzen ondorioz egunero ari gara lurraldeko enpresekin lanean; hauek harremanetan jartzen ditugu RSA1 jasotzen duen jendearekin, prestakuntza, ikastaro edo lanpostu bila dabilenean. Halaber, FreeVelov direlakoak ere sortu ditugu: Bizikleta zaharrak berreskuratu, gizarteratze fasean dagoen jendeak zaharberritzen ditu eta gazteen esku jartzen ditugu, hainbat arlo landuz: gizarteratzea, mugikortasuna, soziala, ekologia, ekonomia zirkularra…
Zehatzago, tokian tokiko politikak aplikatzean hautetsietatik haratago aukera ematen digu zerbitzuak lurraldean izateak osagarriagoa izateko eta politikak hobeki aplikatzeko.
Aitzitik, eskualdeko TER trenbide zerbitzua Auvergne Rhône-Alpes eskualdeak kudeatzen duelarik, ez daukagu haren gaineko inolako kontrolik, eta hori oztopo bat da hainbat eremutan: tokiko mugikortasun politiken sinergia handiagoa iristeko, garraio-karta bakarra sortzeko, garraio ordutegi eta ahalmen koherenteak izateko, etab.
Euskal Herrian instituzionalizazio prozesua behetik gora egin da. Batetik herritarren mobilizazioari esker eta bestetik Hirigune Elkargoan herriko etxeen eskuduntzak eta konpetentzia interkomunalak bildu direlako. Kanpotik begiratuta zer deritzozu herri-dinamika honi (manifestazioak, sinadura bilketak, batzar publikoak, kontsultak…), Euskal Herrian instituzionalizazio prozesua areago garatu nahi duena?
Noski, hori da egiteko modurik egokiena! Hemen, Lyonen, oposizioko hautetsiek (baita bere garaiko gutxiengoak, ekologistek) Metropolia sortzeko asmoaren berri prentsaren bidez ezagutu zuten. Hori ez da inola ere demokratikoa. Askorentzat inposizio bat izan zen, nahiz oposizioan egon ala gehiengoan.
Edozein dela ere gaia, errazagoa ez izanagatik eta denbora eskatzen badu ere, behetik gora jotzea epe luzean beti eragingarriagoa da, oinarritik abiatzen bada, lurraldean errotuta badago, hau da, gizartean sustraiak baditu.
Etorkizuneko erronkei erantzuteko marko instituzionala definitzeko lanean ari diren Ipar Euskal Herriko herritarrei (hautetsiei eta gainerakoei) zer gomendatuko zenieke?
Aurreko galderaren jarraipena egingo dut. Eremu asoziatibotik nator, eta kausak aitzinarazteko oso ongi deritzet sinadura bilketei, manifestazioei zein batzar publikoei. Erronka da masak horren alde jartzea. Nire eskarmentuaren arabera bi ildo landu behar dira, hedabideetako diskurtsoa eta hautetsiekiko lana; horrek dakar arrakasta. Eta nik uste dut Euskal Herrian badakizuela hori egiten; hala erakutsi du Bizik, adibidez. .