EuskoKarta: Eusko tokiko moneta elektronikoa abian

2017/03/20
EuskoKarta.jpg
Martxoaren 19tik goiti Euskoa, billeteak, konduak online eta EuskoKarta ordainketa txartela batuko dituen Estatu frantseseko lehenengo tokiko moneta osagarria izango da. EuskoKartarekin, Euskal Herri euskaldun, ekologista eta solidario baten aldeko euskal moneta eskalaz aldatuko da.

Xabier HarlouchetXabier Harlouchet, Manu Robles-Arangiz Fundazioa (artikulu hau Landeian argitaratu da)

Euskoa elektronikoa bilakatuko da, eta, horri esker, Euskal Monetako kide orok, interneten Eusko kondu bat dohan irekitzeko aukera izango du. Gasturik gabeko kondu hori Euskal Moneta elkarteak kudeatuko du osoki. Norberak bere ordenagailu edo smartphonaren bidez konduan dirua sartzen ahalko du biramendu sinple bat eginez, eta, ordainketak egiteko txartel bat izango du: EuskoKarta. EuskoKartari esker erosketak egiten ahalko dira Euskal Monetaren sarean diren saltegietan. Orain arte bezala eusko billeteek zirkulazioan jarraituko dute, eta, diru ateratzeak egiten ahalko dira EukoKartarekin Euskal Monetak gaur egun dituen 31 aldaguneetan.

Txarte elektronikoak Euskoaren erabilpena errazten du denentzat, bai profesionalentzat eta baita erabiltzaileentzat ere, elkarren arteko ordainketak biramenduz egiten ahalko baitituzte. Saltzaile, enpresa eta hornitzaile berriak sarean sartzen ahalko dira ere: txartel elektronikoarekin, Euskoak hozka batez gora eginen du. Hori guztia, bistan dena, ekonomia birtokiratzeko, kontsumo era ekologikoagoak eta sozialagoak bultzatzeko, eta, euskararen erabilpen publikoa sustatzeko…

Txartel elektronikoarekin, Euskoak hozka batez gora eginen du, ekonomia birtokiratzeko, kontsumo era ekologikoagoak eta sozialagoak bultzatzeko, eta, euskararen erabilpen publikoa sustatzeko…

Hortaratzeko, lan tekniko eta juridiko gotor bat egina izan da, baina, oraindik bada egiteko etapa berri hau behar bezala gainditzeko. 2013ko urtarrilaren 31n, ehunka lagun bazkidetu ziren Eusko proiektua arrakastatsua eginez. EuskoKartaren abiatzearekin, berriz ere, esperientzia hori bizitzeko parada eskainia da herritarrei.

Lehen Eusko Eguna

Martxoaren 19an, igandearekin, Baionako Glain elkartetxean, lehen Eusko Eguna iraganen da. Artisauen eta laborarien merkatua, pailazo ikusgarria gazteenentzat, pintxo leihaketa, hitzaldi publikoa, bazkari herrikoia, kontzertua… Besta handi baten osagai guziak hor izanen dira EuskoKartaren abiatzea ospatzeko.

Euskal Monetak bi urte daramazki proiektu hori gauzatzen. Lan juridiko eta administratibo sendo bat eraman behar izan da, eta, baita beharrezkoak ziren tresna informatikoak garatu. Elkarteak helburu nagusi hau lortu behar du martxoaren 19rako: 30.000 euro bildu crowdfundingaren bidez EuskoKartaren proiekturako materialaren zati bat finantziatzeko: txartelak eta ordainketarako terminalak.

Eusko Eguna500 eusko numeriko kontuak ireki. Eusko konduaren irekitzea eskatuz, lagun eta ezagunak ere konduak irekitzerat animatuz, proiektuan lanean diharduten ehundaka laguntzaileei elkartuz, crowfundingean parte hartuz… edo, sinpleki, Eusko Egunera, martxoaren 19an Baionan izango den Euskokartaren abiatzearen besta handira etorriz herritar guziek Euskoa eskalaz aldatzen laguntzen ahalko dute!

Euskoa, tokiko moneta bat da lurralde jakin batean soilik baliatzen ahal baita, –Ipar Euskal Herria– eta, zuzenean tokiko bizilagunek kudeatzen baitute. Moneta osagarri bat da ez baitu moneta ofiziala ordezkatzen, kasu honetan euroa. Euskoa ez da soilik ordainbide bat, ekintzarako bide bat da ere bai eta bereziki.

4. urtemuga ospatu duen Euskoa :

- 3.000 erabiltzailerentzat tokiko ekoizpenak eta hurbileko salguneak lehenesteko tresna da.
- 660 enpresa, saltegi eta elkartetan onartua da.
- 548.000 euskoren bidez zirkulazioan da Iparraldean.
- 317 saltegitan elebiduntasuna indartzeko tresna da.
- Beste ainitz onuraren iturri da lurraldean…