"Euskarak ez badu hobeto bizitzeko balio, kaixo eta adio"
Joxerra Garziak "Euskara sindikatuaren erdigunera ekarri. Hizkuntza eskubideen alde borroka sindikala indartu" mahai inguruan emandako hitzaldia: Euskara nora eta nola?
Euskara bidegurutzean dago, baina mugitzen hasi aurretik nora joan erabaki behar da. Estrategia falta dago. HIztun kopuru handiagoa dago, baina erabilera ez da handitu. Kantitatetik kalitatera pasatzeko ordua da. Kalitatea ez da zuzentasuna, baizik eta euskara arlo informalean gustura eta eroso erabiltzeko moduko hizkuntza bihurtzea berriro.
Hizkuntza aizkora bezala epaitu behar da, Mitxelenak zioen moduan. Mozteko balio badu ongi, bestela gaizki
"Erabilera eta ezagutzaren arteko amildegia gaindituko badugu, gure euskararen fokoa zuzen eta txukun idaztetik modu eraginkorrean idaztera pasa behar dugu. Hizkuntza aizkora bezala epaitu behar da, Mitxelenak zioen moduan. Mozteko balio badu ongi, bestela gaizki. Hizkuntzak ez badio hiztunari balio hobeto bizitzeko, aurki esango dio kaixo eta adio."
"Duela 50 urte euskarak balio zigun zafarrantxorako, ez zigun balio fisika nuklearra ikasteko. Ez dakit ez ote gauden justu beste aldean. Tontolapikotik gorako irainik esateko balio ez badu euskarak, jai daukagu." Hedabide eta hezkuntzak zuzentasunetik, zintzaizkidakezu, diezazkidazue horietan zentratzetik, kalitatera egin behar dute jauzi, eremu informaletan modu natural eta erosoan hitz egiteko hizkuntza (ber)bihurtzea da gakoa.